kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Soka / Mikel Gurrea / Susa / EHAZE, 2022

Sokatira Nagore Fernandez / Berria, 2022-06-12

Zinemagintzan bide eta ibilbide oparoa eginak dituen Mikel Gurreak, oraingoan, dramagintzara salto egin, eta Soka, bere lehen antzezlana argitaratu du Susa argitaletxearekin. Dena den, kode idatzian oraintsu argitaratu bada ere, esan daiteke ez dela guztiz antzerki berria, 2017an taularatu baitzen estreinakoz Donostiako Viktoria Eugenia antzokian Tanttaka konpainiak bultzatuta, eta azkena, 2021ean, Zaragozako Teatro de las Esquinas antzokian.

Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktoreak hezurmamituta oholtzaratutako obra honek haurren jazarpena (edo tradizio anglosaxoian bullying-a) du mintzagai, zeinetan izenburua ematen dion objektua, alegia, soka den elementu egituratzaile nagusia. Bi zentzutan gainera: batetik, sokak beregan hartzen dituen adierek obraren adierazkortasuna puzten baitute, sinbolismoz eta hitz jokoz betez: soka da 11 urteko mutikoak bere buruaz beste egiteko aukeratutako tresna, eszena batean sokatiran dabiltza pertsonaiak, sokak izan dezakeen tentsioa iradokitzen dute gertaerek eta ekintzek ere sinbolikoki, besteak beste. Bigarrenik, sokak, eszenatokiko objektu interaktibo bezala ere badu bere pisua, dekoratutzat har daitekeen elementu nagusia baita, han-hemenka agertzen den argiteriarekin batera; atzeko paisaia. Azken erabilera horretan jarri nahiko nuke azpimarra; izan ere, darabilen apaingarri bakarra izanik, antzezlana, atrezzoari dagokionez, minimalismoz janzten baitu. Eta minimalista da, ez bakarrik atzeko oihalari begira, ezpada pertsonaiei eta ahotsei dagokienez ere, aktore bakar batek osatzen baitu zerrenda, eta bakarrizketa da erabilitako baliabide diskurtsibo bakarra. Alabaina, ez da antzezlan sinplea; elementu bakar bat eta ahots nagusi bat aski zaizkio esan eta errepresentatu behar duena adierazteko. Horixe da, nire ustez, obraren lorpen handiena.

Igorren, alegia, protagonistaren karakterizazioak ere badu zer aipatua. Tentsioa bukaeraraino mantentzeko giharra duen thriller psikologiko honek pertsonaia konplexua eta anbiguoa eraiki duela esan daiteke. Zenbait ezaugarritan pertsonaiaren sinesgarritasuna arriskuan jartzen dela iruditu zaidan arren, oro har aktante mamitsua iruditu zait; ikusleari (kasu honetan, irakurleari), distantzia hartu eta istorio bereko bi posizioen berri eman dio, errudunarena, eta, aldi berean, biktimarena. Ona ala txarra izatea perspektiba kontua dela esaten dute, eta nago oraingo honetan autoreak perspektiba horiekin egin nahi izan duela jolas, irakurlearen espektatibak kolokan jartzeraino.

Protagonista ataka larrian jarriko du antzezlanak, hainbeste, non, soka baten gisan, orain mutur batean, gero kontrakoan jartzera eta egotera behartuko duen. Istorioak aurrera egin ahala, bizitzaren soka tenkatuz joango zaio Igorri, eta bi muturrak norgehiagoka arituko zaizkio, sokatiran. Guztiarekin ere, ukitu zinematografikoz jositako antzezlan serioa eskaini digu autoreak bere lehenengo uzta dramatikoan; serioa gai aldetik, baita lanketa literarioan ere.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak