kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Eta harkadian ni / Anjel Erro / Elkar, 2002

Eta ironia lur Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2003-01-12

Gertatu behar zuen gurean ere, molde klasikoetara itzultzea —eta molde klasikoak aipatzen ditudanean uler bedi latinoen molde klasikoak, Horazio, Martzial eta Katulorenak—, alboko literaturetan idazle askok, eta ez denak onak, egin duten bezala, asperturik, seguru asko, poesia moderno, poesia berri usaintsu eta kirri-kirriak hartu duen bideaz; edo-eta, errealitateari —barka, egiari— zintzo izatekotan, ez-poesiak hartu duen bideaz; edo-eta poesiak hartu ez duen bideaz, edo hartu duen ez-bideaz, dena esatea zilegi bazait bederen, mundua gertatzen den oro baita, Horaziok ez, baina Wittgensteinek esana, baita hitzetan ezin dena, isiltzea hobe. Hortik norbaitek poesiaren definizioa atera zuen, hitzetan ezin dena, hitzetan nahi izana, jakin gabe ez zela poesiaz ari, baizik eta poesiaz haratago dagoen zerbaitez, erlijioaz noski.

Anjel Erroren geziek halako esaldiak, halako egiak jo eta zilipurdika uzten ditu. Eta gustagarri zait hori, aitortu behar baitut txorakeria asko esaten dela poesiaren izenean, baina are gehiago idazten da prosaz, —barka, hitz lauz—.

Gaur egun poesia satirikoaren molde klasikoetara jotzen bada, ez da molde klasikoen edertasuna, edo edertasun-nahia, agerian uzteko, latinzale askok egiten duten moduan, bertso ezinago astun eta anpulosoak idatziz, baizik eta lerro klasikoek, antza, ironia errazago zabaltzen dutelako, haizeak hostoak hiriko plaza nagusian bezala. Anjel Erroren poesia ironikoa baita inondik inora, lehen burutik azken bururainoko ironia etengabe, ironia mikatz dotorea, ironiak behar duen bezala; izan ere, ez baita ironia zakarrik; horrek beste izena du, eta ez naiz ni izango aipatuko duena. Molde zaharretako poesia da Anjel Errorena, ongi antolatua eta ongi sartua (molde zaharretan), nola ardo berria zahagi zaharretan, edatekotan biak (ardoa nola zahagi) zahar urtetsuagoak izan daitezen. Garaiari lotua, garaiko literatur munduak demaion aitzakiaz baliatzen dena. Salbu eta: “Nik, hainbat Borges leitu ditudanak, inoiz ez dut leitu nik idatzi gabeko poema hau aipatzen omen zuen hura”. Beste meriturik ez balu ere (eta nire iritziz poema meritoso asko dago), liburua merezi duelakoan nago.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak