kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Biharko oroitzapenak / Mayi Pelot / Maiatz, 1985

Etorkizunaren argi-ilunak Amaia Alvarez Uria / Argia, 2016-11-27

Mayi Pelot urriaren 6an hil zen eta kritika honekin omenaldi xume bat egin nahi diot. Zientzia fikzioa landu zuen ezagutzen dizkiogun bi lanetan, ohikoa ez zena bere garaian: Xabier Mendigurenek egin zion kritikan dioenez “azpimarratzekoa da, itxura denez Mayi Pelot dugula zientzia fikzioa lantzen duen euskal idazle bakarra”.

Itxaro Bordak eta Josu Landak 1986an Susa aldizkarirako egin zioten elkarrizketan ipuin hauek idazteko erabili zituen iturriak aitortu zituen: Bradburyren ametsen erabilera eta mundu berriak asmatzea, Asimoven unibertso eta zibilizazioen sormena eta egiak esatea, Farmer-en izakien sormena eta sexu, arima eta erlijio gaiei buruz hitz egiteko ausardia, P. Dick-en ero eta umoretsu jokatzeko aukera, edo M. Demuth-en hitzak sortzeko eta erotismoa tratatzeko modua. Hala ere, errealitatetik eta mitologiatik ere edango du, eta gertaera sozio-politiko-ekonomikoak kontuan izango ditu eta zientzia fikzioak kritika soziala egiteko ematen duen aukera aprobetxatuko du.

Egiturari dagokionez sei ipuin hauek hiru multzotan banatu daitezke: Miren, Boga Boga, Feed Back eta Telelaberintoa istorio beraren alderdi desberdinak dira. Bertan, 2050. urtean III. Mundu Gerraren osteko mundua marraztuko digu. Sei herrialdetan banatuta dago Lurra eta tentsio geopolitikoak daude haien artean. Egileak testua idatzi zuenean Ayatolah Jomeiniren botere-hartzea eta gerra nuklearraren beldurra ziren kezka nagusietako bi. Gaurkotasunik ez dute galdu gaiok M. Houellebeq-en Sumisioa lanaren argitalpen polemikoa edo Ipar Koreak aurten egin dituen proba nuklearrak gogoan hartzen baditugu.

Plist Plasten ordea, 3520. urtean kokatzen gaitu bitan banatuta dagoen planeta bat asmatuz eta protagonista iheslariaren atzetik doan gizon burusoil eta robot hiltzaileekin. Harremana ipuinean aldiz, mitologia nordikoetatik eta Wagnerren Siegfried operatik Wotan eta Erda hartu eta alegia bat sortzen du bizitza, heriotza, gerra, bakea, maitasuna eta sexua erdigunean jarrita.

Ikuspegi askotatik begira dakioke lan honi, ekologistatik lurraren hondamendiarekin; feministatik zenbait emakumeren arteko sareen bidez, klasea eta nazioarekin lotutakoak jende-taldeen arteko borroka aztertzen badugu. Mikel Antzak egin zion kritikan topa daiteke “ez dela errealitatetik ihes egiteko” genero literarioa eta liburua, gogoeta egiteko gonbidapena baizik.

Gatazka eta heriotza oso presente egon arren, itxaropenerako atea zabaldu nahi du Pelotek, etorkizunean, belaunaldi berriek, hobeto egiten jakingo dutelako memoria gordez eta mundu berri bat eraikiz.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak