kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Kamisoi zuri zetazkoa / Alaine Agirre / Erein, 2018

Emakumetzea Estibalitz Ezkerra / Gara, 2019-01-12

Bere aurreko lanen antzera orri kopuruari begira laburra da Alaine Agirreren nobela berria, “Kamisoi zuri zetazkoa”. Ez gaitzala luzerak engaina, ordea. Ez da eserialdi batean irakur daitekeen liburua. Ez da, ez, udako irakurketa moduan sailkatu daitekeen nobela, patxadaz eta plazer hutsez kontsumitu daitekeena. Bertan azaltzen zaigun istorioa arras gogorra da, eta gertaerak garatu ahala behin baino gehiagotan sentituko du irakurleak irakurketa eteteko beharra, amorruagatik batzuetan, azaltzen dena mingarriegia delako, aldiz, beste batzuetan.

Aurreko nobelak ezagutzen dizkion irakurleak jadanik jakingo duenez, gai arantzatsuei buruz idazten du Agirrek. Orain arte esan gabe geratu diren gaiak. Tabu direlakoan, baztertu egin diren gaiak. Emakumeengan eragin handia duten baina emakumeenak bakarrik ez diren gaiak. Gertaerei zuzen heltzen die idazleak, itzulingururik gabe. Trebetasun paregabea du pertsonaien hauskortasuna, babesgabetasuna eta bakardadea irudikatzeko orduan, eta beti ere errespetu handiz egiten du, aurreiritzietan erori gabe.

Oraingoan udako kanpamentu batean begiraleetako batek bortxatu egiten duen adingabekoaren gogoetak dakarzkigu Agirrek, Sara Moranteren ilustrazioekin lagunduta. Gurasoek behartuta doa kanpamentura protagonista, ingelesa hobetzearen aitzakian, baina egiazki lagunak egin ditzan, neskato isila baita eta bere kaxa ibiltzeko joera handiegia baitu. Egiazki, gurasoek pentsatzen dutenaren kontra, protagonistak ez du ezohikoa den jarrerarik erakusten.

Nerabezaroaren atarian dauden ume oro bezala, batik bat neskatoei dagokienez, galduta sentitzen da. Gorputzari begira nabaritzen hasi den aldaketek —lehen hilekoa, lehen bularretakoa— aztoratuta daukate, eta ez du norekin hitz egin, ez du entzungo duen inor. Ume bat da oraindik, baina emakume egin dela esaten diote. Zer esan nahi du horrek, ordea? Ospatu beharreko kontua dela eta jai bat antolatzen dio amak, baina bera bezala jadanik hilekoa duten neskatoak eta haien amak bakarrik daude gonbidatuta. Aitak ez du hitzik esaten, emakumeen kontua delako. Amonak, berriz, aitonari ezer ez komentatzeko esaten dio protagonistari, baita etxetik kuleroetan ibiltzea debekatu ere.

Bortxatu egiten duen begiraleak bere desirak betetzeko gonbidapen eta baimen moduan ikusten du protagonistaren emakumetasuna. Horra zer den emakume bihurtzea: arazo, tabu, ezkutatu beharreko gorputza gizonak tentaldira eraman ditzakeelako. Errua beti baita emakumearena, emakume delako. Bide batez esanda, 11 urte besterik ez ditu protagonistak eta bere gorputza jadanik sexualizatu egin dute.

Gertaerei aurre egiteko bitartekoak faltan ditu neskatoak. Badira begiraleari gauez bere gelara joaten denean esan nahiko lizkiokeen gauzak, esate baterako, ezeroso sentiarazten duela, negar egin nahiko lukeela berarengandik hain gertu esertzen zaionean. Baina ez ditu esaten. Irribarre egiten du horren ordez, hala esaten baitzaiei neskei txiki-txikitatik, irribarre egin behar dutela beti, beren ardura bailitzan ingurukoak une oro ondo sentiaraztea. Emotional labor esaten diote ingelesez, lan emozionala, emakumeengandik bereziki espero den besteen poztasuna eta zoriontasuna ziurtatzearen beharra.

Eszena laburrak dira, bineta antzekoak ia, iradokitzaile bezain suntsigarriak. Idazleak maisutasunez aurkezten digu gertaera lazgarria; irakurlearen esku geratzen da arazoaren ernamuinera jotzea, halako gertaerak ahalbidetzen dituen gizartearen barruan bere burua (eta konplizitatea) kokatzea.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak