kritiken hemeroteka

8.610 kritika

« | »

Mila ezker / Garbiñe Ubeda / Susa, 2009

Eskerrak Aritz Gorrotxategi / El Correo, 2019-02-23

Orain urte batzuk, Garbiñe Ubedak “Mila ezker” izenburuko saiakera interesgarria kaleratu zuen ezkerrei buruz. Ezkerra naizen aldetik, are interesgarriagoa, berezitasun hori oso hurbiletik bizi izan baitut beti. Zorionez, joanak dira ezkerrei ezker eskua erabiltzea debekatzen zitzaizkien garaiak. Nik ez dut horrelakorik bizi izan, baina, txikitan, mezetara joaten nintzenean, ezker eskuarekin egiten nuen aitagurea, eta, behin, atso batek kargu hartu zidan, eskuinarekin egin behar zela, eta ez ezkerrarekin. Izan ere, eskuinek eskuin-ezker egiten dute errezoa, eta ezkerrok, berriz, ezker-eskuin. Eta, antza, horrek aldrebestu egiten du Jainkoaren aldeetan eserita daudenen ordena eta hierarkia. Urte batzuk geroago, ipuin bat eskainin nion gaiari, futbolaren mozorropean. Aurrelaria penaltia zer aldetara jaurti behar duen erabakitzen ari da; atezaina, berriz, bere burua zer aldetara botako duen. Biek aukeratzen dute alde bera, atezainaren ezkerraldea. Jaurtitzaileak fedeagatik jaurtitzen du bere eskuina (Jainkoa esertzen den lekua delako); atezainak, berriz, bere ikastetxeko apaizak gorrotatzen zituelako, ezkerrera botatzen du bere burua, hura baita alde heretikoa. Arestian esan bezala, ezkerra ala eskuina zaren arabera, eserleku horiek aldatuta egon daitezke. Eta, jakina, zerua bera ere aldatuta egon daiteke mapan.

Halaber, eskola garaian traumatizatuta ibili nintzen narrasa nintzelako. Eskuz idazten genituen gauzak koadernoan, eta nik beti uzten nituen zirriborroak. Horrek, jakina, zerikusia zuen noten azken emaitzan. Denborarekin ohartu naiz zirriborroen arrazoia ez zela nire narraskeria, nire ezkertasuna baizik. Hasi idazten ezker eskuarekin ezkerretik eskuinera, eta ikusiko duzue zer gertatzen den eskuaren ertza tinta idatzi berriaren gainetik pasatzen baduzue. Egia da neurologoek ezker hemisferioarekin eta sormenarekin lotzen dutela ezkerra, baina has zaitez azalpen zientifiko horiek ematen orduko OHOko irakasleei… Edo nola esango nien, bada, Kafka ere ezkerra zela, zomorro eta zoko itogarri horiek guztiak ezker baten eskutik atera zirela? Azken batean, batek daki zenbat zor dion Kafkaren unibertsoak idazlearen beraren ezkertasunari…

Bestalde, ezker-eskuinen ikuskeraren berezitasunak oso nabarmenak dira hizkuntzari dagokionez. Garbiñe Ubedak dioenez, ezkerra, ezkertia, gaucher edo gauchère da frantsesez. Gaucherie esaten zaio abilidade ezari eta gauche edo maladroit erabat baldarra denari. Gazteleraz ere berdin, cero a la izquierda izatea leporatuko zaio ezdeusari. Aldiz, brazo derecho esango diogu konfiantza osoa duen laguntzaileari eta ojo derecho oso kuttun dugunari. Bestalde, hor dugu ohetik “ezkerreko hankaz jaikitzeak” dakarren desastrea. Denok dakigu, halaber, italierazko sinistra hitzak duen konnotazio ilun eta madarikatua. Euskaraz erreferentzia bakarra topatu du idazleak. Gorrotoa “ezkerreko begiz jota” adierazten dela. Susmagarriki, oso lotuta daude gurean “eskuina” hitza eta “eskumen” eta “esku” kontzeptuak. “Eskuin”, “eskumen” nahiz “zuzen” eta “zuzenbide” hitzak adierak bakarrean bilduta ikusiko ditugu ingelesez, frantsesez nahiz gazteleraz: “right”, “droit” eta “derecho”, kontzeptu desberdin honek denak noizbait bat eta bera izan direla iradoki nahiko baligute bezala. Ubedak Spike Leeren filmeko izenburua dakar gogora. Do the Right Thing. Alegia, izan eskuina, jokatu zuzen.

Hortaz, heteropatriarkatuari arrazoi osoz leporatzen zaion hizkera sexistarekin batera, esan daiteke agintean aspalditik dagoen eskuinen pentsamoldeak gauza bera egin duela historikoki ezkerrekin, alde hori estigmatizatzeraino. Ezkerrek eskuinen mundura moldatu behar izan dugu orain gutxi arte. Zenbat objektu ez ote dauden pentsatuak eskuinentzat: guraizeak, musika-instrumentuak, erlojuak, poto-irekigailuak… Are gehiago, bere burua ezkerrekotzat eta progresistatzat duten eskuin askok zenbatetan egin dute ezker baten larruan jartzeko ariketa?

Munduko ezkerrok, batu gaitezen behingoz gure eskubideak defendatzeko eta bazterketa honekin behin betiko amaitzeko.

Azken kritikak

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak