kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Antzararen bidea / Jokin Muñoz / Alberdania, 2007

Memoriaren bidegurutzean Amaia Serrano Mariezkurrena / Argia, 2016-10-16

80 urte igaro dira 1936ko Gerrak eztanda egin zuenetik, eta iragan hori oraindik ate-joka dugu. Euskal komunikabideetan gerra galdu zutenen oroitzapenak biltzen ari diren bezala, errepresioaren arduradunen goraipamenak ezabatzen dihardute Nafarroako kaleetan. Historia berridazten, birsortzen eta moldatzen ari gara etengabe.

2016ko Donostiako Zinemaldiak ere egin dio keinu memoriari (ala ahanzturari, nola begiratzen den), errealitatea iraganean bizi duen emakume errenteriarraren istorioarekin. Ni ez naiz hemengoa dio Josebek bertan, Joseba Sarrionandiak zioen bezalatsu. Ildo horretan, gomuta-lekutzat har dezakegu Antzararen bidea. Eleberriak ia hamarkada bete badu ere, gaia nahiz garaia oso gertukoak ditugu euskaldunok, eta bertako pertsonaiek bizi-bizirik diraute.

1936ko nafar Erribera eta 2003ko Donostia. Bi une historiko horietan pentsamendu eta jokabide ezberdinetako pertsonaiak biltzen ditu Jokin Muñozek, nahiz eta polifonia horretan bi bakarlari nagusitzen diren: batetik, gerra hasi berritan Donostiara ihes egin behar duen agurea (Jesus) eta, bestetik, semea bonba bat manipulatzen ari zela hil zaion emakume gaztea (Lisa). Ezinezkoa dirudien ispiluaren alde banatan dago bakoitza, kezka existentzial berberen aurkia eta ifrentzua direla konturatzera eramaten dituen arte. Ahots askoren artean bi horiek nabarmentzen dira, baina beste pertsonaia batzuen etengabeko zurrumurruak ere zeharkatzen ditu istorioak. Lehenaldiko oihartzunak dakartzan marmar horretan topatzen ditugu, esaterako, bi emakume oso ezberdin: Paula eta Candi. Eguna eta gaua, baina bi-biak zapalkuntza berak berdindurik, gerrako genero-indarkeriak markaturik. Bata, eraila; bestea, iragan hartan harrapatua.

Jokin Muñozek, ohikoa duen gisan, euskaldunon minez dihardu, gure gizartearen arrakaletan arakatuz kritiko agertzen da, dela 36ko Gerrari buruzko diskurtsoan jazarriak izan diren taldeen ahotsak gerturatuz, dela gatazkaren inguruko irakurketa-proposamenean ezker abertzaleen jarrera batzuk salatuz.

Hori guztia hizkuntza literario landu eta onduan eskaintzen digu idazleak: Erriberako paisaien deskribapen ederrak, narratzailearen ironia fina, askotariko ispilu-jokoak, intrigari eusten dion erritmoa, pertsonaia batzuen umorea… Hala, zilegi den memoriaren eta ez denaren arteko tentsioa azaleratuz, hamaika galdera eta berrirakurketa gorpuzten ditu Antzararen bidea eleberrian, denborari iskin egiteko eta haren joanaz hausnartzeko aitzakia bilakatzen dela.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak