kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Poesia kaiera / Federico Garcia Lorca (Juan Luis Zabala) / Susa, 2022

Poeta hilezkorra Nagore Fernandez / Berria, 2023-01-08

Aurkezpenik behar ez duen idazlea dugu Federico Garcia Lorca, bai erdal literatur sistemetan, baita geurean ere. Izan ere, hainbatek euskaratu dute haren lana, eta aspalditik, gainera. Horren erakusle dira Lauaxeta eta Gandiaga idazle klasikoak, bai eta Harkaitz Cano eta Hedoi Etxarte sortzaile garaikideagoak ere. 1985ean argitaratu zioten Gabriel Arestiri Lorcak galegoz idatzi zuen poesiaren itzulpena; 2003an atera zen Juan Luis Zabalak euskarara ekarritako idazle beraren Poeta New Yorken obra entzutetsua. Aspaldi zendu z(ut)en Lorca, baina, halako adibideek erakusten digute bere ekoizpena bizirik egon dela gurean, eta oraindik ez dela guztiz agortu, oraintsu argitaratu baitu Susa etxeko Munduko Poesia Kaierak Juan Luis Zabalak berak euskarara ekarritako Lorcaren poesia, beste behin. Oraingoan, baina, hizpide dugun poetaren obra osoari begiratu diote, eta bere bizitzan zehar idatzitako konposizio gogoangarrienak bildu liburuan. Lorcaren euskarazko antologia poetikoa ere izan daiteke, hortaz, Zabalak itzuli berri duen olerkigintza.

Poemak ez dira liburuka antolatu, guztiak batera baizik, denek poema-liburu bera osatuko balute bezala. Dena den, irakurtzearekin batera, segituan ohartuko da irakurlea ez direla obra bereko konposizioak, forma, edukia eta metrika ere oso bestelakoak baitituzte, batez ere Romancero gitano lanetik Poeta New Yorken-era. Irakurleak aurkituko dituen lehen olerkiak aipatu dugun Romancero gitano lanekoak dira, metrikak berak salatzen duenez. Eta ez bakarrik metrikak, zilar koloreko ilargiek, zaldiek, ijitoek, euren arerio diren guardia zibilek eta epanadiplosiaren adibide gorenek ere obra horri begira jartzen gaituzte. Askoz ere gutxiago diren arren, Canciones laneko pare bat olerkik ere badute lekurik euskal antologian, eta ondotik datoz Poeta New Yorken-eko poema gogoangarriak. Saltoa, baina, nabaria da, metrika libre eta askeago bat ez ezik, paisaia aldatu eta hiri estatubatuarreko kale zein klase baztertuagoak baitira protagonistak azken liburu horretako olerkietan. Lantua Ignacio Sanchez Mejiasengatik obrako elegiak ere ez dira falta bilduman, ezta galegoz idatzitakorik edo hilondoko argitalpenik ere, hala nola Amodio desesperatuaren gazela olerkia.

“La noche no quiere venir para que tú no vengas, ni yo pueda ir. Ni la noche ni el día quieren venir para que por ti muera, y tu mueras por mí”, abesten zuen Urtz euskal musika taldeak Boulevardeko erlojua abesti elebidunean; Lorcaren Amodio desesperatuaren gazela olerkiko lehen eta azken estrofak, hain zuzen. Goian aipatu dut hizpide dugun poeta euskal literaturan ere badela nor, baina esango nuke urrunago heltzen direla bere lanaren erroak, euskal kulturan ere, han-hemenka, aurki daiteke-eta bere errepresentaziorik. Gustavo Adolfo Becquerrek behin idatzi zuen bezala, agian ez da poetarik egongo, baina beti egongo da poesia. Becquerren hitzok Lorcaren lanaren deskribapen (aurreratu) bat izan zitezkeen, literatur terminologian, prolepsia moduko bat.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak