kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Honetara ezkero / Arantxa Iturbe / Susa, 2017

Isiltasun atmosfera Peru Iparragirre / Berria, 2017-12-24

Honetara ezkero (Susa, 2017) bildumako hogeita bederatzi narrazioak Arantxa Iturbek (Alegia, Gipuzkoa, 1964) dagoeneko ohikoak dituen gai eta moldekoak dira. Aurkezpenean esan zuen Iturbek, kimatu eta kimatu, nahi zuen formara behartu zituela Gorka Arrese editoreak “ipuin bizkor” deitutakoak. Halakoxeak dira, hain zuzen ere: luzeraz laburrak, inolako arramarik edo sustrairik itxuraz hazten utzi gabekoak, aurkezpenean esandakoari jarraituz, arnasa hartzen ere ez baitie utzi egileak, baina baita bizkorrak ere, ezinbestean, laburrean asko esan eta ezkutatzen dutenak.

Giza harremanak dira narrazio hauek elkartzen dituen gai nabarmena, harremanak eta komunikazioa: pertsonaien arteko erlazioen zirrikituak. Isiltasunak, sekretuek, hitz-erdiek, edo gaizki-ulertuek zeharkatzen dute liburua, ipuin bakoitza (in)komunikazioa kudeatzeari buruzko anekdota bilakatzen delarik kasik. Kontaketarako elipsia ugari darabil Iturbek, eta ipuinetako isiltasunek sortutako misterio aireak liburu osoa hartzen du, erakusten ez dena atmosfera balu bezala: ikusezina baina ezinbestekoa.

Zentzu horretan, ipuinak elkarren nahiko antzekoak direla iruditu zait, ez beharbada edukiz, ezta formaz ere askotan, baina bai barnebiltzen dituen atmosfera hori dela-eta, ale bakoitzaren nortasuna aski indartsua ez balitz bezala. Narrazioaren tonua ere ez da demasa aldatzen batetik bestera, lehen pertsonatik kontatutakoetan, batez ere, inpresioa ematen duelarik ia narratzaile berari dagozkiola, nahiz eta, argiki, hala ez izan. Laburtasunari edo bizkortasunari beste eragozpen bat jartzeagatik, esango nuke kontakizun bakoitzean barneratzeko zailtasunak dakartzala, askotan hasterako amaitzen baita istorioa, eta berriz irakurri beste erremediorik ez zaio geratzen irakurleari, bidean galdu dituenak topatuko ote dituen, pertsonaiak ez ezik irakurleak ere ilunpean mantentzen abila baita Iturbe, tentsioari eutsiz, batzuetan korapiloa erabat askatu gabe. Ziurgabetasunari irtenbide biribila ematen dioten ipuinek asebete naute gehien, Etxea, kasu.

Honezkero esan beharrik ez dago Iturbek darabilen idazkera ulerterraza dela oso, ahozko hizkuntzatik gertukoa, elkarrizketak eta barne bakarrizketak emateko aproposa. Irakurtzeko gozagarria da Honetara ezkero, darion gaiztakeriagatik, besteak beste. Besteengan ikusten ditugun akats eta inkoherentziek poztu gaitzaketen bezala dibertitzen du batzuetan liburuak (Galdera, Belarria), umore hutsez besteetan (Sudurra). Ideietako asko jenialak iruditu zaizkit, irudikatze ariketa indartsuak, ahulagoak bakan batzuk. Liburuak osotasunean mailari eusten badio ere, badira erdizka utzita, anekdota hutsak iruditu zaizkidanak. Ez dakit ondo esaten zerk bereizten dituen ipuinak eta anekdotak eta neure buruarekin borrokan ari naiz orain ea anekdotak ezin ote diren literarioak izan, eta ziurrenik izan ahal dira (ez dira ba, izango!), baldin eta kalitate literario nahikoa badute, eta hauetako gehienek hala dutela uste dut. Istorioei arnasa hartzen ez uzteak potentzialtasunera baztertzen ditu izan zitezkeenaren posibilitateak, baina trukean kontakizun trinko eta zuzenak ematen ditu, hutsunea gabezia bilakatzeko arriskuz betiere.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak