« Iraganaren zurrunbiloa | Ez da ihesbiderik »
Filiala / Sergei Dovlatov (Amaia Apalauza, Aroa Uharte) / Katakrak, 2017
Absurdoa eta ironia jokoan Joannes Jauregi / Berria, 2018-04-08
Sergei Dovlatov idazle errusiarraren hiru lan ditugu jada euskarara ekarriak: Konpromisoa itzuli zuen Iker Sanchok 2008an, Hiria argitaletxearentzat, eta, berriki Katakrakek argitaratu duen Filiala hau bezalaxe, Amaia Apalauzak euskaratu zuen Maleta, zeina 2011n eman baitzen argitara Literatura Unibertsala bilduman. Hiru lan dauzkagu, hortaz, nahiko desberdinak diren hiru frontetatik euskaratuak; idazle polifazetiko eta aldi berean berezi baten adierazle da hori, baina, era berean, gaur egun munduko literatura euskaratzeko ditugun bide askotariko eta (hein batean behintzat) arrakastatsuen erakusle ere bada.
Nolanahi ere, dagokigunera etorrita, esan beharra dago ezen Dovlatoven eleberriak, aldeak alde eta berezitasunak berezitasun, idazlearen beraren biografian iltzatuta daudela errotik. Ezin esan daiteke idazleak autofikzioa soilik lantzen zuenik, hertsiki behintzat, baina haren biografia bereziki da kontuan izatekoa haren literatura ulertzeko —edo bertan barneratzeko behintzat—.
SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko disidentea zen Dovlatov; AEB Amerikako Estatu Batuetara deserriratu zen 1970eko hamarkadan, kritiko baitzen Sobietar Batasunarekin, baina baita AEBetako gizartearekin ere, eta agian are gehiago bera bezala erbesteraturiko errusiarrekin. Deserriratutako gizarte puska horretatik taxutzen du Dovlatovek filial kontzeptua, zeina ez baita, Miquel Cabalek liburuaren hitzaurrean esaten duen bezala, “gizarte ama baten entitate subsidiarioa” baizik.
Bada, filial horretan dago girotua eleberria. Kazetari errusiar erbesteratu (eta aski autobiografiko) bat du protagonista, zeinak eleberriaren hasieran etorkizuneko Errusiari buruzko jardunaldi batzuen berri ematera joan behar duen; bertan, Dovlatovek filial horren erretratu zorrotz bezain ironikoa egiten digu. Zenbaitetan ugariegiak dira erreferentzia kulturalak, garaiko pertsonaiei eta gertakariei baitagozkie; ia zorabiatzeko modukoak dira, itzultzaileek primeran atonduriko oharrak gorabehera. Nobela idazlearen testuinguruan iltzatua dago, haren biografian adina.
Estilo ezinago gozagarria du Dovlatovek eleberri honetan. Pasadizo labur-laburrez dago osatua, inork aforistiko deitu duen estilo batean, eta horiekin egiten du aurrera narrazioak. Idazleak barra-barra erabiltzen ditu ironia eta absurdoa, eta ausartuko nintzateke baieztatzera ezen testuak berak ederki atzitzen duela idazlearen tonu fatalista baina arina, tragikozalea baina jostaria. Argumentuko gertaeren kausa-ondorio katearekin bainoago, narrazioak ironiaren eta absurdoaren jokoarekin egiten du aurrera, eta, horren emaitza inoiz nahasgarria izan badaiteke ere, nago efektu horrek arindu egiten duela kontakizuna, istorioaren beraren mesedetan.
Azken ohar gisa, aitortzekoa da estilo hori harilkatuta geratzen dela argumentuaren ardatz nagusian, zeina ez baita deserriko filial hori, ezpada kazetari aski autobiografikoaren gaztetako maitale bat, zeinarekin ezinbestean bezala katramilatuko baita protagonista. Halatan, Dovlatoven ironiak eta absurdoranzko fatalismoak erabat zipriztintzen dute istorioaren mamia bera, protagonistaren eta Tasiaren arteko harremanaren gazi-gozoa. Eta, horrekin, nobelak aski du inork egotz lezazkiokeen kamustasun guztiak berdintzeko.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi