« Indarkerien mapa dialektala | Patuarekin lehian »
Samuel eta Slawo / Karlos Linazasoro / Alberdania, 2022
Absurdoaren (des)gorpuztea Nagore Fernandez / Berria, 2022-05-01
Gogoan dut Karlos Linazasororen Itoko dira berriak nobela laburra (edo ipuin luzea) irakurri nuen lehen aldia. Absurdoaren zurrunbiloan sartzen zaituen obrak egonezina eragin zidan, eta idazleak bere-berea duen umore fin, inoiz beltz eta sarkastikoak grazia ere bai, aldi berean. Espero ez nuen sentsazioa, hain zuzen. Linazasorok argitaratu berri duen Samuel eta Slawo ipuin liburuan ere irakurleak estetika bertsuko konposizioak aurkituko ditu. Ordea, ez dira bakarrak izango; idazlearen unibertso literarioan konstanteak diren gaiak kikuka agertzen baitira lerroz lerro: kaosa, absurdoa, karikaturak, heriotzarekin erlazionatutako konposizioak, besteak beste. Moldez ere askotarikoak diren kontakizunak ekarri dizkigu idazleak: mikroipuinak; ipuin luzeagoak; han-hemenka, poesiatik oso hurbileko kontakizunak, eta, ipuinak izan arren, gidoien osaerari jarraitzen diotenak. Azken hauetan jarri nahi nuke azpimarra genero literarioen artean sortzen duten elkarrizketarengatik. Atzeko azalean irakurleari aitortzen zaion gisan, antzerkira bere horretan eraman daitezkeen konposizio hauek pertsonaia biren elkarrizketetan oinarritzen dira adibide guztietan; areago, azkenak, Printzea eta eskalea ipuinak, diziplina dramatikoko testu idatziak bere-bereak dituen akotazioak ere iradokitzen ditu. Gainontzeko ipuinak baino luzeagoak izaki, Linazasororen idazketa ezaugarritzen duen absurdorik absurdoena irudikatzen digute, eta ipuingintzatik antzerkirako zubiak eraiki.
Gorputzek duten garrantzia ere nabarmentzekoa da. Gorputzek eta desgorpuzteek, zehatzago esanda. Izan ere, askotan protagonistak barrenetik husten dira, erraiak ateratzen zaizkie, alderantzikatu egiten dira, hesteak agertzen dira, burmuinak, buruak falta zaizkie zenbaitzuei, eta eskuak besteei. Desegite fisiko horretan, sexualitatea gordintasunez dakar idazleak, sexualitate aski falozentrikoa, bide batez esanda, maskulinitate hegemonikoaren gorazarre.
Liburu guztia ezaugarritzen duen umorez eta egoera absurdoz ondutako obra, halaber, mozorrotuta, baina, literatura unibertsalaren gordailu baliotsua ere bada, hein handi batean. Askotan ipuin tradizionalen berrinterpretazioak agertzen zaizkigu, Aladino eta Pinotxo, esaterako, bai eta historikoagoak diren Bibliako nahiz mitologia klasikoko aipamen eta pertsonaiak ere. Eta keinu literario ageriko horiekin batera, irakurle trebatu(ago)entzat, inplizituki idazleak testuetan barreiatuta utzi dituen pistak eta aztarnak aurki daitezke. Ordea, literartekotasun hori, batez ere inplizituagoa, testurik laburrenetan, hau da mikroipuinetan, aho biko ezpata izan daiteke; keinu eta jolas literarioak ezagutzeko gai dena kontakizunen erraietaraino iritsiko da eta osotasunean disfrutatuko du obra; ostera, imintzio horiek antzematen ez dituen bati gatzik gabekoak begitandu dakizkioke kontakizunok. Horra hor obraren argia eta itzala.
Idazle on baten atzean irakurle on bat (ere) badagoela esan ohi dute, eta ez dago dudarik Karlos Linazasoro idazle oparoaren atzean irakurle fin eta zintzo bat ere badagoela; zer ikusi (eta irakurri), hura ikasi.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui