kritiken hemeroteka

7.443 kritika

Azken kritikak

« | »

Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2003

Atxagara bueltan Txema Arinas / uberan.eus, 2019-12-05

Ekin izan diot Bernardo Atxaga berrirakurtzeari, bai, orain dela astebete batzuk eman zioten sari potolo baten ondorioz. Ez nuen Obabakoak hiru bider irakurri nahi. Badakit Obabakoak liburu aparta dela, bere garaian euskal narratiba goitik behera astindu eta nolabait eraberritu zuela. Obabakoak dugu Gabriel García Márquezen Cien años de soledad moduko liburu iraultzailea, euskararen mundu txikian bederen: gai ginen, bai, literatura garaikidea idazteko, behinik behin eredu berriei eusteko. Ematen zuen, eleberriari zegokionez behintzat —euskal literatura erabat irauli zuena Gabriel Aresti izan baitzen duda izpirik gabe- Txomin Agirreren eleberrigintzatik alde egiteko gauza ginela. Tamalez, eta Obabakoak oro har alde batera lagata, ez dakit nik, batez ere Atxagaren Soinujolearen semea beste behin irakurritakoan, irauli baino berriztatu besterik ez zuen egin.

Soinujolearen semea eleberrian Atxagak, eta Txomin Agirre eta enparatuek egin bezala, galtzear dagoen mundu batera bueltatzen gaitu. Horretarako David protagonistaren begirada erabiltzen du, hau da, delako mundua liluraz begiratzen duena. Bada, beraz, euskal mundu jatorraren eraldakeraren berri ematen digun istorio bat, bere herrira, hau da, txikitan edota menturaz bere nagusien ahotik ezagutu zuen herrira, etengabean itzuli nahi duen David nerabearena. David nerabeak asko sufritzen du Donostin ikasi behar duelako Obabatik urrun, metaforikoan behintzat. David bere herriko baserritar lagun jatorrekin bueltatzen irrikan dago bere gurasoen apetei muzin eginez, semea bizian aurrera egin dezan behar bezala kaletartzea nahi baitute. Gero gerokoak, Daviden begiratu zintzo, zoli eta batik bat xamurrari esker euskal mundu jator horretako belaunaldi oso baten gorabeherak hizpide ditugu, nahiz gure herriko iraganaren altzo oparo zein korapilatsuan aztarrika, nahiz orainaldiko etengabeko aldaketei buruz gogoeta eginez. David oso mutiko jator eta sotila, ezta posible bera atsegin ez izatea, batez ere bera bezalako herri batean edo sortua baldin bazara, lekuko aparta, fin-fina, agian azkarra ere baita, Euskal Herriko historiaren nondik norakoak jorratze aldera. Bada, izan ere, euskal literaturaren betiko euskaldun mutiko zintzo prototipiko maitagarria, denok berarekin identifikatzeko propio sortua, baliteke euskaldun gehienek euren burutzat hartzen duten eredu aitorrezina delako, edo gutxienez kritikalariek, Soinujolearen Semearen orduko kritika gehienak leitu besterik ez da egin behar nolatan Davidekin bat egiten zuten asmatzeko, noraino liluratu ziren eleberriaz lehenengoan argitaratu eta gero. Hala ere, David ezta, inondik inora ez, Txomin Agirreren pertsonaietariko bat; David dugu, galtzear dagoen mundua maite duen mutiko jatorra, bai, baina mundu horren alde mendira aspaldiko karlisten modura jo beharrean, edo Sabino Aranaren obra guztiak irakurtzeari ekin beharrean, David aldaketetara moldatzen saiatzen da. David, esan bezala, herriminak jota dago, bai, baina bada ere oso mutiko buruargia. Buruargia bezain aspergarria, Daviden begirada zintzoegia, sotilegia, murriegia, atseginegia zaidalako. Ez du malizia apurrik, ezin du izan apika, ez behintzat gehienen gustukoa izateko sortua baita, inor inolako ironiaz edo sarkasmoz ez eztenkatzearren. Antza, David Atxaga bera bezain zintzoa, zoli eta atsegina da, hau da, itxuraz denok maitatua izateko propio sortua. Ni ordea oso tipo okerra, maltzurra, erretxina, omen naiz. Horrexegatik ezin naiz 356 orrialdetik aurrerago joan —eta baliteke, ez dut ondo gogoratzen, aurreneko irakurketan berdin suertatzea, auskalo-, honako esaldiok irakurri eta gero, hain zuzen ere:

“Berak bekokia ilundu zuen: “Ez diat krokodilo gehiago tailatuko. Hori dena bukatu duk”. Eta beste albiste bat ere eman behar dizut, David”, esan zuen Teresak. “Eman azkar, mareatuta naukazue hainbeste gauza berrirekin”. “Orain frantsesa naiz, David. Hemendik urtebetera Gebevièveren lehengusu batekin hasiko naiz lanean. Hotel txiki bat zuzentzen du Miarritzetik gertu. Eta Adrianek eta biok planak dauzkagu hotel horri buruz ere.”

Egiatan, sano aspertu nau Atxagaren Soinujolearen semeak, Obabakoak-ek denok bezala liluratu adina, hein handi batean liluratzeko garaia zelako. Baina, akorduan aztarrika eginda ere, gainerako idazlan gehienek ere nola edo hala gogaitu egin ninduten. Horrenbestez, ezin da ageriagoa izan tipo errotik makurra eta petrala naizela, ezin hobeto ulertzen dudalako Atxagaren arrakasta bere literaturari erreparatuta. Izan ere. Bai, badirudi ezinsbesteko genuela Atxaga gure literaturaren ikurra izan zedin, alde batetik inor aztoratzen ez duen idazle zintzo eta jatorra, gauzak beti ezti-ezti idazten/esaten dituenak, denoi atsegin egiten zaiena bere ahotan literatura behar bezalakoa baita publiko handiak espero bezala hau da, irakurlego zabal, zintzo eta zoliaren begietara. Horrexegatik, Atxagaren literatura dugu ezer baino lehen eztia, atsegina, arina den zerbait, hitz goxoez zein metafora politez nornahi aho zabalik uzteko modukoa, hots, denon gustukoa, denok asebetetzekoa, denok euskarazko idazte jator, zintzo eta batik bat zuhur baten aldetik espero omen dena, zuhurtzia estilo literariorik borobilena da eta. Areago, premiazkoa genuen Atxaga gure literaturaren ikurra kanpora ateratzeko, batik bat gainerako literaturetako gailurrekin homologarria egiteko, Atxaga, jalgi hadi erdal mundura! Ondo asko genekielako erdaldunen gustukoa ere izango zela, ezinbesteko ezaugarri guztiak biltzen zituen-eta euren aurrean euskal literaturaren ordezkari nagusia izateko bere belaunaldiko beste idazle handi ere batzuen aldean. Baietz ba, oso gaiztoa omen naiz, horrexegatik ere oso gauza itsusi bat esango dut nire kalterako, ezer baino lehen gure artean betiere iritzi nagusiei men egiteko edo behinik behin ixilik egoteko behartuak gaudela dirudielako, beharbada inondik inora esan behar ez dena konparaketa guztiak gorrotagarriak bezain eztabaidagarriak direnez gero; baina, Bernardo Atxagaren arrakasta erdal munduan guztiz ulerterraza begitantzen zait, Ramon Saizarbitoriak erdarara itzulita lortutako oihartzun murritza bezainbeste.

Azken kritikak

Zeldak
Elena Olave

Irati Majuelo

Euskal Herria 2050
Askoren artean

Aritz Galarraga

Miñan
Amets Arzallus Antia

Ibon Egaña

Txipiroiak bere beltzean
Rafa Egiguren

Javier Rojo

Aldibereko
Ingeborg Bachmann

Joannes Jauregi

Simplicissimus
Patxo Telleria

Aiora Sampedro

Miñan
Amets Arzallus Antia

Estibalitz Ezkerra

Simplicissimus
Patxo Telleria

Javier Rojo

Etxeak eta hilobiak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Hik ez dakik zer den beldurra
Karlos Linazasoro

Txema Arinas

Hik ez dakik zer den beldurra
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Hondarrak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Javier Rojo

Miñan
Amets Arzallus Antia

Nerea Goioaga Uriarte

Aitaren etxea
Karmele Jaio

Alaitz Andreu

Artxiboa

Urtarrila 2020

Abendua 2019

Azaroa 2019

Urria 2019

Iraila 2019

Abuztua 2019

Uztaila 2019

Ekaina 2019

Maiatza 2019

Apirila 2019

Martxoa 2019

Otsaila 2019

Hedabideak