« Kalea | Behin eta berriz azaltzen zaidan kristalezko begia »
Collini auzia / Ferdinand von Schirach (Anton Garikano) / Erein, 2015
Bazekien zertaz ari zen Alberto Ladron Arana / 111 aldizkaria, 2020-06
Ferdinand Von Schirach (Munich, 1964) idazle alemaniarraren lehen nobela da hau. Honen aurretik, egileak ez-fikzioaren generoa jorratu zuen nolabaiteko arrakastaz. Abokatua ogibidez, lanean ezagututako kasuak paperera eraman zituen, errealitateak fikzioa gainditzen duela dioen esaera berretsiz.
Collini auzian Von Schirach ez da asko aldendu bere lehengo estilotik. Nobela da, baina kontatzen dituen gertaerek ez-fikziozkoaren itxura peto-petoa dute. Eta ez-fikzio horrek salaketa kutsu garbia dauka. Ez dut spoilerrik egiteko asmorik, baina Hitlerren Gazteriaren buruaren biloba izanik, Von Schirachek bazekien zertaz ari zen Collini auzia idatzi zuenean.
Istorioa sinplea da. Caspar Leinen abokatu hasi berriak Fabrizio Collini defendatu behar du hilketa epaiketa batean. Collini Alemanian bizi den italiar erretiratu bat da. Sekula ez du arazorik izan legearekin, baina modu basatian hil du Hans Meyer enpresari zaharra. Kasu gardena dirudi: frogak ezin garbiagoak dira eta Collinik hilketa aitortu du. Jakina, horrek guztiak abokatuaren lana izugarri aldrebestuko du.
Leinenek, gainera, beste zailtasun bat aurkituko du: hildakoa txikitatik ezagutzeaz gain, afera bat dauka haren bilobarekin (oso egoera bortxatua, bidenabar erranik…). Horrek guztiak dilema batean jarriko du abokatu gaztea. Nola defendatu hiltzaile garbi hori, bere ingurukoei hainbeste min eman dien gizona?
Leinenek, hala ere, ez du etsiko eta fede irmoa erakutsiko du Justizian, ia heroitasuneraino eramanen duen jarrera.
Nobela laburra izanik (ehun orrialde edizio elektronikoan), Von Schirachek hainbat elementu arindu behar izan ditu. Pertsonaiak ez daude oso landuta, tokiak eta egoerak azaletik deskribatzen dira, ez-bukatuaren inpresioa utziz. Von Schirachek elementu horiek argumentuaren mesedetan sakrifikatu ditu. Collini auzian istorioak baitu beti lehentasuna: Von Schirachek gertaera batzuk kontatu nahi zituen, eta ez da amiñi bat ere desbideratu helburu horretatik.
Egileak estilo zuzen, biluzi eta zehatza darabil. Horrek eta noizbehinka topatuko ditugun ustekabeek irakurketa azkarra eta atsegina segurtatzen dute. Elkarrizketek ere aipamena merezi dute: bizi-biziak dira eta oso landuta daude. Hain landuta, askotan ez baitira naturalak gertatzen. Trukean, baina, efektistak eta gogoangarriak dira, esaldi borobilez gainezka.
Egun, thrillerren gorakadaren —burbuilaren?— harira, nobela beltza bezala saldu nahi izan dute Collini auzia, baina egokiago ikusten dut auzien generoan edo ez-fikziozkoan. Agian, gaur egungo argumentu korapilotsu eta su artifizialez jositakoen aldean, Collini auzia motz geldituko zaie zirrara eta adrenalinaren maitaleei. Hala ere, irakurtzea merezi du, mokadu txiki baina goxoa baita.
Batzuek klasikotzat jo dute Collini auzia. Hitz potoloa, baina nobela irakurri beste biderik ez dago jakiteko irakurle horiek zuzen dauden…
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta