kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama / Alaine Agirre / Elkar, 2017

Nitaz Ibon Egaña / Deia, 2017-05-27

Badira iruzkintzeko errazak ez diren liburuak, eta Alaine Agirreren hirugarren nobela, Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama da horietako bat. Iruzkingileak liburua zein parametrotan irakurri ez dakielako batetik (nobela gisa, autobiografía bezala edo terapia moduan idatzitako testu gisa irakurri behar den, esaterako), bestetik, bere gaixotasun psikiatrikoaz diharduen narratzailearen eta egilearen arteko distantziarik ezartzen ez denez zail geratzen delako liburua fikziozko lan bat irakurtzen den hoztasunetik irakurtzea; eta, hirugarrenik, iruzkingile honen kasuan bederen, irakurketak sortutako inpresioak ere oso aldakorrak izan direlako, hunkiduratik haserrera, irribarretik durduzara. Egina dago, beraz, aldez aurretik abisua. Ni neu heldulekurik gabe ibili naiz maiz testu honen irakurketan, zer pentsatu asmatu ezinik.

Hasiera oso indartsua du nobelak. Izenburuak iradoki bezala, A. narratzaileak bere amarekiko harremanaz dihardu lehen kapituluetan, erditze ostean amak izandako depresioaren kontaketatik hasita. Amaren biografiaren zertzeladak jasotzen dira ondoren, eta baita hark bere amarekin izandako harremanaz edo narratzaileak balizko bere amatasunaz egindako hausnarketak ere. Bigarren pertsona eta hirugarrena tartekatzen ditu narratzaileak amaz diharduenean, hari zuzenduz eta omen eginaz, eta hurbiltasuna eta distantzia ederki neurtuz. Ama-alaben arteko harremanari buruzko ataletan topatu ditut pasarte gogoangarrienak eta obsesioen narrazio zorrotzenak. Liburuak aurrera egin ahala, pertsonaiak ugalduz doaz eta kontakizuna aniztuz: A.-ren ahizpa, aita eta aiton-amonei eskainitakoak dira pasarte zenbait. Bide horretan, pertsonaien mosaiko aberatsagoa sortu arren, galdu egiten da, nire ustez, hasierako intentsitatea. Koraltasun horren erdigunea osorik betetzen du gero eta gehiago narratzailearen ni-ak, A.-ren gaixotasunak presentzia irabazi ahala.

Ni-ak hartzen duen zentraltasun horrekin sortu zaizkit bizien liburuaren inguruko zalantzak. Narratzaileak beste pertsonaien alderdi makur eta ahulenak erakutsi eta epaitzeko erreparorik ez duen aldi berean (pertsonaiak “barkatuz”, esaterako), bere buruarekiko ez du halako zorroztasunik erakusten, ezta distantzia edo ironiarik ezartzen ere. Era berean, pertsonaien arteko harremanen aldaketak eta garapenak zer-nola gertatzen diren ere ez da xehatzen, eta gatazka gehienak “maite zaitut” batzuetan bat-batekoekin itxitzat ematen dira. Finean, dena gainezkatzen duen ni nartzisista baten ahotsak estaltzen ditu pertsonaien ahotsak (amarena, bereziki) eta gatazkak. Autofikziozko narrazio batzuetan ez bezala, bestalde, fikzioaren eta errealitatearen inguruko gogoetarik ere ez dago liburuan, eta akaso horrek lagunduko zukeen ni-aren gehiegikeria ezbaian jartzen.

Eta hala ere arrapaladan irakurri ditut nobela osatzen duten 100 txatal laburrak, Agirrek badakielako idazten, kontakizunari erritmo bizia ematen, eszena eta egoera bortitzak sortzen, irakurlea deseroso sentiarazten, edo estilo kolokiala eta poetikoa konbinatzen. Aldika perbertsoa iruditu zait liburuaren planteamendua, amaierara arte harrapatuta zauzkan joko perbertsoa.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak