kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Airea ez da debalde / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2019

Itsasargiak Irati Majuelo / Berria, 2020-02-02

“Egiteke dugunaren zirriborroak dira testu literarioak”, dio Sarrionandiak, Airea ez da debalde liburuan. Ez da berria iurretarrak berridazketari dion maitasuna; alabaina, idaztea berridaztea izateaz gain, liburu honek literatura hausnarketa, ilusio, oroitzapen eta ikaspenen topaleku ere badela erakusten digu, eta, azken finean, gure bizitzen zirriborro dela. Hala aldarrikatzen du autoreak, behintzat, 2018ko azarotik 2019ko otsailera gauero-gauero idatzitako apunteetan. Gaukari formatua arrotza gertatzen da zenbaitetan oraindik, bereziki saiakeraz ari garenean, ideien antolaketari jartzen diogun arretagatik edota egunero idaztea entrenamendu ariketatzat har daitekeelako. Baina ez al genuke jo behar gure pentsatzeko modutik hurbilen dagoen formatutzat? Sortze prozesua bera erakuts dezakeen idazketatzat? Eguneroko ideia-jasa atertu, eta lurreratzeko baliatzen du Sarrionandiak gaukaria, egia-susmoak dakartzaten izpiak loaren beltzetik salbatzeko.

Habanako ile-apaindegietatik Aralarreko mendialdera, Estatuen Lurraldetik Amurrioko baserrira, Brasilgo hondartza-puntatik Espainiako kartzeletara. Ibilbide luzeak eginarazten dizkigu Sarrionandiaren gogamenak, norabide bikoak ez ezik, gurutzaketa ugarikoak ere badiren hausnarketarako bideak. Gaueko bidaietan, bidelagun ugari izaten ditu, ohiko duen moduan, eta han eta hemen deskubritutako idazleengan guztiontzat interesgarri bilakatzen dituen erreferentziak ekartzen dizkigu gaueko kandelapeko argitara. Behin eta berriz errepikatzen da, esaterako, Ricardo Rojasen izena, idazle argentinarra, bere herrialdeko indigenen desagerpena parez pare ikusi eta idatzi zuena.

Kolonialismoak eta haren ondorioek zeharkatzen dute lau hilabeteko gaualdia. Herriari eta herri zapalduei buruzko gogoetak konstante bat izan dira Sarrionandiaren lanean, baina honako honetan arrazari eta generoari buruzko hausnarketek sostengatzen dituzte, idazlearen begirada kritikoa etengabeko eraberritzean dagoela ikusaraziz. Erbestea, kartzela eta literatura ditu mintzagai, ezinbestean. Baina baita zinema, adiskideak eta jolasa ere; ezin liteke, bestela. Haur begiradarekin mintzo da batzuetan, alabaren inozentziatik bizitza deskubritzean. Besteen begietatik hitz egiten digu besteetan, inoren ahotan entzundako ipuin eta pasarteak gure egiteraino.

Liburua zabaltzean, gaueko idazketan izan beharrean ipuin kontaketan imajinatzen dut Joseba bere etxeko egongelan. Hitz egin baino, entzutea nahiago duen ipuin-kontalaria, eta, horregatik agian, haren hitzetan, egia borobilik agerian utzi nahi ez duena, baizik eta ipuinen bazterretan egiak ezkutatzen dakiten horietakoa. Liburu bat zabaltzea itsasoan dauden ontziei itsasargi bat piztea bezala dela dio Sarrionandiak lehenengo gauean. Asmo onez pizten dira itsasargi batzuk, ontziak labarretan hondoratzea nahi duten bandidoek pizten dituzte besteak. Egia intermitenteak dakartza gaukari honek ozeanoaren bestaldera. Ipuinak kontatzen entzun nahiko genuke, gure etxeko sutondoaren epelean, baina bizitzak beste bide bat zirriborratu artean, itsasargien mezuak deszifratzen jarraitu beharko dugu.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak