kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Berriro itzuliko balitz / Xabier Etxeberria / Elkar, 2018

‘Genero’ literaturaren alde Joannes Jauregi / Berria, 2019-03-03

Nahiko oharkabean pasatu da Xabier Etxeberriaren Berriro itzuliko balitz nobela, 2017ko Zubikarai sariaren irabazlea, eta, alde batetik ulertzekoa den arren zenbait kritikarik genero literaturari dioten destaina —“ez diot hori eskatzen literaturari”, zioen duela bi aste, kritika fin batean, Aiora Sampedro orrikideak—, iruditzen zait zenbait nobelak merezi dutela nolabaiteko aitortza bat, aspirazio estetikorik ia gabeak izanagatik entretenimenduaren esparruan eroso eta zintzo aritzen direnean behintzat.

Halakoxea dugu, nik uste, Etxeberriaren thriller hau: gardena, orekatua, soberako handinahirik gabea eta ondo funtzionatzen duena bere generoaren barruan. Karlos Jaso musikari nafarra du protagonista, zeina emaztearen heriotzaren dolu betean dagoen Danimarkako Heinsborg herrixkan. Liburuaren lehen partea kontakizuna girotzeari eskainia dago nagusiki: Karlosen doluaren eta egunerokoaren berri ematen zaigu, optika aski intimista batetik, eta ikusten dugu zer-nolako harremana duen inguruko pertsonekin, alkoholarekin eta Danimarkako inguru arrotzarekin. Girotze horretan, Etxeberriak agertokia prestatzen dio, ezari-ezarian, bigarren partean lehertuko den thrillerrari, eta bien bitartean elementu mendekatzaile bat tartekatzen du, beste plano batetik istorio nagusira hurbilduz doana. Eta orduan, bat-batean, bi plano horiek bat egiten dute bigarren atalean, eta kontakizunak sekulako erritmoa hartzen du. Bigarren partea nabarmen da biziagoa lehena baino, eta, arnasaldiren bat edo beste salbu, azken orrira arte eusten dio erritmoari.

Erritmoaren kudeaketa da, hain justu, nobela honen bertuterik handiena; bi plano edo ikuspuntuen arteko txandakatzea ongi neurtua dago, eta tartekatze hori, berriz, behar bezala erabilia istorio osoaren erritmoan. Aukeran, baliteke bukaera bat-batekoegia izatea: hainbesteko abaila hartzen du nobelaren bigarren zatiak, ezen bai baitirudi akaburako erritmo horrek irensten duela istorioa bera. Irakurleak arnasa hartzeko astirik gabe bukatzen du nobela, eta, batek daki, beharbada hori izango zen lortu nahi zen efektua. Auskalo. Bestalde, bere xumean, hainbat gairen isla ere ikus dezakegu nobelan: heriotza eta dolua, adibidez, hasiera-hasieratik dira garrantzitsuak, eta xenofobia ere oso presente dago. Are gehiago, ezinbesteko elementua da argumentuari aurrera eragiteko. Xenofobiaz beraz bainoago, xenofobiaren pertzepzioaz ari zaigu nobela, betiere Karlosen ikuspuntu arroztutik, zeina, bidenabar esanda, gero eta ez-fidagarriagoa den nobelak aurrera egin ahala.

Egia da, bestalde, Sampedroren gogoetei jarraikiz, honelako lanetan generoaren konbentzioak aise bihur litezkeela hertsadura, eta “motibo errepikakorrek irakurketa mugatu eta literatura aurreikusgarria bihurtzen” dutela. Baina ez dut sinesten hain muga argirik dagoenik genero literatura deritzogun horren eta Egiazko Literaturaren artean. Etiketa horiek kanpotik jarriak izaten baitira sarritan, oker jarriak ez gutxitan, eta, nolanahi ere, beti-beti irakurlearen esperientzia mugatzera bideratuak. Eta nago ez ote zaigun oztopo liburuak zintzoki irakurtzeko.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak