« Pribilegioaren sorgortasuna | Krudelkeriatik tiraka »
17 segundo / Kirmen Uribe / Susa, 2019
Biografia poetikoa Jon Kortazar / El Correo, 2020-03-08
Aspaldi espero genuen eta azkenik heldu da gure eskuetara Kirmen Uriberen bigarren poema liburua. Poetaren biografiaren 17 urte “17 segundo” deituriko liburuan laburtuak, autobiografia poetikoa osatua.
“Bitartean heldu eskutik” zoragarri hartan ez ziren falta poesiari buruzko hausnarketak, eta ugaritu egin dira oraintsu emandako poema liburuan. Hitzaurrean bertan badago jada poesia mugatzeko ahalegina: “Poesia da denbora gelditzea, poesia da begirada, poesia da desagertuko denari arreta jartzea”. Baina jarraitu egin du bere bilakaeran Anne Carson aipatuz: “Benetan axola duena bizian zerbait garrantzitsua egitea da. Eta honek zerikusia du mundu fisikoarekin, gauzak begiratzearekin, elurra eta argia eta atearen usaina eta zure existentzia fenomenologikoa osatzen duten objektu guztiak”.
Objektuen fenomenologiatik norberaren barne munduaren agerpenera, horra bidaia, baina joan-etorri hori ez da bukatzen barne munduak ez badio (iradokizunaren bidez, isiltasunaren bidez) irakurleari argia edo elurra erakutsi arte.
Eta horrela jarraitu du idazleak poesiari buruzko bere ideia emanez 6. atal osoan, “Poesia eta hutsunea” deitu duen horretan. Han irakurri dezakegu: “Poesia atzealdean dagoena da, hondoan ageri den pizti ederra… poesiak ez du errealitatearekin antzekotasunik bilatzen, bestelako errealitateak sortzea da haren helburua, begi bistan ez dagoen hori azaleratzea”.
Poetak jarraitu du ezagutu genion espresio mundua agertzen. Begirada da nagusia, eta beraz, errealitatearekin lotura egiteko joera bizirik dirau Kirmen Uriberen poesian. Beti du xede errealitate hori metafora, sentipen, hunkipen bihurtzea. Bere begirada hori narratiboa da, anekdotari lotua, baina horrez gain, poetaren begiak bilatzen du alde ezkutua, dela komunikazioa (amari eskainitako testuetan) dela inkomunikazioa (“Auzokoa”).
Lehen liburuan gaika osatu zituen atalak poetak. Oraingoan hari kronologikoez eratu ditu liburuaren gorputz zatiak. Batzuetan sorkuntza aroak arautu du poemen egitura (bidaietakoak eta New Yorken kokaturikoak), besteetan garai aipatua da kronologiaren eragilea. Eta horrela arku nagusi batek jarraitu ditu liburuko garaiak: haurtzaroa eta nerabezaroa, kartzelako aroa, helduaroa “Urte Zuriak” deituriko atalean, Japoniara eginiko bidaia, New Yorkeko bizitza, poesiaren gunearen deskribapena, eta berriro itzuleraren arnasa. Poema batzuk lehendik ezagunak genituen. 2013an “Jainko txiki eta jostalari hura” eman zuen CD-liburu gisa, eta nik poema liburua balitz bezala komentatu nuen aldizkariren baten. Eta hango zenbait poema bildu ditu liburu honetan, baina oraingoan konpainia noblean.
Joera kronologiko horrek ez du estali estiloan eta metrikan egin diren ekarpenak: haikuak eta tankak adibidez. Eta esango nuke askatasuna ageri dela aukeretan, baina era berean eskaria ere egin dio irakurleari: jarrai diezaiola egileak jarritako bideari, nahiz eta aldakorra izan, eta noizbait jostalaria (batean baino gehiagotan, bide nabar “Don Juan”en bertsoetan, adibidez).
Nik askoz ere maiteago dut jainko txikia, jostalariaren aurrean. Eta heriotzaren inguruko poemak. Inoiz (61. orrian) joandako Aitzol Aramaio adiskidearen oroimena aipatzen delarik, gogoan hartu ditut poemarik dramatikoenak, hitzaren zentzu bietan, drama pertsonalaren inguruan osatuak, eta dramaren teknikaz, elkarrizketaz eta zu horri hitza zuzenduan, emandakoak.
Hortxe ageri da poema liburu honek indarrik garbiena: gauzen beste aldea, sentitutakoa, irakurlea hunkitu arte zabaltzen denean.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi