kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Denboraren izerdia / Xabier Montoia / Elkar, 2003

Iraganaren zorrak Gotzon Hermosilla / Berria, 2003-07-05

Aspalditik datorren topikoa da, euskal literaturaren berri erdarazko egunkarietako kultur gehigarrien bidez jasotzen dutenek elikatua: gure literaturak euskal gatazka deitu den horri itzuri egiten omen dio, ez ei du asmatu gure herriak duen arazo nagusiari behar bezala oratzen. Izan ere, ez dago euskaldunok ulertuko gaituen amaren semerik (edo alabarik): Espainiako liburudenda guztiak euskal gatazka politikoari buruzko liburuz gainezka, espainiar idazle andana kiribil melankoliko, Ibarretxeren diktadura, zuhaitz, intxaur eta enparauen lepo euren kontu korronteak gizentzen, eta gurean, aldiz, euskal idazleek muzin egiten diote gaiaz idazteari. Hau paradoxa.

Irakurtzea gustuko duen edozein euskaldunek badaki ugariak direla euskal gatazka, zuzen edo zeharka, hizpide duten euskarazko literatur lanak. Adibideak aipatzen hasiko bagina, iruzkintxo honetarako dagoen lekua motz geratuko litzaiguke. Xabier Montoiak ere gaiari heldu dio Denboraren izerdia bere azken lan honetan. Lekurik deserosoenetik heldu ere: ausardiaz, politikoki batere zuzena ez den ikuspegitik eta hainbatentzat erresumingarri suerta daitekeen gardentasunez eta gordintasunez kontatzen digu Jon Ezenarro polimili ohi eta zinema-produktore arrakastatsuaren istorioa.

Narrazioak hiru atal ditu. Lehenengoa Madrilen jazotzen da. Bertan, garailearen bizimodua du Ezenarrok: bere lehenengo filma guztiz arrakastatsua izan da, larru kontuetan galtzak bete lan dabil, lausenguak eta zorionak nonahi jasotzen ditu_ Horretan, jakina, iranaganeko militantziaren itzala guztiz lagungarria suertatuko zaio. Baina iragana zorrak kitatzera itzuliko da, eta amezgaiztotik ihes egiteko, eta amari egin beharreko ebakuntzaren kariaz, Gasteiza joko du ostera ere.

Hor hasten da narrazioaren bigarren atala, eta hor jotzen du eleberriak goia, nire ustetan. Montoiak, benazko idazle guztiek bezala, kontakizun hutsa gainditu eta urrunago luzatzen du soa. Jon Ezenarroren istoriotik abiatuta, kezka sakonagoak jartzen dizkigu begien aurrean: zahardadea, maitasuna, adiskidetasuna, oroimena eta, batez ere, denboraren igarotea, ametsak akabatzen eta ilusioak zapuzten etengabe diharduen hiltzaile isilaren triskatza gupidagabeak. Euskal Herriko egoera soziopolitikoan oin hartuagatik, manikeismo eta panegiriko merkeetatik ihes egiten jakin du Montoiak. Bigarren atal horretako zortzigarren kapitulua, Jonek ama garbitu eta zaindu behar duenekoa, maisu-lana da, nire ustez. Gordina, krudela, ederra. Montoia beti izan da oinaze eta gaixotasunaren deskribatzaile aparta: Emakume biboteduna bildumako ipuinen bat datorkigu gomutara, adibide gisa.

Zirkulua osatzeko, Madrilera itzultzen gara hirugarren atalean, eta amaiera ireki eta zirraragarri batez borobiltzen du Montoiak kontakizuna; ipuin laburretan ondutako lumaren trebezia, ausaz.

Eleberri ederra benetan Denboraren izerdia, itsusitik izenburua baino ez daukana. Zaila zen Montoiarentzat azken bi lanen mailari eustea (Hezurgabeko hilak ikaragarria eta Baina bihotzak dio ipuin bilduma), baina lortu du, eta, bide batez, idazke gasteiztarrak beste mugarri bat ezarri du bere literatur ibilbide oparoan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak