kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Bihotz handiegia / Eider Rodriguez / Susa, 2017

Borroka, frustrazio eta iraultza isilak Estibalitz Ezkerra / Gara, 2017-12-02

Eider Rodriguezen azkenengo lanari izena ematen dion ipuinean Madalen alabak bi urte zituenean banandu eta ordutik batere harremanik izan ez duen bikotea aurrez aurre azaltzen zaigu bi hamarkada pasatxo geroago. Alabak insistituta hilurren den senar ohiari, Ramoni, astean lau egunetan bisita egitea, etxea txukuntzea eta harentzako sukaldatzea egokitu zaio Ixabeli. Banantze egunetik bere bizimodua aldatzeko egindako urratsek urrun eraman dute; ikasketak amaitu eta lan egiten du orain, lehen ez bezala, eta Iñaki bikotekidea pertsona ulerkor eta maitekorra da, hots, Ramon berarekiko zenaren kontrakoa. Maite, ez du jadanik senar ohia maite. Banantzea zergatik gertatu zen ere ez duela gogoratzen esaten dio bere buruari. Hala ere, Ramonen eremuan sartu bezain pronto lehengo gorrotoak azaleratu egingo dira. Eta horren harira, errealitate gordin bezain dramatikoaren jabe egingo da Ixabel: urte hauek guztiak pasatu eta gero, Ramon dagoen egoeran egonda, su-etena deklaratu eta kariño pixka bat agertzeko ezgai dira senar ohia zein emazte ohia. Harrotasun kontua izango da agian —bakoitzak bere hutsak onartzeari dion beldurra— edo, besterik gabe, denbora igarota ere pertsonak eta haiekin batera harremanak beti aldatzen ez diren seinale.

“Bihotz handiegia”-ri jarraitzen zaizkion bost ipuinetan ere harremanen gaiaren inguruko istorioak —dela bikote harremanak dela ama-alaben artekoak— agertzen zaizkigu. “Belar moztu berria”-n, esaterako, auzokoen harreman eta bizimodu hutsik gabekoaren aldean gabeziaz eta ezintasunez betea sentitzen du bere eta bikotekidearen arteko harremana narratzaileak, harik eta gertaera bitxi batek bestelako ikuspegia eskaintzen dion arte. Zerbaiten sintoma denean perfektutasunak ez du hain erakargarri ematen. “Urtebetetze festa”-n, edertasuna eta normaltasuna kontzeptuek familia bizimodu eta harremanak zenbateraino arautu, baldintzatu, eta mugatu ditzaketen erakusten zaigu. “Paisaiak”-en uterotik erauzitako mioma maitaleak oparituriko arrainontzian gordetzen duen narratzailearen istorioak intimitatearen eta emakumeok geure gorputzekin dugun harremanaren gainean —ginekologiak eta medikuntzak oro har bietan duten eragina— gogoeta egiteko aukera eskaintzen digu. “Niregandik espero zena” ipuinean ere gorputzarekiko harremana azaltzen zaigu berriz, kasu honetan nerabezarotik helduarorako tartean gertatzen diren beste harreman —familia, klasea, generoa, sexua— eta negoziazio prozesuekin elkarrizketan. Azkenik, “Ez duzu ezer arraroa antzematen?” Gabon egunekoa bezalako ospakizunetan ohikoak diren familiarteko tirabirak bigarren plano batean geratzen dira, gurasoak betiko galtzearen aukera kontu erreala ez ezik gutxi barru gertatzekoa dela ohartzean.

Bilduman zehar, trebetasun handiz deskribatzen ditu Rodriguezek bikote zein familia harremanen egunerokotasunaren parte diren borroka, frustrazio eta iraultza isilak.

Irakurleari ez zaizkio “Bihotz handiegia”-ko ipuinetan azaltzen diren egoerak eta pertsonaiak arrotzak egingo; aitzitik, berehala antzemango ditu normala den hori —besteei onartu baina nork bere buruari onartu egin ohi ez dion hori— lortu nahi baina helmugatik behin eta berriro urrun sentitzen diren pertsonaietan zein haiek bizi dituzten egoeretan senide baten, ezagunen baten, baita norberaren aztarnak. “Bihotz handiegia”-ko ipuinak horietan azaldutakotik irakurleak ager dezakeen gertutasun mailaren arabera epaitzeak, ordea, ez lioke bildumari justiziarik egingo. Haren bikaintasuna sei ipuinetan zehar egileak eskaintzen dizkigun erretratu psikologiko aberatsetan datza.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak