kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Badena dena da / Patxi Zabaleta / Txalaparta, 1995

Gerrako kronikak Nafarroan Amaia Serrano Mariezkurrena / Argia, 2018-04-22

Euskal eleberriaren historian maiz agertzen da 36ko Gerra, hainbat estetika ezberdinen bidez. Gutxi dira, ordea, ga(ra)i hau jorratzeko eleberri historiko tradizionalaren moldea hautatu dutenak, nahiz eta gerra hizpide duten 1936-1957 bitarteko ohitura eleberrietan halako zantzuren bat ikus daitekeen (Loretxo, Ekaitzpean edo Laztantxu eta Betargi ditut gogoan). Patxi Zabaletaren Badena dena da nobela da azpigenero horren barruan bete-betean kokatzen den bakanetakoa.

Trilogia bateko bigarren alea da hau, eta, Beñat Mandazenengan fokua jarrita, narratzaile orojakileak emango digu Nafarroako iragan hubilaren berri. Beñaten bidean egokitzen den pertsonaia bakoitzak bere istorioa du, nahiz eta batak bestearekin loturaren bat ageri duen beti, dela bakardadeak jotako pertsonaiak direlako, antzeko egoeraren bat bizi izan dutelako, haurrak zirenean elkar ezagutu eta urte askotara berriro topatzen direlako, eta abar. Horrek guztiak, maitasun istorio, traizio, eta harreman sexualen deskribapen zehatzekin bat, irakurlea harrapatzen du.

Eleberri historikoan ohikoa den bezala, iraganean jartzen da arreta, eta pasarte batzuk historiografia tradizionaletik gertu daude. Zabaletaren literaturak, gainera, badu beste berezitasun bat, eta horri izenburutik bertatik antzematen zaio, tarteka pasarte filosofiko luzeak txertatzen baititu istorioan. Batzuetan, ordea, erregistroa dela-eta, ez zaizkio behar bezala egokitzen, eta behartuxe geratzen dira azalpen historiko eta filosofiko horiek, eleberria fikzio literariotik urrunduz.

Haatik, eleberri honek formarekin guztiz asmatzen ez badu ere, ekarpen interesgarri batzuk egiten ditu: anarkista talde baten gorabeherak azaltzen ditu, haien arteko zenbait kontraesan-gogoeta agerian utziz (guztiak taldearen botere-kudeaketarekin lotuak), medikuntza-ikasketadun emakume bat jartzen da anarkisten lider (zeina, bidez batez, desiragarri izateaz gain, haren izena ere fonetikoki xamurra den, Loretxo eta Laztantxuren antzera: “— (…) Hize Oxoa. Zeinen izen leuna, zeinen izen xarmanta (…)”, (327), frankisten bandoko tirabiren lekukotasuna ematen du (karlistak, faxistak eta falangistak), eta abar.

Liburu honetako osagaiek irakurle masa erakartzeko aukera dute, eta, hala, emakumeek gerran jasandako makurreriak oroitarazteko idazlearen asmo esplizitua bete dezake nobelak.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak