kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Zu entzuteko gaude / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2018

Norbaitek entzungo dituen zain Estibalitz Ezkerra / Gara, 2018-07-14

Xabier Mendiguren Elizegiren azken ipuin bildumari izena ematen dion ipuinean krisietarako telefono bidezko arreta zerbitzu batean arratsaldeko txandan lan egiten duen emakume batekin topo egiten dugu. Haren gogoetek gidatzen dute kontakizuna, lanari buruzkoek, batik bat. Sortu zitzaion lan aukera bakarra izan zen hura eta hasiera batean erraza ematen zuen telefonoaren beste aldean zeudenen arazoak entzuteak, baina dilema moral baten aurrean jartzen du orain besteen zorigaitzen aurrean jarrera pasibo bat agertzean oinarritzen den lanpostuak. Hala ere, agian arreta zerbitzura deitzen duten horiek besterik ez dute behar, hots, entzungo dien norbait, norbait hori ezezagun bat bada ere.

Oro har, gizarte harremanei buruzko ikuspegi samingarria eskaintzen digu “Zu entzuteko gaude” ipuinak. Ingurukoen artean beren kezkak eta arazoak entzun eta ulertuko dituen norbait eduki ez eta telefono bidezko arreta zerbitzu batera jo behar dute. Eta linearen bestaldean dagoenak entzun entzungo die, egoeraren arabera animoak eman eta, akaso, goiari eusteko esango die; ez, ordea, errukiak bultzatuta, lanak hala eskatzen duelako baizik. Baina nork entzungo ditu besteen arazoak entzutea lanbide duten horien kezkak? Ipuinak badu erantzunik horretarako, eta, aurreko kasuan bezala, lanbideari lotuta dagoen zeregina da. Elkartasuna eta besteekiko ardura ez dira edonola eskaintzen.

Bildumako beste bi ipuinetan ere dilema baten aurrean aurkitzen dira pertsonaia nagusiak. “Izurdeak”-en nerabe zela izan zuen mutil lagun frantsesari gertatu zitzaion ezbeharraren errudun sentitzen da protagonista, eta semearen jaiotze unean izan zituen konplikazioak, haurra bizi-osorako baldintzatuta utzi dutenak, mutil lagunaren gertaerekin lotuta daudela uste du. Gurasoek ez zioten inolako heziketa erlijiosorik eman eta, hala ere, sinesmen bitxien arabera azaltzen du gertatzen zaion guztia: zoritxarrik gertatzen bazaio, noizbait jokabide zuzena agertu ez zuen ondorio dela iruditzen zaio edo bestela zorte handiegia izatearen ordaina da. Edozelan ere, beti dago arrazoiren bat jazotzen zaionaren atzean. Bere dilema da aspaldi egin ez zuena egin beharko ote lukeen orain: mutil lagun frantsesa bisitatu eta haren gurasoei gertaturikoagatik barkamena eskatu.

“Neguko hondartza”-n, berriz, bikotekidea eta lana galdu dituen eta gutxi barru etxerik gabe geldituko den eskultorearen gorabeherak azaltzen zaizkigu. Obrarik gabeko eskultorea da, berez, pertsonaiak berak azaltzen duenez ezer sortzeko aukera baino gehiago kemena izan ez duelako, nahiz eta bikotekide ohiari denbora falta aipatu ohi zion aitzakia gisa. Ez da ideia falta, izan izan baitu ideia mordoxka, baina horiek gauzatzeko orduan indarra galdu egiten du. Sormenetik arreta desbiderarazi diezaiokeen ezer ez dagoenez, jadanik agian heldu ahal izango dio eskulturari, baina goizero hondartzara egiten dituen bidaietan bestelako interesak pizten zaizkio eta bere bizitzari buelta emateko gai izango den zalantza pizten dio irakurleari.

Hiru ipuinetan pertsonaiek aurre egin behar dieten egoeren atzean gizarte-arazo zabalagoen zantzuak antzeman daitezke, dela afektu falta dela bakardadea. Istorioek, ordea, ez dute aukera horretan sakontzen; aitzitik, psikologia bereziko pertsonaiak diren aldetik arazoa pertsonaiak beraiek direla ematen du ipuinak irakurrita. Berezia ez ezik, laua eta xaloa ere bada pertsonaien nortasuna; denboraren igarotzearekin eta gertaeren aurrean ez dute inolako aldaketa zantzurik azaltzen. Alde horretatik, gehiago espero zitekeen istorioetatik.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak