« Erredentzioa bilatu nahian | Euskal antzerkia posible da, nahi izanez gero »
Azala erre / Danele Sarriugarte / Elkar, 2018
Bigarrenaren zailtasunak Hasier Rekondo / Deia, 2018-05-05
Kritikoak latz jipoitu zituen arren, Witold Gombrowicz handiak horrela aholkatzen zigun literatur lanak iruzkintzen jarduten dugunoi: “Literatur kritikaren xedea ez da gizaki batek bestea epaitzea, eskubide berberak dituzten bi pertsonalitateen topagunea da. Beraz: ez ezazu epairik eman. Zeure erreakzioen berri eman, besterik ez”.
Danele Sarriugarteren (Elgoibar, 1989) bigarren lanak, Azala erre (Elkar, 2018), nire baitan sortu erreakzioak gazi-gozoak dira. Anfora hautsi da. Jakina da, Erraiak lehen eleberri bikain eta arrakastatsuaren ondorengoak topiko guztiak betetzeko aukera guztiak zituen. Izan ere, lehenaren gorentasuna parekatzea oso zaila zen, niretzako 2014ko libururik onena ezbairik gabe, eta ondotxo zekien hori Sarriugartek berak. “Nolabaiteko pornografia sexual eta emozional baten mugetan barrena, bakarrizketa adiktibo horretan zehar, irakurleak ez du atseden hartzeko aukera larregirik izango, plok-plok-plok onomatopeiaren lagun, gin-tonic bat prestatzeko eta irakurketari berriro ekiteko ez bada”, adierazia nuen, duela 4 urte.
Erraietatik azalera jauzi handia dago. Lehen nobela handi batetik erdipurdiko bigarrenera egon daitekeena, apika. Eta jauzi hori egiteko Sarriugartek estiloa aldatzea erabaki arren, ez dio interesa piztu pertsonalitate honi. Azala zuzenagoa da sintaxiaren aldetik, erraietako korapilo askaezinekin alderatuz. Dena den, formaren eraldatze horrek ez ditu bazter uzten egilea bera eta bere obsesioak. Bete-betean agertzen baitzaigu liburu osoan zehar, lehen liburuarekiko nolabaiteko distantzia formalak ez du halakorik edukian.
Hiru atal klasikoetan, gehi epilogoa, banatzen da nobela: ikus-entzunezkoen mundu hiper-hipster eta hiper-itxuratian, non botere borrokek egoen tamainak zizelkatzen baitituzten, Mirenek ogibidea eta ospea ditu xede. Jarraitzeko astunak diren data zehatzekin mugatu denbora jauziez eraiki ildo narratibo ezberdinetan hain gustuko dituen digresioak tartekatzen dira. Halere, thriller-aren nolabaiteko kutsua duen tramak lotsagabe galtzen du interesa nobelak aurrera egin ahala, diru-paketearen elementua inozoa iruditu zait. Bartzelona eta Donostia artean eszenaratzen dira Sarriugarteri kuttun zaizkion gaiak eta pertsonaiak: Fundazio batek muntatu arte-lehiaketa baten azpijokoak, sare sozialen dimentsio soziologikoa eta pertsonal eskizofrenikoak, norberaren auto-estimua besteen gain utzi beharrak sortzen dizkigun okatzeko eta horditzeko gogoak, gazteen ezintasunak etxebizitzak duintasunez eskuratzeko, krisiaren ondorengo etorkizun ilunen gaineko hausnarketak, artista izan beharraren frustrazioak… Betiere, ikuspegi feminista oso pertsonala ehundura gisa barreiatzen da narrazioan.
Esan dezadan, halaber, istorio nagusiak ez duela, ez pisuagatik ez interesaren aldetik nobela oso bat eraikitzeko nahikoa indarrik. Halere, digresioak etxeko marka dira eta horietan ematen du bere onena elgoibartarrak. Aurreko entregan baino neurtuagoak diren digresioongatik merezi du nobela laburrak. Izan ere, bigarrenak beti izaten dira zailenak jakituriaz epatatzeko gaitasunari esker estreinakoz zerua ukitu duzunean. Hirugarrenaren zain geratzen gara, epai pertsonalik gabe.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi