« Maitasun mugagabea | Haizea »
Atzo / Agota Kristof (Eskarne Mujika) / Alberdania/Elkar, 2003
Erroen desira Asier Sarasola / Gara, 2003-04-05
Deserrotuen istorioa dugu Atzo, Agota Kristoffen laugarren nobela hau. Protagonista deserrian bizi da, idazlea bera bezala (eta ez dira honetan parekotasunak amaitzen), ihes egiteko beharrean ikusi zuelako bere burua hamabi urte zituela. Sustraiak haizkorakada hiltzaile batez mozten saiatu zen, eta izena ere aldatuko du herrialde berrira iritsitakoan. Nortasun berri bat. Nortasuna agiriek diotena baino sotilagoa da aldiz, eta ez dira horren erraz ixiltzen iraganean egindako orroen oihartzunak. Errorik gabeko protagonista beraz, errari bizitzea derrigor duena. Arrotz, atzerritarra delako. Arrotz, idazlea delako. Arrotz, bakartia delako.
Aitzakiotaz ederki baliatzen da Kristoff etorkinen bizi-kondizio latzak salatzeko eta bizi amaiera lazgarriak azaltzeko. Aberria sabelean dutenak eta iraganean. Nahita aipatzen ez diren herriak, hiriak, herrialdeak. Deserrotze globalizatuaren isla. Idazlea dugu Tobias protagonista, babes-herriko hizkuntza darabilena hasieran, ama-hizkuntzara jotzen duena herkideak azaltzen zaizkionean bizitzan, eta asaldatzen duten korapiloen nobela aritzen du gauero. Hortan datza bere idazle grina. Horregatik Atzo, atzera begiratuz idazten duelako Tobiasek. Dioten letren errepublika, tigreak ixilarazteko ihesbidea bizi berri baterantz. Pertsonaia bakartiak marrazten dira eleberrian. Zerbaiten jabe izateak, lanaren jabe adibidez, edo nahiak bederen, asetzen ez dituenak, euskarri antzera norbait nahi luketenak. Maitasunaren bandera astintzen dutenak. Maitasun ezinezkoak, maila sozial ezberdinen halabeharrezko mugen eta ixilpean gordetako harresi moralen poderioz. Protagonistaren haurtzaroan gogora iltzatu neskatila oroi, bere noraezaren gidari bilakatzen dena eta idazlearen kasualitateak Tobiasen bizitzan berragertaraziko duena. Maitasun ezinduak, noraezaren geltoki bezala. Zeinetan ohe eta bazka bero soilek emakume/ama izena hartzen duten. Ametsetan eta arrastaka, horrela bizi du maitasuna deserrotuak.
Eta guztia, Kristoff hungariarraren ohiko moduan. Esaldi laburretan bildutako kontakizuna, deskribapen zabalak alde batera utzita, xehetasunen katalogorik gabe, ez-idatzia iradokiz. Haria eta mamia. Mezua ahalik eta garbien irits dadin. Jatorrizkoaren (frantseseraz, Hier) ezezagutza aitortuz, esan Eskarne Mujikaren itzulpenak ez duela inolaz ere zailtzen irakurketa eta ez dirudiela bidean aberastasunik galdu denik, izan ere, ez da lehenengo aldia Agota Kristoffen mundua euskaratzen duena. Era berean, ez dago lirikotasunaren ukapenik, aitzitik, protagonistak luma dantzatzen duenean erregistro-aldaketa nabari da, jantzi poetiko finez gogoetak, protagonistaren liburuaz haurdun Atzo. Honela, maldan behera baina ez amiltzen, iragaten dira orriak, eta bata bestearen atzetik kateatzen dira gertakizunak erritmo biziz.
Eta iraganeko orroen oihartzunak, eguneroko tiktak-a direlarik, Tobias erloju-fabrika batean jartzen du lanean idazleak, denboraren eskuburdinak lanbide. Galtzaileen ironiaren printza bat, Atzo umore goibelez blai baitago. Deserrotuen begirada goibelaz, deserrotuen irribarre garratzaz. Aspalditik ezagun ditugunak bazter txiki honetan.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi