kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Epizentroa / Nerea Loiola Pikaza / Erein, 2021

Barneko lurrikarak Paloma Rodriguez-Miñambres / El Correo, 2021-09-17

Haur eta gazte literaturan aritu ondoren, Nerea Loiolak helduentzako literaturarako jauzia egin du “Epizentroa” ipuin liburuarekin. Argi geratzen da lehenengo obra honetan egileak heldutasuna erakusteaz gain, kontagintzaren mekanismoak menderatzen dituela. Izan ere, idazteko estilo eta ahots desberdinak erabiltzen ditu zazpi istorioetan; esaterako, umeen begirada eta hizkera ongi erreproduzitzen ditu “Itsaso zuria” izenekoan; besteetan, kutsu poetikoa sumatzen da eta, oro har, indartsuak eta biziak dira sortzen dituen irudiak.

Liburuko protagonistak emakumezkoak dira, hala nola, ama bat, ahizpa bat, migrante bat, neska gazte bat. Ez daude asebeteta beren bizimoduarekin, ez lanarekin ez bikote edo familia harremanekin; aldaketaren beharraz jabetzen dira, erabakiak hartzeko amildegian kokaturik. Autoreak ongi identifikatzen du giza erlazioen izaera konplexua eta aniztuna, haien arrakalei so, pertsonaiek dituzten argi-ilunak eta kontraesanak aurkezten dituelarik. Kontakizunetan detaile ñimiño bezain esanguratsuak azaleratzen dira eta horietan fintasuna eta arreta erakusten ditu idazleak pertsonaien barrenaren berri emateko.

Maitasuna, zalantzak, sexua edota errealitateak ukatzen dituen desioak harreman horien epizentroan daude, seismo emozionalak eragiten dituztenak. Hain zuzen ere, “Epizentroa” izeneko ipuinean horren erakusgarri dugu: duela gutxi ama izan eta orgasmora heldu ezin den emakume protagonistaren ezinegona, sumindura era xehatuan deskribatzen da, emozioen intentsitatea nola areagotzen den, bere desioek talka egiten baitute familia eta lana bateragarri egiteko ezintasunarekin.

Zalantzarik gabe, Nerea Loiolak begirada zolia eskaintzen digu kontakizunetan. Nahiz eta irakurleok istorio batzuk lortuago edo biribilduago daudelako inpresioa jaso, adi egongo gara idazle honek zer plazaratuko duen etorkizunean.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak