kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Lilurabera / Yurre Ugarte / Alberdania, 2020

Eguneroko autopoetikoa Aiora Sampedro / Berria, 2021-02-21

Lilurabera Yurre Ugarteren ipuin-bilduma argitaratu du Alberdania argitaletxeak. Zortzi ipuineko bilduma bat da, nahiz eta, aurrerago ikusiko dugunez, testu hibridotzat jo dezakegun, narrazio bat baino gehiago kontakizun nagusi beraren parteak izan daitezkeelako. Bestalde, azken testua, egileak berak “bizi-kondaira literario-musikaltzat” katalogatua, egilearen manifestu kontra-literario gisa jo dezakegu.

Kontakizunetariko batzuek lotura estua dutela aipatu badugu ere, ipuin guztiek oinarrian partekatzen dituzten bi ezaugarri identifikatu daitezke: errelato guztiak literaturaren eta gainerako arteen arteko harremanak gurutzatzen ditu, baita artista-autofiktizio baten lehen pertsonako ahotsak ere. Bestalde, ipuin guztiek dute amaiera aldera irakurlearen igurikimen-ortzimuga haustera jotzen duen efektua.

Hala ere, marko formal berdintsuak ematen du hondo desberdinak osatzeko aukera, hala da, behintzat, landutako gaiei dagokienez. Adibidez, lehen bi kontakizunak bateragarriak, edo agian egokiago, osagarriak dira: Arintasuna eta Astuntasun jasanezina. Izenburuetan antzematen da Milan Kunderaren obrarekiko intertestualitatea. Bietan, bi gazte adoleszenteren harremana arakatzen da, zeintzuek sexuarekin eta argazkilaritzarekin zein musikarekin jolasean beren izaera bilatuko duten. Hirugarren ipuinean pandemiak gogor jo duen artista eta dendari baten infernurainoko jaitsiera kontatzen da, lehen pertsonan. Ondoren datozen Lady Amnesy eta Amnesia anderea kontakizunek ere, bikotea osatzen dute. Ama-alaba batzuen arteko sekretuetan barrena, kontalariak familia-herentziaren pisua esploratuko du, izaera-ezaugarrietan enfokatuz. Basquiat ez da hilotz eta Bestiario galdua dira azken bi ipuinak. Lehenean, begi bistakoa da, artista amerikarrari omenaldia egiten dio idazleak; bestean, berriz, gaztaroko amodio galdu baten hasiera, gailurra eta gainbehera gogoratzen ditu musikari heldu batek. Azken testua da, idazle tolosarrak adierazi bezala, pertsonalena: Kathy, Lydia, Wilma. Erreferente dituen emakumezko artistei aitortza egiten die Ugartek. Azken testu honetan, arteen hibridazioa nabaria da: preseski, Kathy Acker idazlea, Viv Albertine musikaria, edo Lydia Lunch artista multidiziplinarraren itzalak presente daude orrialdeotan zehar.

Edukian eta forman partekatzen dituzten puntuetatik harago, liburuko ipuinetan autore-postura bat jaulkitzen du Ugartek, hainbat bizi-arotan arteekin izandako harremana esploratzen du egileak ariketa autoidentifikatibo batean. Gainera, artea era transbertsalean ulertzen duen idazlea ernetzen da orriotatik. Idazle baino, artista gisa identifikatu daitekeena.

Izaera intimo horrek irakurleari ipuinetako pertsonaiekiko identifikazioa zaildu diezaiokeela badirudi ere, egilearen fantasiarako joerak irakurketa-testu dibertigarria bihurtzen du liburua.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak