kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Zazpigarren heriotza / Juan Gorostidi / Erein, 2016

Zazpigarren heriotza Itxaro Borda / 111 aldizkaria, 2017-10-20

Erein argitaletxeak 20l6ko udaberrian Juan Gorostidiren Zazpigarren heriotza liburua plazaratu zuen. Ez zen baitezpada autobiografikoa, are gutxiago hausnarketa hutsez osatua, baina bietatik zerbait bazuen, lekukotasuna arras originala izateko moduan. Eta egia erran, aurreneko irakurketan bertan intrigatu bezain pasionatu ninduen, lehen aldia zelako, euskaraz horrelako lan bat leitzen nuela: borroka armatuaz ari zen, ari da, ahoan bilorik gabe, bere ibilbide intimoa aipatuz eta munduan barnako kultura ekoizpenen argitan esperientzia horren mise en abyme burtzoragarria eginez.

Juan Gorostidi Berrondo. 1956an Altza-Pasaia herrian sortua, saiogilea da. Pamiela etxean, 2011n, Lau Kantari: Achiary, Laboa, Larzabal, Ordorika eman zuen argitara, Berrian eta badok.eus guneetan kolaboratzen jarraitzen duela, musikaren alorrean. Tai-Xi irakaslea da Donostian gaur egun. Idazlearen pentsamendua, erabiltzen duen euskara bezala, ez da soila, sakonera doa, behar duenean ez du iluntasunaren ekonomia egiten. Baina ez gara galtzen, Gorostidiren lekukotasunari esker, gure baitara jotzen dugulako, gaiaz hitz egitearen beldurraz haraindiko miraila bailitzan, borroka armatuaren naturari eta dogmari buruzko kezkak, zauriak, eskakizunak islatuak ikusteko.

201lko urriaren 20an abiatzen da prozesua. Gorostidik orduan erabakitzen du bere alabari gutun baten izkiriatzea, Nadery Simin filma ardatz, Euskal Herriari irekitzen zitzaion garai berriarekiko harreman kolektiboaren errotzeko, beranduegi baino lehen, egin beharreko gogoetaren promesarekin. Kasko zokoan orain hasten da zailena perpausa zebilkion biribilketari. ETA erakundearen armen uztea iragarria baldin bazen azken hilabeteetan, post-ETA aroen nolakotasuna ez zuen kasik nehork jorratu. Sei-zazpi urte geroago ez nago ziur adrenalinez itotzen (akuilatzen) gintuen borroka horren dolua ekartzera ausartu garenik.

Hiru zatitan banatzen da Juan Gorostidiren lan mamitsua: Errenterian sortzearen eta haztearen patu-zorionaz ari zaigu lehenean, dolu baterako arrasto bila doa bigarrenean eta hirugarrenean borroka armatuaren ondoriozko terra nullius batera iristen da, hortik, agian intelektualki eta moralki bizi-berriturik, etorkizuneko zeru-mugetara lehiatzeko. Hondarrean, norabide bat azpatzen digu, horretarako baliabideak oro premiazkoak dituelarik: oroitzapenak, lekuen izendapenak, Kafkaren Legearen aurrean idazkia, Joseba Zulaikaren Liburu zuria, Joshua Oppenheimeren The Look of Silence filmeko irudi gogorrak, (auto) kaltearen lekorako erresilientziaren xendretan ezinbestekoak diren damua, konbertsioa eta erreparazioaren kontzeptuak ere.

Iragan apirilaren 8an armak Baionan itzulirik, ETAk laster bere zeregina barne-eztabaidatuko du baina badirudi, ez duela interesik euskaldunon (abertzaleon) jendarteak berrogeita hamar urtez Euskadiren izenean egin eta pairatu ziren zaurien funtsaz galdekatzeari ekiteko. Juan Gorostidiren Zazpigarren heriotza (Attila Jozsef poeta hungariarraren poema baten oihartzunez) obrak arrangura horren gaurkotasuna berresten digu, baliagarria bistan dena euskal sozietate aburuz anitza eraiki nahi baldin badugu behintzat.

Ados ala ez, irakurtzekoa derrigorrez.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak