kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Txistu eta biok / Juan Luis Zabala / Algaida, 2016

Desliluraz Ibon Egaña / Deia, 2016-06-25

Autofikzioak geratzeko etorria dirudi euskal narratibara. Genero horren ezaugarriak banan bana egiten ditu bere Juan Luis Zabalak Irun Hiriko Kutxa Saria irabazi ostean argitaratu duen Txistu eta biok liburuak: idazlearen oso antzeko biografia duen narratzaile-pertsonaia-idazlea, gertaera errealak eta fikziozkoak nahastea, irakurlea liburuan presente egitea eta sinesgarritasun-hitzarmenaren joskurak esplizitu egitea, edo gogoeta narrazioari gailentzea. Urteetan Berria egunkariko kultura saileko erredaktore buru izandakoa da Txistu eta biok-eko narratzaile eta protagonista izengabea, Zabala bera bezala, baina zeregin horretaz akituta, kirol saileko kazetari izan nahiko lukeena. Txistu txakurrarekin egiten dituen paseoak eta bigarren mailako pertsonaiekin dituen enkontruak aitzakia narratiboak dira egileak plazaratu nahi dituen gogoetei lekua egiteko (hizkuntzaz, sexuaz, gatazka politikoaz). Badira, nolanahi ere, bi gai liburuaren giltzarri ez ezik egilearen kezka-iturri ere badirenak: kulturarekiko deslilura eta pare-parean dugun injustiziak sortutako ezinegona.

Gaztetan kulturaren gaitasun emantzipatzailean sinetsi zuen kazetaria eszeptizismoak hartutako adin ertaineko gizona da orain, bizimodu eroso xamarra eta estandarra duena eta talaia horretatik plazaratzen ditu hainbat gogoeta interesgarri, besteak beste, kulturaren espektakularizazio eta hutsaltzeaz, arte garaikidea maiz adibide hartuta. Kirola du, ordea, kulturaren aurrez aurre narratzaileak, oraindik ere emozioak eta intentsitatea transmititzeko gai den ikuskizuna, banaketa nahikoa manikeo eta batzuetan sinpleegi bati jarraiki (kultura vs kirola). Gogoetok 82 atal laburretan banatuta bildu ditu Zabalak eta arratsalde batean irakurtzeko moduko liburu bizi-bizia da Txistu eta biok. Badu zerikusirik horretan, ziurrenik, idazlearen eta pertsonaiaren kazetari-lumak, arintasunaren mesede jokatzen baitu, nahiz eta batzuetan horrexegatik lau antzekoa egiten den, gogoetak, laburraren laburrez, batzuetan arin, arinegi, begitantzen diren hein berean.

Liburuaren beste kezka-iturri nagusiak (“ondo-ondoan dugun beste mundu horren” aurrean dugun jarrerak) fikziozko narrazioaren forma hartzen du nobelan. Gizon errumaniar baten gorpua aurkituko du narratzaileak paseoan dabilela eta hortik aurrera eleberri polizialetako elementu topikoak agertuko dira apurka: dei anonimoak, bordelak eta mehatxuak, kontakizunari jakin-mina erantsiz. Agerikoa dirudi parodiarako asmoak atal horietan eta hala irakurri ditut nik neuk, baina liburua irakurri ahala, zalantza horrek hartu nau behin baino gehiagotan: non hasi eta non bukatzen da parodia? Zer irakurri behar da ironiaren distantziarik gabe eta zer betaurreko horiek jantzita? Autofikzioaren parodia egin nahi izan du egileak, ala autofikzio lan bat? Akaso egileak irakurleoi zalantza horixe piztu nahi izan digu, baina nik neuk faltan hartu dut tarteka heldulekuren bat.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak