« Idi adarmotza | Izenak ez du beti izana adierazten »
Feminismoa denon kontua da / Bell Hooks (Amaia Apalauza) / Katakrak, 2018
Denontzako Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2022-09-18
Gaur aurkeztuko dizuedan liburua bell hooks-ek idatzi zituen hamarnaka liburuetatik bat da, Feminismoa denon kontua da.
Politika pasio. Pentsatuko duzue akats ortografiko bat egin berri dudala goiko lerrootan eta, gainera, ez dela bereziki feminista autorearen izena letra txikiz idaztea. Hautu bi egin zituen berak: bere amonaren izena hartzea, batetik, eta berarengandik bereizteko eta esaten zuenari —eta ez bere buruari— garrantzia emateko minuskulak erabiltzea, bestetik. Apaltasun lezio bat.
Aurkibidea irakurrita nahikoa da ukitzen dituen gaiak ugari direla jakiteko. Askotarikoak eta interesgarriak dira: “Ba, betikoak!”, esango duzue batzuek, “aspertu gara teoria feministaz”. Bada, bai, betiko gaiak badaude —kontzientzia, ahizpatasuna, heziketa, gorputza eta ugalketa eskubideak, edertasuna…—. Baina badaude hain ohikoak ez diren gaiak ere —indarkeria deuseztatzea, maskulinitate feminista, lesbianismoa eta feminismoa, espiritualtasun feminista eta abar—. Klaseak eta arrazak gurutzatutako autoreak ez dio horri ere muzin egiten. Gurean erreferente ezagunena Angela Davis bada ere, hooksek egindako ekarpena kontuan hartzekoa da, bizia, interpelatzailea eta kritikoa delako.
Feminismoa denon kontua den heinean denondako liburua egin nahi izan zuen hooksek. Hasi nahi duenarentzat baditu bertuteak: feminismoaren historia baliatzen du gaiak kokatu eta gertatu zena testuinguruan jarriz. Bere biziesperientzian oinarritzen du ibilbidea, kontatzen duen une historikoa bizi izan zuelako. Estiloari dagokionez, zuzena eta argia da, endredorik gabekoa. Baina feminismoaz asko dakienak ere topatuko du planteamendu berririk eta ikasteko lerrorik. Deserosoa suerta daiteke ez baitu merchandisingaren feminismorik erakusten, hautu politiko sakon baten moduan planteatzen baitu, eta sendo ditugun zutabe batzuk arrakalatu baititzake.
Gustura irakurrita ere, geldotasuna eskatzen du. Zer hausnartu eta zer pentsatua ematen duelako. Bere erritmoa eta tempoa ematea komeni da irakurraldia gozatu ahal izateko.
Katakrakek argitaratu zuen 2018an: une aproposa izan zen, mugimendu feministaren eztanda garaia zen eta euskal literaturan hainbat lan feminista sortzen eta beste hainbat klasiko itzultzen hasiak ginen. 2021ean zendu zen hooks, baina 30 liburu baino gehiago idatzi zituen. Badugu non murgildu.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez