kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Arratseko ahotsak / Natalia Ginzburg (Pello Lizarralde) / Igela, 2003

Oharkabean bizitako bizitzak Oier Guillan / Gara, 2003-08-16

Liburua eskuetan hartu eta, lehenik eta behin, deigarriak egin zaizkit egituraren zenbait ezaugarri; narratzailearen presentzia, kasu. Honek dihardu liburu osoan zehar Balotta zaharra eta bere familiaren bilakaera azaltzen. Baina narratzailea lerro arteko isiltasunean galtzen da, ahaztu egiten ahal da irakurlea berataz istorioaren amaiera aldera berriz parte aktiboa hartzen duen arte. Neurri batean zentzuzkoa da, horrela familiaren istorio eta garai ezberdinak testuinguruan zehatz kokatu eta garatzen baititu, gertu eta urrun aldi berean. Deigarriak suertatzen dira, halaber, elkarrizketak burutzean zenbait pertsonaien hitz-jarioan egiten diren etenak, isiluneen ondoren hitz egiten hastea azpimarratzea, elkarrizketaren txandakako molderik ezagunena apurtzea. Zenbaitetan honek nahasmena ekar lezakeen arren, erritmoan irabazten dute elkarrizketa zati hauek, originaltasun printzak ere eskainiz.

Beste ezaugarri esanguratsu bat pertsonaia nagusirik eza izan liteke. Narratzailea galtzen den moduan, gainontzeko pertsonaiek ere tarteka ezagutuko dute protagonismoa. Sakonki jasoko dugu haien berri une jakinetan, eta gero berriz bigarren nahiz hirugarran mailara igaroko dira. Guzti honek liburuan azaldutako giza-harremanen saretik erauzten diren sentsazioetan murgiltzera garamatza, pertsonaia jakin batekiko identifikazioan baino gehiago.

Sentsazio horien ildotik, maitasunari buruzko gogoeta kausi liteke istorioz-istorio; batez ere gerra osteko burgesiaren bizimodu eta giza-harremanetan. Badaude urtetan nagusitzen diren sentimendu bakanak, baina ez dago inoiz errealitateak mugatu edo eraldatuta abailtzen ez den harremanik. Maitasuna sentimendu ekidiezin gisa agertzen bada ere, beti daude haren gainetik gailentzen diren argitzalak eta pisu handiagoa dute hauek istorioen garapenean pertsonaia bakoitzaren ameskeria eta xedeen hastapenetan gerta litezkeen maitasun sentimenduek baino.

Esanguratsua da, bestetik, politikak duen presentzia, gehienetan, zeharka bada ere, pertsonaien profila zehazterakoan hartzen duen pisuagatik. Dirudunek politika nola bizitzen duten islatzen da horrela; esaterako, zenbait pertsonaiak sozialista nahiz komunista tituluak bere egin arren, gehienetan urrunetik bizi dituzte, haien bizimodu eta tristeziekiko etengabeko kontraesanean.

Itzulpenari dagokionez, iruzkin hau sinatzen duena apaltasunez bainoago ezjakintasun mingarriz mintzatu behar zaio irakurleari, jatorrizko lana jatorrizko hizkuntzan jasotzeko ezintasunagatik. Edonola ere, esan dezadan giza-harremanen sareak sortutako sentsazioen amaraunetik jatorrizko lanean narrazio bizia iradokitzen duela Lizarralderen itzulpenak; azaldutako bizimodu eta denboraren igarotze geldoarekiko kontraesanetik erritmo propioz labaintzen dira zenbait pasarte. Erreka batean ez bezala, baso erdiko aintzira geldo apurka eraldatuan igarotzen da denbora, apurka besterik atzeman ezin den sakontasuna erdietsiz..

Gerra osteko bizitza politikoan murgilduen dabiltzanak, lehenago edo beranduago, haien bizimoduaren eta egunerokotasun pisutsuaren mesedetan itzaltzen dute aktibismoarekiko grina.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak