« Biktimaren aurpegia | Heroiak eta traidoreak »
Zorion perfektua / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2002
Zorionaz eta beste inperfekzioez Mari Jose Olaziregi / Egunero, 2003-03-29
Gustukoak ditut euren ibilbide literarioan etengabeko berrikuntzan ahalegintzen diren idazleak. Are gehiago, uste dut idazle orori derrigorrezkoa zaiola idazketa eta sorkuntza literarioari buruzko hausnarketa, bere poetikaren etengabeko bilakuntza. Ildo horretan kokatu nahiko nuke Anjel Lertxundik bere azken eleberrian, Zorion perfektua-n urratutako bidea. Irakurlea laster ohartuko da aurreko eleberrietatik, bereziki Alberdaniaren Ifrentzuak sailean argitaratutakoetatik, aldendu egin dela. Egileari azken urteotan ezagunak dizkiogun prosa dotore eta landua, joera metaliterarioa, errealismoa/fantasia arteko mugak iraultzeko ahalegina… baztertu eta idazketa zuzenago eta laburragoa darabilela, teknikaren ezkutaketan ahalegintzen dela, eta, batez ere, denboraren tratamendua maisuki antolatzen duen eleberri baten aurrean gaudela. Orainaldia eta iragana etengabe txandakatuz, esan gabe geratzen dena da garrantzitsua nobela honetan, irakurleari begitantzen zaion elipsi izugarri hori. Hortik, testuak duen intentsitatea, itxuraz sinplea den forma horrekin Zorion perfektuak erdiesten duen emozioa. Eleberrian Schumannen ahotan jartzen diren hitzek ongi baino hobeki laburbiltzen dute Lertxundiren ahalegin estilistikoa: “Pozarren joko dituzu piezok, baldin teknikaz ahanzten bazara”.
Atentatu baten lekuko izan den hamasei urteko neska baten barne-haustura, konmozioa, kontatzen du Zorion perfektuak. Hilketa gertatu zenetik hamalau urtera kokatzen gaitu narratzaileak, eta bi plano horien etengabeko alternantzian antolatzen da aitormen kutsu nabarmena duen narrazio moral hau. Eta morala dela diogu (ez moralista), izugarrikeria horren aurrean kokatuz, kontzientziarik gabeko zorion perfektua salatzeko ahalegin argia egin duelako Lertxundik, eta egunero hartu behar ditugun erabaki ustez hutsalek gure bizitzan ondorio erabatekoak eduki ditzaketela oroitu nahi izan digulako. Eguneroko ibilbidea aldatzeko bat-bateko erabakiek eramango dute protagonista heriotzarekin topo egitera; film baten ikuspenak (Les Diaboliques), senargaiarengandik banatzera. Ondorioak bistakoak dira eta F. Hölderlinen poemaren bidez adierazten: oinazearen erdian soilik izan gaitezke zoriontsu.
Eta oinaze horrek euskal errealitatera garamatza, eleberrian “amaraun” bezala definitzen den euskal errealitate bortitz itogarrira. Lertxundik erakutsi digun euskal errealitate horren “ispilua”, alaba “kalenahasle” bihurtuko zaien (edo bortxatuko duten) beldurrez bizi diren gurasoez mintzo zaigu, giza dramen “kudeaketara” ohituegi dauden pertsonaiez (ertzainak, ikaskideak), profesionaltasunaren izenean kalteak eragiten dituzten komunikabideez. Egilea Stendhalzale den arren, nobela honetako errealismoa urrun dago gizartearen ispilu “lasaigarri” bihurtu nahi zuen kontakizunetik, zalantzak baitira hemen azaleratzen direnak, errealitatea distantziaz begiratzera behartzen gaituzten begirada estrabikoak. Hortik, Perti izeneko pertsonaia estrabikoaren garrantzia: porrotaren ozpinetan bizi den arren, “pieza batekoa” (sic) izaten ahalegintzen da.
Liburuaren barruko azalean inbokatzen diren egileen ildotik (Camus, Sciascia…), egia bat azaltzeko baliatu du Zorion perfektua Lertxundik. Eta egia hori, Heriotzak eragindako espantuaz mintzo zaigu, zorion inperfektuenera garamatzan kontzientziaren esnaeraz.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta