kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Haragia hosto / Juan Ramon Makuso / Balea Zuria, 2021

Edertasunaren ukendua Asier Urkiza / Berria, 2022-02-20

Haragia hosto du izenburu Juan Ramon Makusoren poema liburu berriak. Poesia baizik argitaratzen ez duen Balea Zurian kaleratua, iragan urrian. Argitaletxeak ohi duen bezala, diseinu xume bezain ederrarekin dator Makusoren alea, Imanol Larrinagaren irudia azalean. Bosgarren poesia lana du autoreak; eta ezaguna zaio, hala mamian nola azalean, dagoeneko ibilbide bat egina duela, literaturan zein bizitzan.

Liburu laburra da, hiru atalez osatua, bakoitza izenburu batez lagunduta. T.S Elliot-en aipu bat aurkituko du irakurleak lehenbiziko poeman, aurrerago topatuko duenaren arrastoa eman dezakeena: “Denbora oro beti presente badago/ denbora oro da irredimiblea”. Maisuaren esanak obraren gai nagusietako bat azaleratzen du. Denboraren gaineko gogoetak dira, izan ere, poemok. Denboraren izaera bera ez ezik, denboraren igarotzea eta horrek utzitako markak ere. Denbora absolutu, abstraktuaren eta denbora konkretuaren arteko hartu-emana da poema askoren oinarria; ni poetikoaren barnean uztartzen dira bi-biak, baina arrazoiketaren mailu kolpeka bainoago, dizdizka kanporatzen dira horren inguruko hausnarketak, txinpartak balira bezala, poetikotasunaren geruzan bilduak. Eguneroko estanpak baliatuko ditu autoreak maiz xendra eternaletan barneratzeko, hiriko paisaia, argiaren urradura, euriaren zarra-zarra.

Denborarekin lotura izanagatik, izaera beregaina duten bestelako gaiak ere lantzen dira. Galera da horietako bat, hutsa edo haustura. Era askotakoa izan daiteke berau: Bitzitzarekikoa, Herioren abaroan; gizartearekikoa, norbere identitatean arakatzeko asmotan; maite ditugunekikoa, doluaren aurpegi garratzekoa. Hutsune horretan, baina, bizitzen ikasi nahi du poetak, ikasi beharra du, “oinazea hari batean bildu”-z. Ilunaren, hutsaren, amildegiaren halako sare lexikal bat osatzen du Makusok: isiltasuna, bakardadea, izotza, oihua, odola. Memoriaren zipriztin horiekin tindatzen du denbora. Beste elementu batzuek izaera iheskorragoa dute, baina nahitaezkoak suertatzen dira aurrekoen zubi gisa; begirada eta itsasoa, esaterako. Iluntasunak iluntasun, poesiak badu, ordea, ukenduaren grazia, zauriak orbaindu eta norbera biziberritzeko gaitasuna: “Ederra da bizitzaren oihartzuna”.

Ondo eusten diote poema liburuari hiru atalek. Lehenengoa eta azkenekoa dira mamitsuenak, erdikoak lotura lana egiten duenez. Poemetako hizkuntza leuna eta geldoa, denboraren oharkabeko astuntasuna sentitzerainokoa —lerro laburrek ere laguntzen dute horretan—. Irudi bortitzek apurtzen dute tarteka geldotasun hori. Arinak ere badira poemok, bere laburrean iradokitzaileak. Halere, zenbait piezatan poetaren imajinak ez zaizkit behar bezalako argitasunez agertu, beharbada hitz hautaketa lausoegiarengatik. Makusoren pintzelkadak irudi ederrak uzten ditu; edertasun horri bisturiaren zehaztasuna batzea, ordea, onuragarria zatekeelakoan nago. Sentimenduen arakatzean eta irudien fabrikazioan koxka bat gehiago estutzea, alegia. Edonola ere, ukendua dakarte Juan Ramon Makusoren poemek, edertasunaren ukendu apala.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak