« Grezia kontraesankorra | Epikarik bakoak »
Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak / Iban Zaldua / Elkar, 2018
Fantasiarako igarobidean Iratxe Esparza / Gara, 2018-11-03
Iban Zalduak argitaratutako azken ipuin liburuko 33 narrazioek fikzioaren espazioan eta denboran sartzeko gonbita egiten digute; orokortasunetik has gaitezen. Ipuin-sorta hiru ardatzek sailkatzen dute: batetik, errealitatean oinarritutako fikziozko ipuinak daude; bigarrenik, zientzia fikzioan barneratzen direnak; eta, hirugarrenik, iradokitzen dutenak. Azken hauek parte-hartzea eskatzen dute, interpretazioaren ariketa aktiboa, amaiera posible bat bilatzea eta, aldi berean, irakurlearen ahalmenaren pean uzten dute fikziotik fantasiara zeharkatzen duen muga gurutzatu nahi duen edo ez. Horren adibide garbia da “Dena” minifikzioa, liburuan zehar topatuko dugun hari nagusien kapsula konprimatua: senideen arteko harremana, ETAren inguruko tramak eta errealitate eta fantasiarekiko lotura estua. Izan ere, liburua ireki eta ixten duten aipamenek sorkuntza literarioan “egia” eta “fikzioa” tenka batean bizi direla adierazteaz gain, Zalduak zeren alde egingo duen jakinaren gainean jartzen gaituzte. Errealitatean oinarritutako fikzioen, iradokitzaileen eta fantasiatik sortutakoen arteko sailkapena eginda, jo dezagun behin eta berriro errepikatzen diren gaietara: euskal gatazkak gizartean eraikitako zatiketa dikotomikoa eta familiaren erdigunean dauden liskarrak, desleialtasunak eta gogaitzeak. Egia esan, errealitatetik abiatzeak edo fantasia iturria izateak ez dute baldintzatzen ipuinen oinarrian garatzen diren helburuetako bi, historia abiapuntua izatea eta, Zalduaren lanetan ohikoa denez, denborazkotasun ezberdinetan zehar memoria bidezko bidaiak egitea. Ironia eta historia uztartu behar ditugu, narrazio gehienetan kutsu ironikoa gailentzen delako eta gatazka kolektibotik eraiki daitekeen erradiografia soziala egungo gizarteko bestelako kezka eta egonezinekin —bortxaketak, alokairuko sabela, errefuxiatuak edo ekologia— nahasten delako. Historia kontatzeko krisiaren aurrean, Zalduak historia bera desitxuratzen du iragana narratibizatuz: istorioa historian kokatzeak gertatutakoa beste ikuspuntu batetik berrikusi eta parodiatzea bermatzen du: hangoa ekarri, aldatu eta berreraikitzeko aukera. Beraz, sarritan denbora paraleloak maila berean azaltzen dira eta egileak orainaz hausnartzen du iraganari erreparatuz.
Fantasiazko narrazioetan, ironizatzeko joera baztertzen da eta egoera apokaliptikoak irudikatzen dira. Dena dela, ez dira denak mundu distopikoak; errealitatetik elikatzen diren hainbat fikziotan banpiroek, zonbiek eta noraezean dabiltzan arimek ere protagonismoa hartzen dute. Bestalde, irakurlea errealitatea islatzen duen fikzioetatik zientzia fikziora murgiltzen da abisu barik; nire gusturako, horrek irakurketaz erabat gozatzea eta istorioan bete-betean sartzea oztopatzen du.
Oro har, Zalduak hiper-errealitatearen kontzeptua literaturizatzen du. Hiper errealitatea: errealitate desitxuratua, simulakroa, irudikapenaren eta errealitatearen arteko desberdintasuna apurtzea. Alabaina, hasieran aipatu ditudan hiru ardatzen haria berreskuratuko dut, lehenengoak eta hirugarrenak askoz erakargarriagoak iruditu zaizkidalako. Edozelan ere, déjà vu sentsazioa ere presente egon da irakurketa osoan, eta hori adierazteko, zer hobea Zalduak berak “Garai batean” ipuinean musikari eskainitako hitzekin bukatzea baino: “Revival-a baino ez zaizuela geratzen, mozorro batekin edo bestearekin estaltzen saiatzen bazarete ere” (64 or.).
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi