« Metronomo-lana | Hiru liburu lasai irakurtzeko »
Fakirraren ahotsa / Harkaitz Cano / Susa, 2018
Bueltan da Joannes Jauregi / Berria, 2018-12-23
Zazpi urte pasatu dira Harkaitz Canok Twist argitaratu zuenetik, baina saihetsezina da oraingo Fakirraren ahotsa haren argi kontra aztertzea. Desberdinak dira oso, baina, aldi berean, ezin dira bereizi. Bi-bien oinarrian dago errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasa, egileak fikzioa erabiltzen baitu errealitatearen zuloak betetzeko. Abiapuntu hori konpartitzen dute bi nobelek; hortik aurrera, eleberri bakoitzak bere bidetik egiten du aurrera, hala narrazioan nola gaietan. Horren adibide dugu euskal gatazka delako horrek zer-nolako presentzia hartzen duen batean zein bestean; Fakirraren ahotsa ez baita, nik uste, Gauzaren literaturaren parte, nahiz eta ia itogarria den nobelan duen presentzia. Gatazkaren beste ifrentzu bat erakusten digu, nik uste, Twist-en aldean; ifrentzu bat ezin hobeto haragitua Imanol Lurgain pertsonaian.
Izan ere, Twist ez bezala, nobela hau pertsonaia bati buruzkoa da; are, artista bati buruzkoa, eta artista horren istorioak ardazten du eleberria. Kontatzen da bizitza bat bost partetan, bost bizialdi bereizitan, protagonista gazte militantetik —“Prest zaude gehiago konprometitzeko?”— zahar deserriratura —“Mahats hauek neronek jaso nitinan, duela ehun urte”. Bost parte dotore atonduak eta ezinago neurtuak, non istorioak ia bere kasa egiten duen aurrera eta non egileak ezin hobeto kontrolatzen dituen erritmoak, narrazioarena zein istorioarena, zeinak ez baitatoz beti bat. Pertsonaien lanketa ere aparta da; protagonistak oso-osorik betetzen du eleberria, baina arnasa hartzeko adina leku uzten die bigarren mailako pertsonaiei, haiek ere ederki karakterizatuta baitaude; are gehiago, pertsonaia nagusia ere karakterizatzen dute.
Gainerakoan, nobelak Canoren narraziogintzaren ohiko osagaiak ditu: poetikotasun neurritsu bat leku-giroen deskripzioetan eta pertsonaien elkarrizketetan, kutsu ia zinematografiko bat elkarrizketen eta narrazioaren taxutzean, testu onak nonahi… Guztiak ere egilearen literatur teknika zailduaren —ezen ez maiztuaren— erakusgarri, zeina esperimentazioaren mugetara eramatera ere ausartu baita inoiz, 216. orrialde inguruan, kasurako; bikaina, benetan, pasarte hori. Ohiko bikaintasun horretatik harago, baina, Fakirraren ahotsa-k apenas dakarren berritasunik, egileak gehiago sakontzen baitu girotzean eta metaforetan, arestian aipaturiko poetikotasun horretan, nahi bada. Eta arrazoiz, ziur asko. Baina, hari horri tiraka, esango nuke badagoela errazkeriarako joera bat, irudi poetikoen nolabaiteko higatze bat, batik bat bukaera aldera, zeina, bidenabar esanda, aukeran luzatuxe dagoen, ia azken ordu laurdena sobera duten filmen antzera. Esaterako, iruditzen zait —inpresio pertsonalaren kategorian sar genezake hau— nobelak sobera duela 319. orrialdetik 328.erako partea, sentimentalkeria erraza eta betelana —ederra izanik ere— baitira nagusi, eta narratzaileak ere estropezu egiten baitu. Esan beharrik ez dago horrek apenas kaskartzen duela nobela, baina pena da zeinen nabarmen egiten duen behera parte horretan.
Idazle bikaina dugu Cano, eta nobela ere, aparta, gorabeherak gorabehera. Baina nago motz geratuko zaigula egilearen dohain literarioak jada ezagunak genituenoi, betikoarekin —betiko jenial horrekin— gozatzeko lain baino ez baitigu ematen. Eta beharbada ez da gutxi.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi