« Gaixotasunak eta beste | Ibili-ibilian »
Sastraka / Askoren artean / Erein, 2022
Sastraka: toki hutsera bidea Jon Kortazar / El Correo, 2022-05-28
Luxuzko liburuen urre aroa izan zen aspaldi gure bizitzan, bai. Hazkunde ekonomikoak, kultura nahiak eta euskal nortasuna indartzeko gogoak, hirurek batera, ekarri zuten liburu ederren aroa gure artera.
Bizkar ederra ageri zuten liburuak modu bitakoak ziren, entziklopediak edo publizitatezkoak. Aldez aurretik, eta eskola ahul baten hutsuneak bete nahirik edo, gure haurtzaroko etxeetan entziklopediak pixkanaka agertzen ari ziren. Horien modura eduki genituen La Gran Enciclopedia Vascak atera zituen bilduma sortak. Nork ez ditu ikusi gure etxeetan Aita Barandiaranen “Lan Guztiak” erreskadan, bere kolore marroiak apala argiztatuz?
Pixka bat geroago heldu ziren Laboral Kutxako liburu apain, eder eta irudiz beteak. Hor bi ziren bideak. Batzuek dantzari, poxpolin, erremulari eta baserri argazkien bidez euskal identitatearen irudi ezti bezain argia eman nahi zuten. Besteek, Joan Mari Torrealdairi egindako argitalpenek, berriz, literatura eta nazioaren arteko lotura indartu zuten.
Pello Lizarralderen asmoa
Liburuaren demokratizazioak galdu egin zuen euskal liburu handikien eta nobleen aroa. Baina, hara non eta ikuspegia guztiz desberdina delarik, Erein etxeak Pello Lizarralderen “Sastraka” ipuina oinarri duen proiektu kulturala argitaratu duen, berriro liburu mardulak esku artera ekarriz.
Pello Lizarraldek berak kontatzen du nola gauzatu zen ibilbidea. Hasieran idazleak eta José Ignacio Agorretak elkarrekin zerbait egin nahi zutela eta hark ipuina idatzi eta bigarrenak pinturak egin zituen.
Arteen arteko elkarrizketen oinarri
Gerora, Imanol Ubedarengana hurbildu ziren. Eta literatura eta pintura zen material hura abesti bihurtu zuen musikariak, hamabi abesti eder sortuz ipuinean ageri diren esaldi mamitsuetan oinarrituz. Bukatzeko, Imanol Royo zinemagilea (iragan astean ezagutu nuen Iruñean) gurutzatu zen bidean, eta ipuinaren inguruan filma sortu ordez, argazki bilduma narratiboa egin zuen.
Laurok proiektua erakusketen eta kontzertuen bidez zabaltzeko asmoa dute, baina artean, liburu bihurtu dute asmakizun eta bidezidor hori, asmoz eta eginkizunez, liburu potoloetatik urrunduz.
Izadia eta hondakina
Oinarri-oinarrian, zutabe nagusi gisa, Pello Lizarralderen literaturan usu nagusia den idazte moldean osaturiko “Sastraka” ipuina dago. Idazleak maite duen moduan, ibilbidea, bidaia da hari narratibo fina: iraganean eta oroimenean dagoen etxe baten bila abiatu da pertsonaia narratzailea gaurko hiri egoeratik irten eta guztiz galdurik dagoen etxe huts eta hits horren bila. Horrez gain, bidean ikusi eta sentitzen dituen sentipenen deskribapen xumea darabil idazleak, ibilbidea bizipenez osatu arte. Askotan iruditu zait Lizarralde dela “Nouveau Roman”en ikuspegi teknika osoen darabilen gure idazlea, baina frantsesek hoztasunez zerabilten ikuspegian berak sentipenen bilketa bilatu du. Deskribapena lirikotasunez osatu du beti bere literatura.
Javier Rojok, idazlearen kritiko maisu eta irakurle porrokatuak, horrela adierazi zuen Pello Lizarralderen literatura: “Momentu oro hitz egokia erabiltzeko ahalmena du eta xehetasun horien artean sentsazioei dagozkienak lehenengo plano batean agertzen dira, halako moduan non gai baita irakurleak sentsazio sare horretan murgilarazteko”.
Ipuinean egindako ibilbideagatik, beharbada, testua niri, amonarik gabeko eta etorkizunik gabeko Lizardiren “Asaba zaharren baratza” berri bat iruditu zait. Protagonista poetikoak bide bat egin du oroimenean zehar, hutsarekin eta baratzarekin, sastrakarekin topo egiteko. “Oro laino mehe batek” ukitua da testuan, José Ignacio Agorretaren pinturetan ageri den moduan. Dena dago nostalgiak jota.
Eta Pello Lizarralderen hizkera poetiko ederrean esaldiak josirik geratzen dira irakurlearen memorian. Hala nola hasierakoa eta bukaerakoa: “Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik” eta “Galdera bat gainerako guztiak itotzen dituena eta ibilian baino ez da aienatzen”. Ipuinaren ibilbide poetikoaren zein bizi-minaren laburpena erakusgarri. Idazleak bere ibilbide existentziala eman du maisuki idatzia den ipuinean.
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza