kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Idazleen gorputzak / Eider Rodriguez / Susa, 2019

Gorputz-irakurketak Iratxe Esparza / Gara, 2019-04-27

Zein da emakumezko idazleei utzi zaien lekua euskal literatura sisteman? Protagonistak akzioan bertan, ekintzan eta erdigunean jarriz, Eider Rodriguezen lanean argi eta garbi islatzen da emakumea izateak idazleek hartzen duten espazioa eta plazara ateratzeko testuingurua baldintzatzen dituela. Kulturaren sortzaileak dira liburuan modu batean edo bestean diharduten emakumeak: Jule Goikoetxea editorea, Eider Rodriguez idazlea, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Uxue Alberdi idazleak eta elkarrizketatuak. Protagonistek daukate hitza, argitaratu dituzten testuen inguruan aritzen dira, idazteko prozesuaz, harreraz eta idazle izateko ibilbidean topatutako zailtasunez.

Zalantzarik gabe, biluzteko ariketa kolektibo bat da, liburuari sakontasun berezia ematen diona, haien testigantzak indar batek elkartzen dituelako gorputzaren inguruan biratzen direnean.

Zer dakar emakumea izateak? Non kokatzen dira idazle horien konplexutasunak? Nola betetzen da gorputzetik emakumezko-idazle-unibertsoa? Ez dago erantzun bakarra, horregatik da hain interesgarria bizipenetatik abiatzea: idazteko egoera ezberdinak eta husteko momentuak, emakumea izate hutsagatik eszenan sartzean jartzen zaizkien oztopoak, gorputzetik idaztea edota gorputza bera zentsuratzea.

Elkarrizketatutako bost idazleak zorrotzak dira beren buruarekin, askoz gehiago ohartzean espazio publikoko partaideak direla, hala ere, trabak traba, ekintzaileak. Ez bilatu biktimizaziorik liburuan, ezta morborik ere, Rodriguezek eta proiektuan parte hartzen duten idazleek oso tonu irmoa erabiltzen dutelako. Horregatik, generoa eta sexua edonolakoa direla ere, idatzi eta jasotako bizi-esperientziak guztiontzako gomendagarriak dira, genero-sisteman errotuta dauden hitzarmen sozialak identifikatzeko balio erantsia daukatelako.

Halaber, azpimarratu nahi dut Eider Rodriguezen lanak transmititu didan zirrara era diferenteetan zabaldu dela nire gorputzean. Lehenik, emakume bezala, zeharkatzen nauten bizipenak erne jarri dira eta testuan dauden hainbat gaik gorputzetik hausnartzera bultzatu naute. Bigarrenik, irakurle bezala, elkarrizketatuak ausartak izateaz gain, sexuen hierarkizazioak ezarritako ezberdintasunak ere jasa(te)n dituztela sentitu dut, literaturaren arloan, haien lanak objektibotasunik gabe epaituak izan direlako; dena dela, lasaigarria izan da ikustea erresistentziak eskaintzen dituen bide anitzen artean mugitu direla. Hirugarrenik, ikertzaile bezala, Rodriguezen liburua teorizatzen jarraitzeko lanabes emankorra da, bereziki, gorputz-ibilbideen kontzeptuari dagokionez, hau da, “gizarte-egitura jakinen barruan eta kolektibo baterantz bideratzen gaituzten banakoen bizi-prozesuak” —Mari Luz Esteban irakasle eta antropologoaren hitzak neureganatuz— mahai gainean jarri dituelako eta horrek ahalbidetzen du euskal literatura sisteman sortzen diren genero gatazken berri izatea. Izan ere, Urretabizkaiak, Mintegik, Meabek, Jaiok eta Alberdik kontatzen digute egiletasuna nola bizi izan duten eta nola kudeatu dituzten maila pertsonalean “emakumea” konstruktuak gorputzean utzitako markak. Gainera, idazleen esperientziaz jakiteak hexi-korporala deritzona erabiltzeko aukera ematen du, hots, testu literarioak aztertzean idaztearen prozesuaren eta arau sozialen arteko lotura saihetsezinak identifikatzeko eta onartzeko. Amaitu baino lehen, liburuan indarrez sumatzen den baieztapena nabarmenduko nuke: gorputzak politikoak dira, ezin aproposagoa agerian uzteko literatura sistemetan dauden menpekotasunak eta desorekak.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak