kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Lilurabera / Yurre Ugarte / Alberdania, 2020

Pop ipuinak Ibon Egaña / Deia, 2021-02-27

Pop kulturari edo kultura popularrari (zentzu anglosaxoian) atxiki izan zaizkion ezaugarrien artean daude arintasuna, garaikidetasuna, egunerokotasunarekiko lotura edo transzendentalismoari ihes egitea, besteak beste. Baina popa fribolitatera murriztea sinplekeria dela ere gauza jakina da. “Pop-aren arintasun jasanezinaz” tesi bat egiten dihardu Yurre Ugarteren Lilurabera bildumako ipuin bateko protagonistak, eta narrazio hauek tesi-literaturatik urrun badabiltza ere, kultura popularraren izaera anbibalente horren orbitan mugitzen dira ezbairik gabe. Ez soilik pop eta, zehazki, post-punk eta indie musikaren ikonoak (Pixies, Sonic Youth, Lydia Lunch, gutxi batzuk aipatzearren) erreferentzia ez ezik kasu batzuetan tramaren piztaile ere badirelako; areago, ipuinen gai, kezka eta giroek punkaren eta kontrakulturaren eremuetara garamatzate: gaztarora, etxe okupatuetara, kontzertuetako gau-girora, edo 80ko hamarkadako Londresera.

“Arintasuna” ipuineko Leirek gaztetan argazkilaritzara iritsi zeneko urteak dakartza akordura, Susan Sontag eta Ninbe adiskidea lagun, eta Leireren eskutik poetika bat aurkezten du hasieratik liburuak: begiradari ematen diona lehentasuna, momentuen gainjartzeari, narratibotasunaren aurretik. Leirek bezala, uneak harrapatzen dituzte ipuin hauetako narratzaileek, bizitza-pusketak, begirada estetikotik behatzen direnak (argazkilaritzatik, musikatik, zinematik). Lilura horrek, begirada estetizatzaile horrek eramaten ditu bizitza arruntak ez beharbada transzendentziara, baina bai artearen eremura. Artearekin eta sorkuntzarekin nolabaiteko harremana duten neska eta emakumeak dira ipuin hauetako pertsonaiak, izan ere, sormenak liluratuak; ez dira, aitzitik, artista errekonozituak. Badago hor emakume sortzaileen ikusezintasunaren inguruko irakurketa bat; baina baita sormena artista handien esku soilik ez uzteko jarrera estetiko eta etiko interesgarri bat ere.

Gaztaroa estetika berriak deskubritzen ditugun biziaroa izan ohi da, haiekiko lilura erabatekoena sentitzen dugun unea, eta akaso horregatik, nerabezaroa eta gaztaroa, orainaldi gisa edo oroimen lauso bezala, behin berriro agertzen zaigu orriotan. Nostalgiatik bainoago, pertsonaiak direna izaten hasi ziren aro gisa agertzen zaigu beharbada, zeren, identitatearena baita ipuin hauetako beste gako bat: liluratzen gaituzten sortzaile edo estetikek egiten gaituzte nor; besteek ikusten gaituzten moduak egiten gaitu garen bezalako; lauso oroitzen dugun iraganak egiten gaitu. Eta nor izatearen eraikuntza horretan, gorputzek ere hitz egiten dute orriotan: sexuaz, indarkeriaz, desiraz.

Begiradak bildumari ematen dion batasuna interesatu zait bereziki liburuan. Erreferentzia-sareak eta estetika partekatuak sortzen duen mundua ikusteko manera partikularra. Baina batzuetan hori ez da aski izan ipuinari eusteko; luzeenek ase naute gehiago, pertsonaiak izaera borobilagoa izatera heltzen diren horiek; pieza laburrago batzuek (Pop pilulak fanzinean kaleratuak batzuk) liburuaren iraunkortasuna nekezago eusten dutela iruditu zait, ez zutela ipuin baten trinkotasunik. Fikziozkoa ez den azken pieza laburrak, ostera, gehiagorako gogoz utzi nau, Ugartek 80ko hamarkadako punk kulturako esperientziaren inguruan esateko daukana (eta argi laga du asko dela) irakurtzeko gogoz.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak