kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Ispilu biluziak / Edu Zelaieta / Pamiela, 2016

Aurki guztiak du bere binperra Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-11-25

Ispilu biluziak da Edu Zelaieta Anta idazlearen azken lana, poesia liburua. Poesia narratua da gehienbat, kantatzeko poemaren bat edo beste tarteko. Hiru subjektu islatzen dituzte ispiluok: Zu, Hura eta Ni. Alta bada, hiru horietan Gu guztion isla ageri da edo ager daiteke.

Ez dago ispilua baino izakari biluziagorik. Haatik, poeta honek eskaintzen dizkigun ispiluek, azala ez ezik (g)izakiaren baitakoa islatzea dute xede. Ispiluotan ez dira ageri soilik zu, hura eta ni izakiak, Gu, alegia. Ispiluok bereziki Hiriko gizakiok islatzen gaituzte.

Ispiluok edota poemok, bizipen multiplikatuen zati eta isla dira. Handi-handika, poema hauek Gasteiz hirian dute isla, zati-zatika berriz: Salburua edo Txagorritxu auzuneak, Urbina edota Otazu herrixketako soroak. Hiria baina, gune eta une unibertsalen miraila da. Bertan ager daitezke Olaberria auzoa, Dublin, Melilla edota Santiago. Santiago, hiria(k), bidea, zubia, unibertsitatea edota ospitalea izaki. Santiago gizakia edo pertsona ere izan daiteke.

Poema hauetan islatutako zu, hura eta ni, hots, gu horiek guztiek badute berezko izena. Izenak badu izana. Izen propiorik ezean, izen komuna dute: aita. Aita da ispilu puska zatitu hauen gizaki nagusia. Eduren aita edota Eduren beraren seme-alaben aita.

Poema mirail hauek, heriok Eduren aita eraman osteko emozioak islatzen dituzte. Alabaina —poemok islatzen digutenez— gizakiok ez gara ezeren mirail. Ez gara deusen eredu, alegia. Eta, hala ere, aita bilakatzen garenean, Edu Zelaieta Antaren kasuan legez, aitaren eredua bilatzen dugu ispiluan.

Aita ez da soilik ispiluon irudia, ordea, poema hauen miraila alegia. Ispiluotan ageri da ama. Ageri da bikotea. Lankidea. Balizko maitalea. Balizko laguna eta nahizko adiskidea. Ispilua baina, izakari biluzia da. Gardentasuna da ispiluaren dohain nagusia.

Poeta guztiek legez, Edu Zelaieta Anta poetak gardentasuna xerkatzen du. Poetaren hitzak baina, ispilu zati hautsiak dira. Poemak mila pusketan multiplikatutako hitzen isla dira, egia —hots, errealitatea— islatzea xede dute. Egiak baina begi eta hegi zorrotzak ditu, ispilu zatiek hegiak nola hitzek mugak dituzte. Alta, Edu Zelaieta Anta mugaldeko poeta da, Mugaldekoak musika taldeko kidea, Begiak lekuko!

Ispiluok nola gizakiok badugu geure aurkia. Aurki guztiak badu bere binperra. Binperra edo ifrentzua. Ispilua edo miraila. Irakurle lagun horrek so egin ezazu, soizu mirail hauetan, zure bisaia ez ezik zure baitakoa aurki dezakezu. Zu, hura eta ni, horiek guztiak gu guztiok izaki.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak