« Mendean egoteaz | Norberaren portzentajea »
Neguko argiak / Irati Elorrieta / Pamiela, 2018
Mugimenduaren hariak Iratxe Esparza / Gara, 2018-12-01
Irati Elorrietak argitaratu berri duen eleberrian hasieratik noraezean dabiltzan pertsonaien mugimendu geldoan sartzen gara, horien nondik norakoen zirrikituetan arakatuz. Neguak hiriaren taupadak moteltzen ditu eta horiekin batera testuaren erritmoa; izan ere, berrogeita lau ataletan banatuta, akzioak kontatu baino, egileak denbora eta espazio zehatzetan utzitako aztarnak eta inpresioak biltzen ditu. Ez dago ardatz nagusirik eta ekintza narratiboa pertsonaien ahotsen artean lausotzen da; aldiz, oinarrizkoak dira hiriaren deskribapenak eta pertsonaien gogo-aldarteak, ahaztu gabe obraren garapena ziurtatzen duten protagonisten joan-etorriak.
Martak eta Añesek beren inguruan daudenekin lekuak eta denbora-tarteak partekatzen dituzte; Xuan, Max, Martin, Claire, Lasse, Emiko eta Kai betiere bat-batekotasunetik elikatzen dira, beharbada guztiek nostalgiaren oihartzuna zokoratu nahi dutelako. Marta haurdun dago eta Martinekin, bikotekide manipulatzailearekin, bizi da; Añesek ere badaki zeintzuk diren tratu txar psikologikoen ondorioak, horregatik Bruno utzi eta, Martari jarraituz, Berlinera joatea erabaki du. Baina, iraganaren itzala saihestea ez da erraza eta Añesi haren barruko eta kanpoko espazioa okupatzen duen Estebanen fantasma agertzen zaio, bukatu gabeko harreman frustragarriaren presentzia. Hark Añesen oroitzapenak berpizteko funtzioa bete balezake ere, bion arteko elkarrizketek eta bizi izandakoak berresten dute irakurketan sumatzen den azaleko erlazioa. Hori dela eta, Esteban pertsonaia ahul samarra iruditu zait eta ez dakit zenbaterainoko justifika daitekeen horrenbesteko garrantzia izatea; orduan, egon ezean, Añesen bizimodua baldintzatuko luke? Ez dut uste, batez ere eleberrian oraina eta protagonistek bidean topatzen dituzten harremanak baitira berebizikoak.
Bestalde, espazioak erabakigarriak dira pertsonaien izaeran, gainera, duten balio sinbolikoa aipa daiteke. Espazio fisikoak, psikologikoak eta sozialak jartzen dira erdigunean; hala ere, horien artean badago bat, etxearena, protagonisten garapenarekin oso lotuta dagoena. Lekualdatze bakoitzean etxea da babes edo arrotzaren sentimendua eragiten duen espazioa, eta, eleberriak aurrera egin ahala, pertsonaiek baino, etxeek irabazten dute nortasunean. Areago, pertsonaien iragatearen eta mugimenduaren espazioa da etxea eta haien bilakaera pertsonalarekin erabat lotuta dago, etxea konpontzen eta apaintzen duten bitartean protagonistak ere espazio fisikoan errotzen doazelako; etxea, beraz, iraganeko nostalgiaren erakuslea da eta, aldi berean, etorkizuneko igarlea. Horrez gain, nabarmena da espazioaren inguruan sortzen den dikotomia: batetik, hiriko espazio irekia dugu, kaleak eta parkea, istorioak sortzeko eta hiriaren arima zein panorama fisikoa deskribatzeko ahalmena dutenak; bestetik, etxeko espazio itxia eta intimoa. Bi horiek ezinbestekoak dira pertsonaien pertzepzioen eta sentimenduen luzapenean, haien bidez, egileak distantzia fisiko eta psikikoak margotzen dituelako.
Esan bezala, eleberrian ez dugu ardatz sendorik topatuko eta bai, ordea, Berlingo neguan gurutzatzen diren istorio saretuak, hiriak osotasuna ematen baitie liburuko mikro-trama ugariei. Pertsonaiek espazioan eta denboran bidaiatzen dute eta mugitzen dira giza-harremanen mapa osatuz; agian, hori izan daiteke guztiok lotzen dituen hari mehea: denek ezagutzen dute bakardadea eta hiriaren anonimotasunaz gozatzen dakite, laburbilduz, denak dira espazioan egindako inskripzioak. Azken finean, aurreko bizimoduarekin bukatzeak haustura dakarrela kontziente izanik, ni-a litzateke topatu nahi duten helburu geografiko metaforikoa.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro