kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Den-dena nahi dugu / Nanni Balestrini (Fernando Rey) / Katakrak, 2019

Diru gehiago, lan gutxiago Ibon Egaña / Deia, 2020-05-16

Iaz, Nanni Balestrini hil eta hilabete gutxira argitaratu zen euskaraz bere lehen eleberria, Den-dena nahi dugu, Katakrakek Fernando Reyren itzulpenean emana. Neovangoardia mugimenduko poeta eta geroago nobelagile izateaz gain, Italiako mugimendu autonomoko kidea ere izan zen Balestrini, eta bere militantzia politikoa ez ezik biografia ere markatu zuten gertakari batzuk daude eleberriaren oinarrian: 1969an Italian zehar izandako industria langileen grebak eta altxamenduak eta, zehazki, Torinoko FIAT lantegiko langileen greba. Handik bi urtetara eman zen argitara nobela hau, eta urgentzia, borrokarako deia eta esperimentazio formalerako gogoa, guztiak entzuten dira ozen orriotan.

II. Mundu Gerraren ostean, automozioko enpresen lan-esku premiari erantzutera Italiako hegoaldetik iparraldera joatea patu edo behar bilakatu zitzaien milaka langileetako bat da nobelaren protagonista eta narratzailea. Ez da, baina, lanaren eta kontsumorako aukeraren ametsak liluratutako gazte bat; zentzugabea zaio etorkizun hobea emango lioketen ikasketetan jardutea, eta ulergaitza industriaren eta kapitalismoaren logika. Horregatik, ez du erreparorik izango “kontua da ahantzi zaidala etorri behar nuela lanera” esateko, lanpostura berandu iritsi dela eta kargu hartzen diotenean.

Nobelaren lehen erdian Balestrinik irudikatzen duen logiken arteko talka horixe egin zait liburu honen gauzarik indartsuenetakoa. Hegoaldetik heldua den gaztearen ikuspegi ingenuo horrek, nahi gabe bezala, hankaz gora jartzen du lanaren balioa beste ezeren gainetik jartzen duen logika, kapitalaren zentzu komuna. Errotiko kritika politikoa egiteko ez du marxismoaren lengoaiarik erabiltzen gazteak, aski zaio intuizioa. Eta halaxe lortzen du eleberriak industriaren eta kapitalismoaren kritika errotiko bat proposatzea, lana ez, dirua nahi dugulako aldarri itxuraz ilogiko eta aldi berean erabat zentzuduna entzunaraztea, kapitalismoaren logika falta ikusaraztea.

Iñigo Aranbarrik liburuaren hitzaurrean gaztigatzen duen bezala, hau ez da eleberri burges bat, ordea, eta bere asmoa ez da nitasunaren eraikuntza nobelatzea. Kolektibizatzen doa, izan ere, orriak aurrera egin arau, kontakizuneko lehen pertsona, lausotuz ni-aren ertzak eta kolektibizatuz eta antolatuz, era berean, hasieran indibidualagoa zen erresistentzia. Negoziazio partzialetan, lan-kategoriaren araberako soldaten hitzarmenetan dabiltzan sindikatuen aurrean, langileen mugimendu autonomoa nola sortzen eta indartzen doan deskribatzen du liburuak, greba orokorrera eta errepresio nahiz indarkeria polizialera heldu arte. Bortxaren zentzua sakonagoa da, edonola ere, liburuan, lan-baldintza zehatzez harago sistema errotik biolentatzea bilatu zuen gatazka baten kronika baita liburua. Estetikak eta etikak bat egiten dute, ezin bestela: borrokaren kolektibizazioak narratzailearen ahotsa kolektibizatzea eskatzen du: mitin-txatalak, aldarriak eta pertsonaien ahotsak jario bakarrean biltzea.

Nago etorriko diren konfinamenduari buruzko liburu askok baino gehiago duela esateko Balestriniren lanak asteotako egoeraz, lanaren balioa eta kapitalarena bizitzarenaren aurretik jarri izanaz, logika horri hordagoa joko lioketen erresistentzia-diskurtsoak ere herabe ahoskatzen ditugunean.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak