kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Poesia kaiera / Adrienne Rich (Maialen Berasategi) / Susa, 2017

Bozgorailu feminista Aitor Castro / Gara, 2017-04-22

Duela hilabete eskas bost urte bete dira Adrienne Rich zendu zela. Susak bere kaierean sartu nahi izan du eta, horrela, apur bat gehiago ezagutu ahal izango dugu poeta ere izan zen emakume hau. Emakume borrokalaria izan zela esan daiteke ororen gainetik, egun oraindik gizartearen eszenatokian gauzatzen diren gudetan murgilduta egon baitzen. Gaur egun garaipen xumeak lortzen dira oraindik emakumeen eskubidearen aldeko lehian, berdintasunaren aldeko borrokan. Bada, Rich porrota ziurtatua zegoen garaian hasi zen eskubide horiek defendatu nahirik, bidea egiten; lesbiana izatearen lotsarik gabe bozgorailua hartu eta emakumearen askapena aldarrikatu zuen lau haizeetara.

Bere poesian ere, noski, islatu zuen borroka hori, zenbaitetan emakumeen arteko sexualitatea azpimarratuz, liburu honetako “Nire burua zure bularretan barna” alean irakur daitekeen moduan: “… Zure hatzak/ zehatz nire mihia zehatz une berean/ txantxa bati barrezka geldituz/ nire amodioa zure urrinean bero, neguaren gailurrean”. Beste batzuetan, badirudi, begirada maltzur iradokigarriaz begiratzen diola irakurleari eta Rich bera irudika dezakegu begiekin keinu egingo baligu bezala honakoa esan eta gero: “Umeak eta beste emakume batzuk/ baino ez ditut maitatu benetan./ Gainerakoa haragikeria zen, errukia,/ autogorrotoa, errukia, haragikeria./ Emakume baten aitorpena da hori./ Orain begiratu berriz aurpegira/ Botticelliren Venusi, Kaliri,/ Judith Chartresekoaren/ irribarre ustezko horri”. Amorruaren fenomenologian ikusiko dugu hori, bederatzigarren arrazoian. Amorrua izendatu zuen Richek, izan ere, Beñat Sarasolak hitzaurrean aipatu bezala, amorruz ikusten zuen gizonak zuen ahala, eta ondorioz, emakumeak sentitzen (jasaten) zuen mendekotasuna. Beharbada ale bereko seigarren arrazoian dirdiratsuago ageri da: “Amesten dudanean topo egin dudala/ etsaiarekin, hau da nire ametsa:/ azetinelo zuria/ uhinka nire gorputzetik/ erraz-erraz askatua/ ezin hobeto bideratua/ egiazko etsaiarengana/ haren gorputza garbatuz existentziaren/ haritan/ haren gezurra kiskaliz/ mundu berri batean/ gera dadin; gizon bat/ aldatua”. Baina feminismorako bidea markatu zuen poema “Errain baten argazkiak” da. Bertan aldarrika ikus dezakegu Rich, haserre, suminduta, zazpigarren arrazoia azpimarratuko nuke: “Mundu ziurgabe honetan lekuren bat edukitzea/ inork suntsitu ezin duena: hori/ guztiz da garrantzitsua./ Hala idatzi zuen/ emakume erdi ausart eta erdi on hark/ erdi ulertzen zuen hura borrokatu zuenak./ Inguruko gizon gutxik egin nahi edo ahal zuen gehiago,/ eta horregatik deitu zioten harpia, sorgin zahar eta puta”. Bederatzigarren arrazoian bozgorailua hartu eta herriko plazan ikusten dugu Rich: “Hasperen gehiagorik ez, andreok./ Denbora gizonezkoa da/ eta ederren alde topa egiten du bere kopaz…”. Bestelakoan, bilduma hau bere poesiaren isla dela esan dezakegu, poesia zuzena, bizkorra, narratiboa, izan ere, bere asmoa gogoeta egitea da, aldarrika aritzea, iradokitzea, narratzea, kontatzea. Ez du luzimendurik bilatzen estilismoan, hitz-jokoetan. Poesia arma da beretzat, guda-zelai horretan lehiatzeko arma, eta poeta da trebetasun handiz erabiltzen duelako arma hori.

Azkenik, Maialen Berasategiren gaitasuna azpimarratu nahiko nuke. Behin jaso nuen agenda batean “atzean itzultzailea dago” leloa irakurri nuen, eta nekez ikusten da hemen itzultzaile hori; paradoxikoki, hori da itzultzailearentzat seinalerik onena, bere arrastorik ez sumatzea. Kasu honetan lortu du oharkabean igarotzea, baina horrek ez du esanahi bere lana nabarmendu behar ez denik, are gehiago poesian, itzultzen aski neketsu eta zaila den generoan. Bejondeiola.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak