« Lehen amodioa | Herioren atzaparrak »
Arratseko ahotsak / Natalia Ginzburg (Pello Lizarralde) / Igela, 2003
Arratseko ahotsak ozen Karlos del Olmo / Egunero, 2003-05-24
Igelaren moduko argitaletxeei esker, literaturaren ozeanoan ez itotzeko borroka gaitzean gal ez gaitezen, Natalia Ginzburg, beste idazle kuttun batzuen antzo, itsasargi salbagarri agertzen zaigu, ez aienatzeko, esperantza galdurik hondora ez joateko. Gorde-gordean, altxor gisa izan beharreko idazle horietako bat, alegia.
Ez omen zen emakume politikoa. Nahiz eta birritan aukeratu zuten italiar senaturako. Haren bizimodua, beste idazle askorena legez, eleberri ikaragarria idazteko modukoa. Lehenengo Mundu Gerran familia aristokratiko batean jaioa eta faxismoaren giro itogarrian hazia, lege arrazisten drama pairatu zuen: aita eta senarra juduak zituen. Asko sufritu arren, beti defendatu izan zuen bere intimitatea piztien antzera. Oso apal agertzen zen haren idazkien balioaz, Migel bihotzekoa lana zinera eroan zioten arren.
Liburuetan ez du inoiz psikologiaz hitz egiten, ez ditu pertsonaiak jokabide aldetik komentatzen. Ez ditu haien jardukiera azaltzeko barne mekanismoak agertzen. “Inoiz ez nituzke haurtzaroko jazoerak erabiliko egungo gertaerak azaltzeko oinarritzat”.
Idazle batzuek mundua ulertzeko idazten ei dute. Mundua esplikatuz hura ulertu egiten dutelako. Ez da hala gertatzen Nataliarekin. Komunikatzeko baino ez zuen idazten. Mundua zer edo zer ulergaitza bihurtu zitzaionez gero, ulertzen ahalegindu ordez (beste idazle handi batzuen antzera), mundua azaltzen saiatzen zen. Mundua deskribatzen. Eta, horrela, haren liburuetan badirudi ezen gauzak ia berez gertatzen direla, elkarren ostean kateatzen direla bizirik baleude bezala. Harro zegoen mundua ez ulertzeaz.
Ginzburgen lanak laburrak izaten dira, jende xehearen gaineko istorio barnerakoi eta gordeak. Hain dira egunerokoak narratzen dituen jazoerak, non horiek irakurritakoan, irakurleak tristura ikaragarrizko halako giro bat baino ez duen gordetzen gomutan. Zaleak tantaka irabazten dituen idazlea dugu. Euskaraz ere, bigarren aldiz eskuratzen dugu Igela argitaletxeari esker. Irakurleek Nataliaren obra guztietan lexiko ezagun baten berba sekretu eta maitagarriak topatuko dituzte, halako mintzaira.
Tragedia izugarriak bizi izan zituen arren, lanetan, ordea, biktimen sufrikarioa —guda, errepresioa, kontzentrazio zelaiak— ez du, normalean, zuzenean kontatzen, nahiz eta testuek, beti eta ezbairik gabe, biktimen lekukotasun diren, gizabanakoaren mina ideologien aurrez aurre dagoela. Politikak noraezeko duelako emakume-gizonen mina erreferentziatzat hartzea.
Arratseko ahotsak (1961) trantsizio eleberria da, auzokide zuen Ivy Compton-Burnett idazlearen lanak eredu, azpielkarrizketaren teknika erabilita ondua. Erraz ulertzen da, idazlan honen aurrean, zergatik maiztu zituen, haren ostean, antzerkiaren bide malkarrak.
Eleberriak idazten zituenean, beti iruditzen omen zitzaion Ginzburgi esku artean ispilu apurrak zeuzkala, baina, halere, esperantzari eusten zion, noizbait ispilua zatietatik osatuko zituelakoan. Inoiz ez zuen lortu. Zenbat eta gehiago idatzi, orduan eta urrunago itxaro horretatik. Azkenean, etsi egin zuen: miraila hautsita zegoen eta ez zen, inondik inora, puskak elkarri itsasteko modurik. Inoiz ez bide zuen lortu osorik ikusterik. Pertsonaren identitatea hamaika nortasunetan apurtzen da, norbera inoiz ez da bat eta bera izango, ispilu apurrak baino ez.
Eta Pello Lizarralderi itzultzea egokitu zaion lanak erraza dirudien arren, ez dago itxuraz neke bakoa den zeregina baino eginkizun lepoan eraman gaitzagorik. Baina Nataliak behinola esan zigunez, “Literatura norberaren asuntoa da! Guztiz pribatua eta askea, idazkuntza!”. Eta itzulpengintza?
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez