kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Uda betea / Aritz Gorrotxategi / Elkar, 2021

Umotasunaren fruituak Hasier Rekondo / Deia, 2022-05-07

Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975) narratiban eta zutabegintzan saiakera sendoak burutu arren, niretzat, gauza guztien gainetik poeta dugu. Uda betea (Elkar, 2022) azken entrega honekin denboraren igaroak eta ahots landuak, esperientziez eta irakurketez blai, eskaintzen duten sakontasun distiratsua eskaini baitigu poesia-irakurle gosetuoi. “Inork ezin du itsasoa agortu, agortuko gara gu lehenago”. Agortze prozesu horretan, zer hoberik apetazko bidaideekin ibili bidaia ludiko eta existentzialaren aztarnak uztea baino? Liburua arras atsegina baitugu zentzurik zabalenean. Bizitzaren garraztasuna arintze aldera liburu onak, lagunak, laztanak, eta ardoa aukeratzen baititu Gorrotxategik, ba al da aukera hoberik denboraren iraganaren aurrean?

Izan ere, liburu honek badu ahots poetiko horren eta ahots horren atzean dagoen gizakiaren garapenaren testigantza emateko grina. Hortaz, bidaia literarioa, turistikoa eta kulturala, hirurotatik asko baitago poemarioan, arras inportanteak dira Gorrotxategirentzat. ‘Pentsamenduaren Poesia’ delakoaren ingurumarietan bildutako zenbait lagun poetarekin izandako esperientzien zipriztinak agertuko dira, “Batasun mota asko daude, / baina, azkenaldian, / gutxik betetzen naute, / lagunarte honek / bezainbeste”; horrez gain, irakurketen zein artelanen bidez egindako beste lagunarte batek ehunduko ditu poemon hezurdurak: Antonio Machado, Cesare Pavese, Heraklito, Homero, Platon, Rilke, Sophia de Mello, Holan, Chillida, Virgilio, Axular, Camus, etab.

Seigarren poesia liburua du honako hau Gorrotxategik, niretzat gorenena duela zenbait urte kaleratutako Zaldi hustuak (Erein, 2007) izan arren, apika nire poesia apetak gehiago egokitzen direlako liburu haren hermetikotasun esanguratsuarekin, oraingo honetan lerro argia eta fina baliatu ditu donostiarrak. “Sexua aldatu du neguak, / eta uda bihurtu da. / Iragaz ditzagun hildakoak, / eta ardo gorri gisa edan / kendu ziguten guztia: / ez da berriz itzuliko”. Himnoa lehen poema horretan, eta nolabait liburuan zehar, Heraklitoren eta Epikuroren aztarnak nonahi dira, poeta zerbait baldin bada orain dastatzearen aldeko profeta baitugu, jakin dakigun arren poetak ez dituela batere gustuko profetak, gure ingurukoak batez ere. “Bi indarren arteko lehia / iragarri zuen Heraklitok, / aurkarien arteko tentsioa, / borroka etengabea. Aurreraka doa gezia, / atzeraka, berriz, arkua”.

Arestian aipatu itsasoak presentzia erabatekoa du liburu osoan zehar, esan dezakegu uda bete horretan gailentzen den bakarra itsasoa dela, itsasoa existentziaren metafora gisa, eta haren erakarpen kasik irrazionala nagusitzen baita poetaren begiradan. John Cheever-ek ere erabili igerilariaren figura profitatuz, Otoitza 2 azken poemak zenbait gako eskaintzen dizkigu. “Pareko uhartea du helburu, / ez besterik. Hor hasten da, / hor da bukatzen, bere sinesmena / enigma labur baten belar moztu berrian”. Izan ere, itsasoa, nia, eta bizitza enigmatikoak ez balira, poesiak eta existentziak ez lukete inongo garrantzirik. Eta horrela balitz, lagun poetekin topa egitea besterik ez litzaiguke geratuko.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak