« Doluaren sigi-sigak | Irainka ikasia »
Jenisjoplin / Uxue Alberdi / Susa, 2017
Soraiotasunerako tarterik ez Peru Iparragirre / Berria, 2017-10-15
Lau urte igaro dira Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) Euli-giro (Susa, 2013) ipuin liburua argitaratu zuenetik —azkar doa denbora—. Aurreko asteko asteartean aurkeztu zuen Jenisjoplin (Susa, 2017), bigarren nobela. Nagore Vargas narratzaile-protagonistaren bizitzako gorabeherek gidatzen dute kontakizuna. Ez da errealitatea modu objektiboan kontatzeko saiakera bat. Vargasen begiradatik eta esperientziatik jasotzen dugu munduaren berri eta berak egiten du beste istorio eta esperientzia batzuetarako zubi lana. Alberdik era horretan gure historia hurbileko problematika batzuk modu sinesgarrian lantzen asmatu duelakoan nago (2014. urtera arte luzatzen da nobelaren denbora-lerroa).
Alberdik horretarako sortu duen pertsonaia nagusia konplexua eta, istorioa bezala, ertz anitzekoa da. Bigarren eta hirugarren mailako pertsonaiekin dituen harremanetan, ekintzetan eta gogoetetan nabarmena da Vargasen identitatearen bilakaera nobelaren momentu ezberdinetan. Liburuaren hiru ataletan zehar 2010. urteko uda amaieratik 2014ko uda hasiera arteko denboraldiari dagokion narrazio nagusiarekin tartekatzen diren oroitzapen edo anekdotek konplexutasun hori ulertzeko balio duen atze-oihal moduko bat ematen diote irakurleari, nobelari bolumena eta sakontasuna ematen diotenak. Era berean laguntzen dute kontakizuna denbora eta espazio konkretuetan kokatzen dituzten elementuek: leku-izenak, erreferentzia kulturalak, gertakari historikoak…
Istorioa sakona izanagatik ere, Alberdik darabilen kontaera bizia da. Horren alde egiten duen faktoreetako bat da elkarrizketen eta ekintzen ugaritasuna, gogoetarako tartea badagoen arren akzioak, gorputzek eta ahotsek berebiziko garrantzia baitute nobela honetan. Deigarria egin zait, ohitura falta izango da, testuari oso ondo lotzen zaizkion elkarrizketak hitanoz emanak direla gehienbat. Orokorrean hizkera soil eta batere behartu gabean idatzia dago Jenisjoplin, Vargasen jario gordinak hala eskatuko balu bezala. Testua hain da gardena batzuetan non istorioari leku uzteko bere presentzia kasik txikitu ere egiten baita, edo hala iruditu zait, behintzat.
Liburuaren aurkezpenean esan zuen Alberdik Euskal Herriko gatazka politikoari lotuta “bizipen eta kontraesan pertsonalak eta belaunaldikoenak” arakatzen saiatu dela. Arakatze horretan askotarikoak dira pertsonaien bidez lantzen dituen auziak. Pisu handia dute, hasieran aipatu problematiken artean, gaixotasunaren inguruko gogoetek, zaurgarritasunaren kontzientziak, borrokek, zaintzak, plazerak eta, indarkeriak, besteak beste.
Vargasek transmititzen duen egonezina da nagusi liburuan zehar, pasarte ustez lasaietan ere, azken orrietan izan ezik. Pertsonaiarekin batera eraldatzen doan egonezina da, hala ere, ustekabean jarrera irmo eta ustez ziurtasunez betetako batetik jarrera zalantzatiago bat hartzera behartua ikusten baitu bere burua Vargasek. Ziurtzat jotzen ditugun gauza asko zalantzan jarri behar ditugula gogorarazten digu nobela honek, gure izaeraren beraren oinarri direnak ere.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi