« Sirena kantuak Kretan | Herentzia »
Frantzia eta nazioa / Jean Louis Davant / Maiatz, 2017
Frantzia ulertzeko ez ezik, Euskal Herria egiteko liburu duina Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-10-23
“Frantzia eta nazioa” eta “Espainia eta nazioa” lerro eta errima bertsukoak dira. Alta, bada, “Frantzia eta Espainia” lekutan daude nazioaz ari garenean. Eta hala izanik ere, biek ala biek badute antzekotasun franko. Zein dira bada, antzekotasunak zein ezberdintasunak?
Nago hegoaldekoek Espainia estatu-nazioaren ezaugarriak ezagutzen dituztela, baina eskolan “ikasiak” baino, bereziki, beren larrutan jasan dutelako baizik. Euskaldunek, euskal kontzientzia dutenek, estatu(ar)en errepresioa jasan dute.
“Iparraldeko euskaldunek, haatik, errepresioa baino “opresio” sibilinoa barneratu dute, hots, “nazio” berriaren jitea edo izatea erreposki txertatu izan zaie/zitzaien. Frantzia, antigoaleko izate bat bailitzan, jainkoaren eskuak ukituta izatetik zetorrena, “frantziar” lurraldeko herri anitzen jendeek baselina perfumaturikoa bailitzan irentsi zuten doktrina laiko berria.
Frantziarrak “Argien mendeko seme-alabak dira”. Jende iluminatuak. Lehenik jainkoaren graziak ukituta eta Iraultzarenak ondorenean, historiaren bilakaeran. Ilustrazioaren ondorengoak dira, Ingalaterra eta Alemaniarekin batera. Europako abangoardia. Horren ondorioz, “frantziarrek ez dute endelegatzen nola mundu osoko herritarrek —munduko citoyennes, alors— ez duten frantziar izan nahi”. Egiari zor, bigarren nahikaria, nahikeria bihurtu zaie XXI. mendean.
Frantziarrak nazionalistatzat ekarri, eta ezetz, “haiek ez direla nazionalistak” entzunen duzu istantean. Euren eleetan eta uste usteletan, nazionalistak dira, beren inperialismoak zanpatutako herri txikietako bizilagunek beren nortasuna aldarrikatzen dutenak: direla euskaldun, katalana, korsikar, bretainiar edo okzitandarrak. Frantziarrak aise ahazten dute, konparazionez, parlamentu nagusiari Assemblée nationale deritzotela.
Hara, esan dezadan, nire arroan, orain arte izkiriatutakoa ez dit Jean-Louis Davanten Frantzia eta nazioa saio bikainak iradoki, bai berretsi ordea. Gaurdaino irakurriak —eta batez ere bizi izandakoa— jaso ditut berriz ere liburu duin honetan, egoki apailatua. Zaila zait lau hitzetan liburu egoki honek dakarrena laburbiltzea. Frantziako lur emankorraz izkiriatu du zuberotarrak, egiari zor, Frantzia delakoa egitate aberatsa baita. Estatu-Nazioko gidariek —bereziki, ez haatik haiek bakarrik— Frantziako “muga naturalen mitoa” zabaltzen jakin baitute. Jakin zuten, baiki, batasuna erdiesten. Errazagoa da, naski, Estatuak lur emankorra eskura duenean. Historia aberatsa dute frantziar lurraldeek, eta aberatsek bereziki egin eta idazten dute historia.
Estatu-Nazioa: iraultzaileek erregeari burua moztu ziotela diosku Davantek, baina iraultzaile guztiak ez zetozela haren ondorenean bat, oroitarazi ere. Eiki, Iraultzan bazeuden ere girondinoak (Akitaniaz ere idatzi du J. L. Davantek) edo menditarrak, alabaina, jakobinistak nagusitu ziren. Euren gisakoen Estatu-Nazioa jalgi zen garaile. Dena den, dena ez da kritikagarria, Ürrüstoi-Larrebileko semeak ekarpenak aitortzen dizkio Iraultzari.
Eskola eta hizkuntza: edozein dela ere, eskola eta hizkuntza dira frantziar iraultzaren arrakastaren gakoa: L’ecole publique eta hizkuntza bakarra. Horiei guztiei, erantsi konkistak, kolonizazioak —gaur egun gaizki ikusiak direnak, gaurko europar inperioaren gainbeheraren eragile handietakoak batira kolonizazioak— eta hainbat gerlen eragina. Mort pour la patrie izan ziren haiek areago handia egin zuten nazioa. Ideologia eta mitologia.
Horra hor, nazioaren osagaiak. Frantziako nazioaren kasuan paregabe bildu eta deskribatu dizkigu Jean-Louis Davantek historialari-saiolariak.
2017-2018 ikasturtea hasita dago dagoeneko. Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaldunen arteko diferentzia ñimiño bat, unean unekoa: Ipar Euskal Herriko eskoletan oporretan daude dagoeneko, azaroaren 1eko bakantzak, ikasturteko lehenak. Baina, ez kexa, hegoaldekoek eskolan dihardute uneon. Honatx ene gomendioa: hegoaldeko ikasleen ikasgaietan sar dezaten liburu hau, otoi eta arren. Batetik, Frantziakoaz beste, Euskal Herriaren historiaren ikasiko baitute, baita halaber, eskoletatik kanpo geratu behar zen frantsesa hizkuntza lantzeko parada izanen baitute. Idazle zuberotarrak ederto dokumentatu du bere lana. Gazte eta ez hain gazteentzako saio egokia da. Frantziako nazioa ulertzeko ez ezik, Euskal Herria ulertzeko eta egiteko liburu duina.
Azkenik, Jean-Louis Davanten ele zenbait Frantziako Iraultzaz gogoeta egiten hasteko: Nazio errepublikarrak errege despotaren lekua hartu zuen 1789an, biztanleen arteko hitzarmen sozialez ernatu omen zen. 1792an, berriz, bakarra eta ezin zatitutzat jo zuten iraultzaileek. Hona galdera: Legez egia da. Historiaz ordea, gauzak hain bakun ote dira?
Biak maiuskulaz: Legea eta Historia.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi