kritiken hemeroteka

8.829 kritika

« | »

Lurra eta dardara / Askoren artean / Balea Zuria, 2019

Memoria ariketa bat Irati Majuelo / Berria, 2020-05-10

Izan zitezkeen beste idazle batzuk, izan zitezkeen beste poema batzuk. Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Aintzane Galardi, Castillo Suarez eta Leire Bilbao dira, ordea, Balea Zuriak hautatu dituen zortzi emakumezko ahotsak kanon izan nahi ez duen antologia osatzeko, osotasun izan nahi ez duen dastatzeko menua eskaintzeko. Baina aukeraketa ez denez inoiz ausazkoa, antologia honek badauka kanon hegemonikoaren bazterrean geratu direnei aitorpena egiteko interesa, emakumezko poetei euren ahotsa erreibindikatzeko espazio bat emateko helburua.

Zentzu horretan, memoria ariketatzat har daiteke liburua, hein handi batean, hamarkadak pasatu ahala ahanzturan geratzeko arriskuan zeuden poemak berreskuratzen baititu, eta idazleek denboran zehar izandako bilakaera sumatzeko egokia izan baitaiteke. Deskubrimendurako akuilu izan daiteke beste hein batean, akaso horren ezagunak ez diren poetei leku egiten baitie, eta gure apaletara izen berriak ekartzeko aukera zabaldu. Horrez gain, parte hartzaile guztien poema argitaragabeak oparitzen dizkio irakurleari: antologia hau izan zitezkeen beste batzuetatik bereizten du horrek. Emakume poeten begirada eta estilo desberdinak agerian jartzen ditu zinez, baina, hala ere, deskubrimenduaren bide horretatik tira eginez gero, belaunaldi gazteagoen ekarpena suma daiteke faltan, dastatzeko menua 70eko hamarkadan jaiotakoetan geratu baita kateatuta; 2020an gaude dagoeneko, batzuetan ahazten zaigun arren.

Antologia honek, beraz, idazleon norabidea zein izan den argitzen digu, bakoitzaren muina erakutsi, gogoa piztu eta gehiago sakontzeko atea irekitzen digu. Hala, argi antzeman daiteke Amaia Lasak poesiaren bidez arrazionaltasunari ihes egiteko darabilen saiakera, barne unibertsoan bilatu eta bere ni-a poemen hondoan aurkitzekoa. Bordaren ironia eta begirada zorrotzak ere ezin hobeto islatzen dira. Duela hamarkada batzuetako bertsoek ez dute gaurkotasunik galdu, eta arestian idatzitakoek kolpea jotzen dute mahai gainean: “no future outside: ahantzi dezatela./ Ene poesia/ a-soziala/ gure amen izerdiak/ ahantzi diren bezala./ Amen”. Askatasunaren aldarri ederra dakar bere poema argitaragabeak: “Maite dugu nehork baimentzen/ Ez digun askatasun betegarri hori,/ Tren batetik bestera/ Eta gauez gau/ Bortxari irabazia…”.

Bere ondotik datoz Irastortza eta Iturbide, gaztetatik hasitako ibilbidearen ispilu lehena eta, pintura-kodeez lagundurik, indar handia erakusten duena bigarrena. Meabek gorputza eta egunerokotasuna jartzen ditu erdigunean, eta hari horri segitzen diote Suarezen eta Bilbaoren poemek ere, nahiz eta bakoitzak nabarmenki estilo desberdina izan. Hiruon poema bikainak daude antologia honetan. Aintzane Galardik ihes egiten dio bide horri, munduan zehar eginiko bidaien usaiak eta koloreak zizelkatzen baititu bere hitzetan, sentsibilitate berezi batez.

Kuriosoa da, idazleak eta poesia gehienak hurrenkera kronologikoan emanagatik, lehendabizikoak nahastuta daudela eta salto handiak ematen dituztela denboran. Horrek hasierako ildoa apur bat aldrebestu arren, antologia interesgarria argitaratu du Balea Zuriak, eta, bereziki, beharrezkoa.

Azken kritikak

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Maddi Galdos Areta

Erreplika
Maialen Berasategi Catalan

Asier Urkiza

Gorputzen aldiriak
Nerea Arrien

Nagore Fernandez

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Erreplika
Maialen Berasategi Catalan

Ibon Egaña

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak