kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Izurritea / Onintza Enbeita / Zorrotz, 2021

Kritika (eta) zorrotza Nagore Fernandez / Berria, 2022-01-23

Zorrotz hedabide eta argitaletxeak argitaratu du Onintza Enbeitaren lehen liburua, Izurritea saiakera lana. Ironikoa dirudi: idazlearen hitzek XXI. mendeko izurritea dakarte lehen lerrora, eta pandemia horrek gizartean eta gizakiongan ernatu duen gaitza. Horren guztiaren berri, baina, Zorrotz argitaletxeak eman digu, noiz eta pandemia garaiotan sortu eta gorpuztu den egitasmoak. Askatasuna, pentsamendu kritikoa eta klase kontzientzia dira hedabidearen lema nagusiak, eta guztiarekin bat datorren uzta da Izurritea saiakera lana. Irakurleak askatasun osoz hitz egiten duen diskurtso batekin egingo du topo orriotan, Enbeitak bere-berea duen estilo irakurterraz baina kritiko eta zorrotzarekin, hain zuzen. Ausardiaz eta ahoan bilorik barik bere ingurura begira jarriko zaigu, eta gizartean dauden gaitzak mahaigaineratuko, gehienetan langile klaseak sufritzen dituen gehiegikeriak salatzeko. Izenburutik bertatik aurreratzen zaigu liburuan zehar leitmotiv den gaia: COVID-19ak sortutako egoera tristea; baina, nago pandemiaren gaia, autoreak introspektiboki hitz egiten ez duenean behintzat, dagoeneko gurekin bizi izan diren hainbat arazo eta gai sozial saretzeko baliatzen duela. Bestela esan, izurritea icebergaren punta dugu obran, ikusgarriena, nabarmenena; gizarteko arazoak oinarria. Horra hor nire irakurketa.

Ziurtasun handiz ondutako diskurtso horretan, ordea, pare bat alderdiren falta izan dut. Kanpora begira, asko dira Enbeitak proposatzen dituen arazoak, zaintzarena bat, eta horretan feminismoak egindako lana, munduko pobrezia beste bat, gobernuaren kudeaketa kaxkarra. Ezin ukatuzkoa da barrura begira ere jartzen dela, bere esperientzien eta sentimenduen berri ematen baitu askotan, idazleak horren ohikoa duen bezala. Baina iruditu zait ez duela kritikotasun berarekin hitz egin bere barrenaz, bere akatsez; kritikoa da, baina autokritikoa ez horrenbeste. Oso gizatiarra iruditzen zait pandemia garaian kontraesanez beteta ibiltzea, ni hala sentitu izan naiz une oro; zer eska diezaiekegu, bada, gizakion jarrerei, gobernuak une oro norabidez aldatzen duen bide bat eskaintzen badigu? Ez ditut idazlearen sentimenduak eta ideiak ukatzen inondik ere, funtsean, gauzak horren argi izatearen inbidia puntu bat ere badut; ordea, Onintza Enbeita gizatiarrago bat espero nuen, konplexutasun horri ere zirrikitu bat uzten diona. Aurrekoarekin batera, testuaren edizio eta berrikusketa finago baten mira ere izan dut, idazketa prozesuan sortzen diren akatsak ekiditeko batez ere.

Guztiarekin ere, Albert Camus filosofo eta idazlearen Izurria nobela gogoangarriari izenburuz imintzio disimulatu bat egiten dion saiakera honek hausnarrera eramaten du irakurlea; bere buruari begiratu eta pandemian zer leku izan duen konturatzeko aukera bat eskaintzen dio. Bestetik, eta batez ere, aurretik ere gurekin bizi ziren gaitzei ikusgarritasuna ematen die, hor daudela seinalatu eta salatu. Camusen lana gizagabekeria izu(ga)rrien alegoria bat baldin bada, Enbeitaren Izurritea krisi sozialaren sinekdokea izan liteke.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak