kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Hizkuntza, Nazioa, Estatua / Joxe Azurmendi / Elkar, 2017

Nazioa kontu naturala da eta euskaldunok naturaltasuna galdu dugu Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-03-24

Hizkuntza, Nazioa, Estatua saioak iradoki dizkidanak azaldu aitzin, liburuaren tamainaz eta azalari buruzko azaleko pare bat inpresio paratuko ditut. Tamainaren aipamena hutsala izan daiteke, azalarena ez hainbeste.

Joxe Azurmendiren saio hau ez ohikoa da, tamainaz ari naiz. Bere “ideologia”-ren jarraitzaileek —jardun politikoan ari diren abertzaleek— biziki goraipatua izan da saiogilea, zeruan eta jainkoaren pare jartzeraino, alta bada, oso gutxi irakurria —izan— da, ene uste zuloan. Arrazoiak, besteak beste, saioa generoa ez delako “modan edo bogan” nonbait, eta Azurmendirenak ez dira egungo jendarteak hartu duen abailan “eramateko” tamainakoak. Funtsean, ene uste zuloan, saioak ez dakar saiogilearen pentsamendu berririk. Hori ez da gutxiesgarria. Aitzitik, Xabier Mendiguren editoreak poltsikorako saioa ondu du oraingoan. Beraz, biok ala bioi, eskerrik asko.

Azala: hauxe bai dela “kritikagarria”. Bilboko karriketan joan deneko hamarkadetan ohiko bihurtu den manifestazioa islatzen du azaleko argazkiak. Azken bost urtetan, urtarrilean, azken 40 urteko gatazkaren ondorio gaitzek ekarri duten herri honen egoeraren isla da, presoen eskubideen aldeko urteroko argazkia. Azala ez zait egokia iruditzen hizkuntza, nazioa eta estatua hizpide dituen saio bat irudikatzeko. Ez da lagungarria, ezta saltzeko ere. Nork bere aburua.

Herodoto historialari greziarrekin abian da saioa (480/479an K. a.). Persiarrak erasoan, greziarrak euren hirien defentsan ari dira. Nazio klasikoaren funtsa aztertzen du saiogileak. Komunitate linguistikoa eta Komunitate naturala. Greziako eredua hizpide: estatua eraikin artifiziala da. Nazioa berriz naturala. Nazioa beti plurala da eta bilakaeran dago. Modu askotan adierazten da, baina bata da, bakarra. Espainia eta Frantziako estatuen adibidea egokia da hori ulertzeko, euskaldunontzat bereziki. Alabaina, “euskal nazioa izan zen, zentzu klasikoan, gaur egun erdi hautsia dago”. Lerro gutxitan, ikasbide ona Joxe Azurmendirena.

Horiek historia dira. Orain kontua da nola pentsatu euskal nazioa. Hori ez da betekizun samurra, Azurmendik dioenez: euskara dela, arraza dela, independentzia dela… Gure Erresumaren eta Nazioaren historiak dialogo ezinezkoak sorrarazi ditu. Hona egilearen ondorioetako bat: Nazioa ez da komunitate politikoa. Nazioak historikoak eta kulturalak dira. Ondorioa eta ikaspena, gaitza: “Ez gara izan ginena eta ezer berririk izatera ez gara heldu”. Naturala eta kulturala ez dira kontrajarriak, haatik.

Galdera erretoriko eta errepikaria heldu da: “Zerk egiten gaitu euskaldun?”. Atal hau da berria. Pentsalari berriak heldu baitira iragan berrian ia hutsik egon den plazara. Jule Goikoetxea, berbarako: “Subalternitateak egiten gaitu euskaldun”, dio honek. Azurmendi ez dator bat. Edozein dela subalternitatea ere. Goikoetxeak, Euskal Estatu feminista izan ezean, ez dela Estaturik izango esan ohi du. Beste pentsalari berriek ere —Imanol Galfarsoro, Unai Apaolaza, Joseba Gabilondo…— beste subalternitate batzuk tarteko, euskal nazioa berregiteko orduan ez diote lehentasuna euskarari, edo zalantzan jarri dute behintzat. Munduan eta Euskal Herrian ere subalternalitate berriak sortu dira joan deneko mendean, baita euren inguruan nazioa bestela pentsatzean dutenak. Badago gehiago: “Estatua berdea edo ekologista ez bada, ez da Euskal Estaturik izango”. Ez da kontu berria, iragan berrian ere, “Sozialista ez bada, ez da Euskal Estaturik izango” esan da. Hori da, izan da edo izan zen, ETA fenomeno politiko sozialaren aurrekaria edo premisa, ezta?

Kaskanteko euskal herritarraz dihardu Joxe Azurmendik segidan. Nekez ikusten du Kaskanten halakorik. Identitateaz ari da. Euskal nazioaren etorkizunaz bere aburuak eta ekarpenak ekarri ditu azkenik Azurmendik. Luzetsi naizenez, gogoeta “xumea” paratuko dut amaitzeko:

Nazioa berez politikoa izan ez arren. Arazoa politikoa da. Noski. Zer bestela? Nazioa Naturala da. Kaskanten Euskal Nazioa ez da —izan— Naturala. Bilbon bai, nonbait. Alabaina, ene itauna: egun Bilbokoa euskal herritarra al da eta Kaskantekoa ez? Bilbokoa, adibidea da. Bilbo Handiaz ari naiz. Arazoa tamainakoa da gero. Ez da euskaldunok galdu dugu/genuen hiri bakarra. Aro modernoan, orduan nonbait galdu ere hiriak.

Aro garaikidean, gure historiako nazio naturala, definitua, jeltzaleena izan zen: EAJren “Jainkoa eta Lege zaharra” lemapean. Jainko hura hil zen. Legea izan bazen, egun ez da gurea, ez abertzaleena behinik behin. Egungo legeak ez digu euskaldunoi herritar libre izaten uzten. Haren ondoren, geurezko legea ezartzeko ETA jaio zen. Euskadi ta Askatasuna. Lehenik (Euskadi) Estatua eta ondoren Askatasuna.

“Ez gara Estatuaren mirabeak, Estatuak izan behar du gure zerbitzari”, dio Azurmendik. EAJ estatu arrotzen mirabea (bilakatu) da. ETA, berriz, balizko eta “beharrezkoa dugun” Euskal Estatuaren bilakabidean, askatasunaren urratzailea bilakatu zen edo da. Ezker abertzalea da haren ondorengoa, eta liburuaren azalean irudikatzen dena behin-behineko ondorioa.

“Estatua ez da maita dezakegun ezer, baina ‘behar’ dugu”, dio Azurmendik. Sinplista da erranen dudana, funtsean, ez bainaiz pentsalari ez saiogile. ETA fenomenoaren 60 urteren ondoren, “herri honen gehiengoak” ez badu estatu independente euskalduna izan nahi duen argitu, egileak berak dioenez, “Menturaz, Euskal Herriak ez du salbaziorik”.

Salbazioarena biblikoa begitantzen zait. Estatua behar dugu euskaldunok. Hara, bada hori ere, ene begietara, Jainkoa da edo haren ondorengoa. Agian, pentsalari berriek jendartearen, euskal herritarron eta euskaldunon askatasunari buruzko saioak idatziko dituzte. Neronek, bestela, nekez ikusten dut Frantziaren eta Espainiaren artean “deus berririk” ekarriko duen estatu berririk sortu ondoren. Alegia, haiek ukatu digutena ukatuko ez duen bestelako estaturik. Hots, askatasunaren bidean garatuko den estatua. .

Euskaldunok subjektu sakabanatuak gara. “Nola osatu helburu nazionaleko subjektu politiko bat? Nola bihurtu jendarte zibila eragile politiko?” Eta abar eta abar. Egilearen galderak dira. Ez dira gutxi, ez erantzuteko errazak. “Arazoa hor dago. Eta hor tamalez, Heterodok ez digu ezer laguntzen”, diosku Azurmendik.

Azkenik, ene pentsakizuna, sinplista edo “boutadea“: Agian berandu da, baina aski da erresistentziaz, aski kontra-jazarkundeaz. Nazioa kontu naturala bada, euskaldunok naturaltasuna historiaren bilakabidean galdu dugu. Beraz, egin dezagun herria edo nazioa, modu naturalean, inolako eta inongo estaturen beharrik ez bagenu legez pentsatuz.

Kontrakoa irudi badezake ere, Joxe Azurmendiri nire eskerrik amultsuenak pentsatzen laguntzeagatik.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak