kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Begoñaren itzalpean / Jose Inazio Basterretxea / Elkar, 2016

Izakari politikoak gara, eta horregatik morbosoak Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-12-04

Begoñaren itzalpean nobela dut zori, aspaldian zoritua izanagatik. Berant heldu naiz, naski, iruzkingile inpresionista berantiarra izaki nonbait. Erran nahi baitut, Durangora aurtengo uzta iritsi berri den honetan, heldu nauzue ni iazkoarekin. Hau malura! Edo mentura!

Kritika andana jaso du dagoeneko nobelak, oro har, baikorrak. Ene usterako, Jose Inazio Basterretxea Polok idazle sona ozenagoa merezi du. Baliteke, neroni, Josi izenez ezagutzen dudalako hori hala iriztea.

Barka aitzin-solasa edo jolasa. Mintza nadin nobelaz.

1936ko Gerra Zibilaren ingurumarian garatuta dago. Historiaz ari da, alta, Begoñako Basilikaren itzalpean gertatu istorioa da. Gertatua, Bilbon gertatu zen eta da, —bi garaitan, gerra ostean eta haren ondorengo “demokrazia ustel” jada finkatuan—, baita Bilboz haraindian gertatu ere, Suitzako Genevan, hala nola Espainian, besteak beste.

Nobela historikoa izanda ere, nobela beltza da. Zinez beltza. Falangistak, erreketeak, frankistak… Basterretxeak irabazleen baitatik edo euren inguruko gertakizunen harian eskaini digu gerra hura, egun oraindik ere bestelako bitartez libratzen dena. Izanik ere, erratea topikoa bada ere, zer besterik da “politika”, gerraren jarraipena baino?

Badabil horregatik edo, galtzaile bat, protagonista nagusia, detektibearen rolean, abertzalea: Barandi —etakidea, p-m, “gaizki ikusia den horietako bat”—. Tira, , bere ondo-ondoan dabilen Kelen pertsonaiaren aiurri sendoa ezagutu ostean, protagonista nagusia Barandi ote den erratea, ez da bidezkoa.

Gerra non sexua han. Eta bapo jan. Horra hor, nobelaren ezaugarrietako batzuk. Kelen eta Barandi-z beste —Barandi Alberto Barandiaran izen-abizenekoa da, eta niri kazetari ezagunaren bisaia ibili zait gogoan haren pasadizoetan barrena—, badira ere aiurri bereziko pertsonaiak, hala nola, Marlen edo Moritz. Are, nobela koral honetan narratzaileak ez dira soilik aipatu protagonista nagusiak, Barandi eta Kelen, hots. Beste pertsonaiaren biren baitatik ere narratua da. Hala berean, Edme Paulsen edo Larrekoetxea ertzain-burua pertsonaiak ere badaezpadakoak dira, higuingarriak. Zein bere kategoriaren araberakoa, betiere.

Nobela beltzaren trama(k) ez d(ir)a garatzen erraz izaten, ezta irakurleok haren hariak aise uztartzean jardungo. Hori ere nobela honen ezaugarria duzu. Gainera, Basterretxea idazleak berben jokorako jaidura handia dauka, esaera zaharretan iaioa, eta berriak asmatzen trebea. Beraz, adi testuari eta narrazioaren ingurumariari. Ez da makala egindako lana, ez horixe!

Basterretxearen pertsonaiak ongiaz honat eta gaizkiaz harat dabiltza. Zeru goia nola zoru lohia hala. Pertsonaien kontraesanak gureak egiten ditu idazleak. Izakari politikoak gara, eta horregatik-edo, morbosoak. Horixe ere baita, izakion tasunetako bat. Alegia, nobelako pertsonaien izaera panpoxa hala nola higuina, aise egin ditzakegu gure. Horiexek ere transmititzen dizkigu Begoñaren itzalpean nobelak, edota honen idazle Jose Inazio Basterretxea Polok.

Nobela gordina duzu. Une zenbaitetan garratza, goxoa ere bestetan. Izan ere, gerrak onena nola txarrena idokitzen dizkigu. Begoñaren itzalpean lekuko. Hara, gerrarako ez da inoiz aro egokirik, literaturarako aroa berriz, ez da inoiz iraganik.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak