« Arropa estuei tamaina hartzen | Gerraren anabasa »
Hondarrak / Ruben Sanchez Bakaikoa / Txalaparta, 2019
Hondarrak Txema Arinas / uberan.eus, 2020-02-14
Ruben Sánchez Bakaikoaren aurreneko nobela, Hondarrak, irakurri dut. Egia esanda birritan egin dut, besteak beste ikaragarri arin, xamur, atsegin leitzen baita. Izan ere, oso tentuz, mimoz idatzita dago, nabarmen baita oso egileak luze eta gogotik zaindu/txukundu/borobildu egin duela. Alde horretatik, irakurterraza bainoago oso dotorea begitandu zait Hondarrak, irakurtzen pilo bat goxatu dut hizkera benetan goxoa eta aberatsa erabili duelako Rubenek. Euskararen aldetik, beraz, eta euskaltzaina ez naizenez gero, ezin zaiolakoan nago inolako erraparorik jarri lehenengo lana izanda ere. Gainera ezin dut. Orokorrean badago oso gauza berezi edo xelebre bat, irakurri ahala suertatu egin zaidana, oso gutxitan suertatzen zaidana bestalde: liburuaren azkenekoa aurrenekoa baino hamaika bider gehiago asebete egin nauena. Bitxia, bai, zeren normalean, liburu gehienekin egia esanda, guztiz alderantziz suertatzen baitzait. Badaude bi istorio edo ildo narratibo nagusi; Uxuekoa da gehien erakarri nauena literarioki, bada idazlearen aldetik xamurrena duda izpirik gabe, ageri baita hori memoria berreskuratze ariketa handi eta hunkigarri bat dagoela. Eta egia da hasieratik oso atsegina eta batik bat interesgarria egiten direla Uxue eta inguruko gauzak, familia artekoak, herriko auzokoen artekoak eta batez ere gerra aurreko, mineko eta osteko gorabeherak. Halere, hain txukun, xamur eta doi kontatua dago, ezen irakurri ahala nolabaiteko tentu narratiboa ere falta zaiola sumatzen hasi naizen. Esan nahi dut Uxuekoan, eta beharbada hein handi batean hainbat hamarkadetan zehar kontaturiko istorio korala delako, hau da, pertsonaiak etengabe agertu-desagertzen direla, pertsonaiak espero bezain ondo bereizten ez direla, hau da, maiz, baina ez beti, oso azaletik aurkeztuak agertzen direla, batez ere bakoitzaren ezaugarri zein gorabehera pertsonalei dagokienez. Edonola ere, hori da Uxuekoarena aurrera joan ahala begitandu zaidana; hasieran oso goxoa egiten zitzaidan; baina, azkenean nolabaiteko kutsu antropologikoegi bat igarri diot narrazioaren kalterako. Edo bestela esanda, amaiera aldera Uxuekoa apurtxo bat errepikakorra egiten zitzaidan garai berriak jorratuta ere. Halere, hori da inpresio huts bat hain segituan irakurri izanagatik edo. Baliteke ere Uxuekoak holakoa behar izatea ezinbestez, memoriaz ari baikara, hots, narratzailearen oroitzapenez, inondik inora narratiboegiak izan behar ez dutenak, oroimenaren —narratzaile asmatuarenak zein bere ingurukoenak— ziztada sentiberak bezain lausoak, hau da, oroitzapenak iturri direnez narrazioa ezin zen izan, nik behintzat holaxe gustuko dudalako behintzat, espero bezain “faulknertarra” edo. Laburbilduz, istorioaren funtsa gomutagarria da, ez berez kontagarri garbi-garbia, eta hori, jakina, idazlearen erabaki guztiz errespetagarria da.
Tuparekikoa, hau da, espetxeko istorioa, hau baita funtsean “kartzela nobela” da, arras indartsuagoa begitandu zait narrazio literarioaren aldetik, dudarik ez. Pertsonaia goitik behera eraikia dago, ardatza da funtsez. Halere, hemen aitortu beharrean nago Tuparen eraikuntza literarioa bezain politiko/ideologikoa izanda, niri behintzat izugarri kostatu egin zaidala berarekin taxuzko enpatiarik izatea, sinpatia ezinezkoa baitzait printzipioz; nik berak defenditzen dituen oinarri ideologikoekin bat egiten ez baitut, ez behintzat ETA(m)k gainontzeko euskal hiritarroi indarrez, nahitaez, inposatu nahi izan digun proiektuari dagokionez. Hala eta guztiz ere, nik uste dut ekinaren ekinez gauza izan naizela nik bezala pentsatzen edo zerikusirik ez duen pertsonai literario batekin gutxieneko enpatiarik izateko. Gauzak horrela, eta delako Tuparen gorabeheren harira, hots, orrialdeak pasa ahala, galdera berbera egiten nion etengabean nire buruari: —Eta hi nola, zer dela eta, benetan, ETAn sartu hintzen? Hori baitzen irakurle gisa, eta batez ere Tuparena ulertze aldera, gehien interesatzen zitzaidana. Hain zuzen ere, 252 orrialdean Tuparen amak berak bere semeari egiten diona. Bertantxe antzaldatzen zait istorioa, errelatoa, niri. Bertantxe dena borobiltzen da, osatzen da, hau da, aurreneko aldiz zentzua topatu diot istorio osoari.
Ez dut premiazkoa Tuparen berba edo argudioekin bat egin behar; baina, pertsonaia bere onean kokatzen hasi ahal izan naizelakoan nago. Ordura arte, ordea, kartzelan zegoen etarra baten bizipenen aurrean nengoen bakar-bakarrik, txukun-txukun kontatuak, oso ondo idatziak, batik bat elkarrizketa arin eta goxoen bitartez; baina, benetako gogoeta etiko-pertsonalik gabekoak, gehien jota gogoeta politikoak edo bere senitarteko zein adiskideen ingurukoari zegozkionak. Labur esanda, argi eta garbi esanda, gordin-gordin gura baduzue, baina inolako destainazkorik gabe; ordura arte, eta Tuparekikoari dagokionez bederen, Txalapartak propio argitaratzeko istorio bat begitantzen zitzaidan, hots, “lubaki” nobela bat lubakikoentzat. Halere, Tuba kalera irtendakoan, Gasteiza itzultzen denez geroztik, dena aldatzen da erabat. Izan ere, Tuparena zein Uxuekoa txandakatzea Ezker Abertzalearen lelo ideologiko bati egozten nion ia oharkabean: Gerra Zibilekoak zein Frankismoaren zapalkuntzak ETAren borroka armatua nolabait zuritzen edo ondorioztatzen zutena. Lelo ezin faltsuagoa Frankismoaren zapalkuntza Espainia osoan suertatu baitzen. Areago, badaude Espainia barruan Euskal Herriak milaka aldiz gehiago Frankismoaren mendean pairatu behar zuten lurraldeak, besteak beste Asturias aldean bertan, non delako zapalkuntza 34ean hasi, 36ean biziagotu eta gerra ostean oso berandu arte errukigabe luzatu zen, makiak zirela eta. Ez dakit horrelakoxea den benetan Ruben Sánchez Bakaikoaren liburuan, susmoa dut aldiz, ezin dut jakin, baina ulertu behar zait behinik-behinik eskarmentuagatik. Edonola ere, 252 orrialderaino helduta berehalaxe asmatu, gogoeta egin, gogoan erabili nuen zer dela eta Rubenek ez ote duen liburua hemendik aurrera hasi. Zein bestelakoa izango zatekeen liburuan, garaiak eta istorioak nahastuz, txandakatuz, benetako hasiera lagun batekin izandako elkarrizketa hau abiapuntu izan balitz:
—Eta hi nola sartu hintzen ETAn?
—Ezin didak “kaixo”, “arratsalde on” edo holako zerbait esan?
—Barka beza berorrek.
—Etengabe galdetzen dizkidak gauza berdinak.
—Erreparatu gabeko ñabarduraren bat ea agertzen den.
—Dantzan hasi ginenean ez gintuan etorriko zer den-denaren jakitun, baina ez gintuan inozoak ere. Iraultzarekin maitemindu gintuan; ez zegoan ikasketarik, literaturarik, musikarik iraultzak beste grina pizte zigunik.
—Zergatik hitz egiten duk guka?
—Ba, kuadrillaka eta bandoka ibiltzen ginelako, gure kuadrillakoak miliak gintuan, eta hala sartu gintuan ETAn. Gure kuadrillatik, eta lagun genuen beste kuadrilla batetik, ETAren bi talde osatu genitian Gasteizen —eta artean kantatzen hasi zen: Galtzailea nork mendekatuko? Zaurituekin elkartuz, guk zaurituek, zapalduek zu zaitugu mendekatuko.
—Eta kito? Hurrengo egunean hiltzaile batzuk “zarete”?
—Zurrunbilo bat zuan, denak ala inor ez, dena ala ezer ez. Bakarka ezin da, fusilak ala kateak… Baina inoiz ez nian pentsatu hi bezalako bat hiltzea.
—Ni bezalako?
—Gatazkarekin zerikusirik ez zuen pertsona bat.
—“Besteak” hiltzea zilegi al zen, ba?
—Melitón Manzanas eta hi ez duk gauza bera! Hau gerra bat zuan, gerra txikia nahi baduk, baina gerra.
—Gerra? Zuen gerra zuan, baina ez gerra bat.
—Ados, “gure” gerra, orduan. Ezin genian eraman gauean ohera sartu zen franquista, biharamunean demokrata esnatzea, errudunik gabeko amesgaizto bat izan balitz bezala: epaileak, poliziak, armada, politikariak, enpressriak, eliza katolikoa… Trantsizioaren mirariaz denak demokratak.
—Eta zer egin behar zenuten, denak hil?
—Guk espero genian matxinada handi bat etortzea. Kalean indarra zegoan, manifak…
—Zuek oso endogamikoak izan zarete beti, jende normal gehienok paso egiten genian.
—Ziurrenik bai, demokraziaren festa hasi zuan, titiak telebistan, drogak, rocka, boto eskubidea… Antifaxista asko ere demokrata erdi-amnesiko bihurtu zuan, eta komunista batzuk monarkiko juancarlistak.
—Edo ez.
Hondarrak — Ruben Sánchez Bakaikoa
Berriro diot, Ruben Sánchez Bakaikoaren nobela 252 orrialdetik atzera edo hasi ezkero dena goitik behera eraldatuko zen, lehenago idatzitako ezer aldatzeke, dena primeran idatzia dagoelako. Eta hala eta guztiz ere, “lubaki” zehatz batetik etorritako testigantza izaten jarraituko luke; baina, egia esanda, testigantza literarioki zinez borobil eta duina nire aburuz, protagonistarekin zein bere ideologiarekin bat egiteko inolako premiarik izan gabe, enpatizatu bezainbeste. Edonola ere, egiatan irakurtzea merezi duen liburu benetan mardul, mamitsu, zirraragarri bat.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro