« Bitakora kaiera | Ziztada atsegina »
Nobela errealista bat / Joxean Agirre / Elkar, 2020
Umorez eta intrigaz jositako memoria ariketa Marta Goikoetxea / Bilbao, 2020-07
Nobela errealista bat (Elkar) da Joxean Agirreren (Azpeitia, 1949) azkenengo lana. Bi pertsonaia nagusi ditu, biak ala biak “koldar samarrak, besteen bizitzetatik elikatzen diren horietakoak” dira, idazlearen esanetan. Alde batetik, Loiuko aireportuan lan egiten duen taxilaria eta istorioaren narratzailea dugu. “Entziklopedia” bat du buruan, Frankismoaren azken bi hamarkadetako gudarien, ETAko kideen eta ekintzaileen balentriak eta pasadizoak biltzen ditu, eta aireportuan jasotako bezeroei kontatzen dizkie derrigorrean. Tentu handiz aukeratzen ditu pasadizoak, bezeroaren itxuraren eta agindutako helmugaren arabera.
Bere Toyota Prius hibridoan orduak ematen ditu bere txandaren zain, eta bitartean gerrako eta gerra ondoko ekintzaileen biografiak irakurtzen ditu. “Taxizale batzuk bere bizitza kontatzen edo bezeroarenean arakatzen hasi ohi dira. Bezeroaren eskubideak urratzea dela deritzot horri. Nik lekuan lekuko ekintzaileen bizipenak eta ibilerak gogorarazten dizkiet”, dio protagonistak. Agirrek azaldu duenez, gure iragan hurbilari buruzko memoria ariketa batzuk tartekatu ditu; horretarako izen asko ageri dira liburuan: Mario Onaindia, Mikel Azurmendi, Xabier Arzallus, Jon Idigoras, Santi Iparragirre, Asun Goenaga, Xabier Amuriza, Mikel Laboa eta Tasio Erkizia, besteak beste. Haien bizipenak eta bitxikeriak umorez eta ironiaz ezagutaraziko ditu taxilariak.
Bestetik, Agirrezabal idazlea zarauztarra dugu, taxilariaren emaztearen maitalea dena. Bere lanek arrakasta handirik ez dutenez, bere estiloa modatik urrun baitago, argitaletxeak eskatzen dio nobela errealista bat idatz dezan behingoz. Eskaerari jarraituz, Mikel Lejarza ‘El Lobo’ ETAn ibilitako satorraren bizitzaz idazten hasiko da eta ikerketa lana egiterakoan lokatzetan sartuko da. Era berean, hain errealista egin nahi du bere nobela, non gertukoak hartuko dituen istorioaren pertsonaiatzat. Lan horretan ari dela, istripu edo atentatu ilun batean hil egingo da, nobela erdibidean utzita. Taxi-gidariak amaitu beharko du orduan eleberria eta bide batez, Agirrezabali gertatutakoa ikertu, argitaletxeak hala eskatuta. “Susmatzen da atzean inteligentzia zerbitzuetako kolaboratzaileak daudela”, aurreratu du idazleak, agian Agirrezabalek muturra sartu behar ez zuen lekuan sartzeagatik.
Dena den, nobelaren gai nagusia da gizartean literaturak duen “efikazia politiko urria eta oihartzun txikia”, hots, “bere eragin eskasari buruzko gogoeta bat” da. Izan ere, eleberrian argitaletxeko editorea pozez praketan hartu ezinik dago, nobelak egundoko arrakasta eta oihartzuna izango dituelakoan baitago, “karga politiko izugarria” duelako. Hala ere, liburuak jasoko duen erantzuna bestelakoa izango da.
Idazle eta kazetariak bere betiko ezaugarriei eutsi die, hau da, sentsualtasuna, metaliteratura eta idazketaren dotorezia. Bereak dira Lehen triptikoa (1986), Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (1991), Elgeta (1996), Romain zen bere izena (2003), La lutte finale (2008), Zwei Frauen (Bi emakume) (2001), Adiskide bat nuen (2013), Gizajoen katalogoa (2016) eta Goldsmithen ikaslea (2017). Oraingoan, bere hamargarren eleberrian, alegia, beste hainbat dohain erakutsi ditu: hainbat trama jorratzeko trebezia, gure historia hurbileko istorio txundigarrienak aletzea eta ironia dosi oparoak banatzea. “Nik irribarre txikiak eginez idatzi nuen, eta uste dut irakurleak ere barre batzuk eginez irakurriko duela”, adierazi du Agirrek. Azken honetan ere asmatu egin du idazleak.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi