kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Munstro abertzalea / Ignazio Aiestaran / Elkar, 2003

Zer gara ni? Ezkurra! Markos Zapiain / Egunero, 2003-05-03

Arestiz ari dela, hauxe dio Koldo Izagirrek: “Poeta zibil bikain baten premia daukagu, orain, hemen, bere isolamendu tragikoan, bere desmasia elekarian, ezintasun nazional hau modu eraginkorrez salatzeko” . Aiestaranek Gabriel Arestiren Harri eta Herri-ko bertsogintza libre kontundentea darabil, aliterazio eta paralelotasun martxosoz zipriztindua; halaber, bai Harri eta herri-n eta bai Munstro abertzalea-n, bat eta bera dituzu gizona eta poeta. Ordea, Arestik badaki nor den, bere borondatearen kemenak sortu baitu bere burua, eta gainera uste du “nire izena nire izana dela”.

Bien bitartean, baina —Joxe Azurmendi filosofo-poeta helduak, Aiestaran poeta-filosofo gaztearen liburuari emendatu dion hitzatze mardul eta zolian iradokitzen duenez—, borondatea ahuldu egin da indar poetiko erabakitzaile gisa. Batetik, atzemana dugu nortasun ororen —demokrata, abertzale, legezale, bakezale— mozorro izaera. Bestetik, poeta, mozorroak noizean behin “erortzen zaizkiona” da, “puskatzen zaizkiona”. Alegia, ez “eranzten dituena”, . edo “erauzten”.

Kontua da Aiestaranek arazo duela izena, bere gurasoei Iñaki jartzea debekatu zietenez geroztik. Berak Ignacio izenpetzeari eutsi dio, juduek naziek markatu zenbakia daramaten legez. Ingurukoen ispiluek ere, ez diote izena eta izana biltzen laguntzen, frantsesentzat espainiar baita, espainiarrentzat basko, baskoentzat nafar, nafarrentzat putobasko, erdaldunentzat euskaldun, euskaldunentzat euskaldunberri…; orobat, abertzale den heinean, hainbatek du munstrotzat.

Ez alferrik. Behin mozorroak hautsirik, ispilura hurbildu eta Aiestaranek berak ere gauzaki estrainio fantastiko bat aurkitzen du, alegiazko elementu izugarria.

Identitatearen arrakalak Aiestaranen herriari ere erasaten dio. Euskal Herriaren idealizatzaileei gogorarazten die putakumeak bere ama Ama Birjinatzat duela maiz, eta geu ere euskal urdangaren bastartak garela, abiapuntu egokia poeta zibil bikain honek gure ezintasun nazionalaren berri eman ahal izan dezan: torturak hemen gorputzak gorpu bihurtzen ditu —baina demokrazian ez da torturatzen; auzitegietan egia elektrodoz, hematomaz eta bainuontziz sortzen da; gure gudarien oldar aldizka koldarrek Euskal Herria hilerritu digute; gazteak pikutan dauzkagu; enpresek kiebra jotzen dutenean, Aiestaranen aita lako hirurogei urteko langileak, egunero hamabi orduz lan egindakoak, karrika gorrian jartzen ditugu, baina enpresa horietako nagusien txalet eta oporrek egundo ez dute kiebra jotzen:..

Munstroa barne-muinetan, munstroa paperetan, munstroa edonon, munstroa lagun.

Anbiguotasun positiboa

Izan ere, munstroa ez da nahitaez txarra. Azurmendiren iritziz, anbiguotasuna berez positiboa da, erdietsi beharreko zerbait, eta Aiestaranentzat soilik munstro ukituren batek sor dezake askatasuna, koka gaitzake sailkatze orotatik at. Zeren esklabotza, askatasuna definitzeaz batera agertu baitzen. Eta herria zer den ulertuagatik, inork ezin du mugatu. Rhin eta Elba ibaien artekoa Alemania da guretzat, baina Aturri eta Ebroren artekoa, berriz, bihotza. Hortaz, euskal munstroaren berri emateko, poesia behar da, ez silogismoa. Aiestaranen abertzaletasuna emozio isil iheskor batek bizi du: abertzale da, Lurreko txoko honetatik ilargia nola ikusten den gustuko duelako, baina bost axola zaizkio Rh negatiboa, ikurrina eta Gernikako arbola.

Joxe Azurmendik Kolonian idatzi dio Aiestarani bere erantzun librea. Dirudienez, kolonia eta klon izenek jatorri bera dute: inperioaren ahalegina gauzatuko luke koloniak, metropoliaren biki bat eraikitzeko. Azurmendik, unibertsalismo eta mestizaia kontzeptuak, nagusiek beren klongintzaren iskilu mozorrotu gisa zelan erabiltzen dituzten aztertzen du, txiki eta ahul izan arren diferente jarraitu nahi duen baten ikuspuntutik. Euskaldunaren gogoeta eta herri boteretsu baten kidearena desberdinak dira, arazo desberdinak dituztelako.

Esate baterako, Clement Rosset filosofo frantsesak ederki defenditu du Loin de moi liburuan ez dagoela nortasun pertsonalik, egiazko identitate bakarra nortasun-agirikoa dela, paperetakoa; ez zaio burutik pasatzen paperak ere gatazkatsu izan daitezkeela. Frantsesek ez dituzte Aiestaranen gurasoen kalapitak nortasun agiriekin, kalapita arruntak gurean; identitatearen gaineko beren filosofiek ere, horrenbestez, gureak ez bezalakoak behar dute baitezpada.

Behin batean, etxera bueltan, paper batzuk betearazi zizkiguten Sondikan: nondik gentozen, zertan ginen ibiliak eta halakoak. Izena atalean, Markos idatzi nuen, betiko legez, inongo asmo probokatzailerik gabe. Polizia batek irakurri eta “te has confundido, Markos se escribe con c de cabrón”, esan zidan. Baina tira, nahastu naiz, euskal arazo bat ilustratu nahi eta gure zori onaren beste adierazpen bat irten zait ezustean, gure agenteen grina pedagogiko ederra, ortografiaren eremu zailera ere hedatzen dena!

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak